Asier Aiestaran
Kazetaria
Elkarrizketa
Aitzol Gil de San Vicente, Gartzen Garaio eta Nora Salbotx
Euskararen aldeko militanteak arlo ezberdinetan

Euskararen inguruko gogoetak: hiru begirada eguneroko esperientziatik

Euskara izan zen duela hogei urte GAUR8ren apustua, eta hizkuntza izan da beti proiektuaren ardatzetako bat. Horixe, beraz, hausnarketarako hirugarren gaia.

Ezkerretik eskuinera: Aitzol Gil de San Vicente, Gartzen Garaio eta Nora Salbotx.
Ezkerretik eskuinera: Aitzol Gil de San Vicente, Gartzen Garaio eta Nora Salbotx. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Azkenaldian, euskararen inguruko ikerketa soziolinguistiko nahiko kezkagarriak argitaratu dira, eta gure hizkuntza nahi baino gehiagotan ikusi dugu alderdien arteko ika-miken erdigunean. Egoeraren analisi bat egitera gonbidatu ditugu arlo desberdinetan euskararen aldeko lanean murgilduta dabiltzan hiru pertsona: Nora Salbotx, irakasle eta hezkuntzan aditua; Aitzol Gil de San Vicente, medikuntzako ikasle eta gazte mugimenduan ibilitakoa; eta Gartzen Garaio, Aiaraldeko hainbat euskalgintza proiektutan dabilen militantea.

Nora, hezkuntzaren utopia bat egin duzu «Hezitopia» liburuan. Zer leku du euskarak utopia horretan?

NORA SALBOTX: Euskal Errepublika batean eta 37. Korrikaren urtean hasten den fikzio horretan, Euskal Herria euskalduna da. Beraz, galdera litzateke zer egin dugun tartean euskaldunok horretara ailegatzeko. Euskal Herria euskalduna da, baina ez du erran nahi hizkuntza aniztasunik ez dagoenik. Eta gainera, euskalduna da zentzu sakonean. Ez da bakarrik eskolan komunikazio hizkuntza dela, baizik eta bertako pertsonak euskaldunak direla. Hezi dira euskararen bitartez, baina euskaldun ere bai. Eta uste dut badagoela desberdintasun koxkor bat.

Baina, batez ere, Hezitopian, konplexurik gabe, alegia, aleman batek alemanez irakatsiko lukeen bezala, ari dira euskaldun horiek. Eta hor dago desberdintasuna gaur egun Euskal Herrian ikusten dugunarekin. Ez dute inolako beharrik lingua franca handi hegemoniko horietako baten zubitik pasarazteko euskara. Horretarako hizkuntzen trataera bateratua egiten dute. Ohartzen dira hizkuntza aniztasun hori aberasgarria izan dakiokeela euskararen hazkuntzari ere. Guk hemen badakigu teoria, baina horretarako baliabideak behar dira, formazioa, eta hori falta zaigu.

Hezkuntza arloan daukazun esperientziatik: oso urrun al gaude egoera horretatik?

N.S.: Irudipena daukat urrun samar gaudela, oraindik Euskal Herrian alderdi interesak herri interesak baino gehiago lehenesten ditugulako, nahiz eta oinarrizko gai bat izan. Hizkuntza eta hezkuntza bezalako gaietan ez bagara gai batasun bat lortzeko… Uste dut hor badaudela galga desberdinak. Bat da mendekotasun formal horiena guztiena. Estatuarena, adibidez. Guk ez dugu agintzen hezkuntzaren gainean, eta hortik datozkigu Madrilen edo Parisen pentsatzen diren curriculumak eta programak. Horiek badira galga batzuk, nabarmenak direnak. Eta gero badaude bertze erabaki batzuk, txikiagoak direnak, eta hor bai arrakalak egin genitzakeen eta ez ditugu egiten. Sinple bat aipatuko dut: zer testu liburu erabiltzen diren heziguneetan. Jon Fernandezen tesiak dio, latza da esaldia, euskaraz espainol izaten irakasten ari garela gaur egun Euskal Herrian. Hori frogatzen du testu liburuen inguruan egin dituen ikerketekin. Estatuen inposizioaz gain, badaude erabaki militanteak, lehenago ere historian zehar egin direnak. Herri ekimena joan da beti aitzinetik gure herrian. Horregatik sortu ziren ikastolak, sortu dira D ereduak publikoan, eta ari dira zabaltzen gaur egun ere, Otxarkoagan, Oibarren edo Faltzesen. Herri ekimena beti aitzinetik, eta utopia zatitxoak eraiki ditugu, baina lana badago.

Gartzen, zuri lehenik Aiaraldea Ekintzen Faktoria zer den azaltzeko eskatuko dizut.

GARTZEN GARAIO: Euskarazko komunikabide bat sortzeko lanetan hasi ginenean, Arabako bost udalerrik osatzen duten Aiara politikoaren eta Bizkaiko lau udalerrien artean ditugun harreman soziologiko eta natural horiek gertatzen diren eskualdea gorpuzten hasi ginen. Hor kokatzen da gure proiektua. Ingurune txikia da, 42.000 biztanle ingurukoa, eta nahiko testuinguru erdalduna soziolinguistikoki: hizkuntzaren kaleko erabilera ez da %5era iristen. Euskararen eta euskal kulturaren periferian kokatzen gara.

Duela hamasei urte hasi ginen, euskara biziberritzeko elkarte txiki bat sortuta, boluntarioki lagundu zuen jende askorekin eta batere baliabiderik gabe. Ia dirurik gabe euskarazko komunikabide bat sortu genuen, Aiaraldea.com, gero .eus-era aldatu zena. Eta egia da denbora honetan guztian komunikabide hori errotu egin dela, baina duela hamar urte gogoeta estrategiko bat egin genuen eta proiektu hori eraldatu egin zen. Euskarari eta hiztun komunitateari plano guztietan euskaraz eta balio eraldatzaileetan bizitzeko aukera eman nahi zion proiektu bezala berrezaugarritu ginen. Kooperatiba izatera pasa ginen, eta proiektu integral horren aterpe izango zen egoitza sozial publiko bat erostea erabaki genuen, Faktoria izena duen pabiloi handi bat. Komunikazioaz gain, hezkuntza, kultura, elikadura burujabetza, feminismoa eta ekonomia sozial eraldatzailea lantzen hasi ginen, bizitzeko behar ditugun lanabes guztiak euskaraz egituratu nahian. Guretzat oso inportantea izan zen gogoeta horretan hizkuntzari bestelako mundu batean bizitzeko balioa ematea. Gaur egun irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba bat da gurea, 24 langile dituena eta 533 bizikidetza unitate edo familia sozial. Guztira, 1.700 bat laguneko komunitatea.

Euskararen egoeraren inguruko gogoeta prozesu potente bat ere egin duzue. Zein izan dira ondorio nagusiak?

G.G.: Fokua 2035ean jarri dugu. Gure proiektuak zer egin nahi duen eta nola egin nahi duen. Guretzat determinantea izan da Iñaki Iurrebasok egindako tesia, “Esnatu edo hil” liburuan, Garikoitz Goikoetxearekin batera aurkeztu zutena. Hori guretzako halako shock edo kolpe bat izan da. Hizkuntzaren biziberritzeari buruz geneukan ikuspuntua asko aldatu digu, dena zalantzan jartzeraino, eta argazkiaren larriaren jabe egin gaitu.

Guk, gure ingurunetik begiratuta, irakurketa nahiko argia egiten dugu: hiltzen ari gara. Hizkuntza hiltzen ari da. Eta larritasun horrekin hitz egin behar da. Gure proposamena ardazten duena hori da. Hiltzen ari gara, beraz, zerbait egin behar dugu. Hau gutxi-asko gerra bat da, eta ez dugu horren kontzientziarik.

Gure proposamena da gure proiektuak horren kontzientzia hartu behar duela, eta hurrengo hamar urteko zikloan euskaltzaleak ahaldundu eta hizkuntza gatazkaren eta lehentasunen lehen mailara eraman behar dugula. Euskararen aldeko hautu garbia egin behar dugula, gure eskualdea den erdaltegi erraldoi horretatik babesteko espazio seguruak behar ditugula, eta nolabait arnasguneak sortu eta elikatu behar ditugula.

(Andoni CANELLADA / FOKU)

Aitzol, zuk aurtengo udan EuskarAbentura ekimenean parte hartu duzu.

AITZOL GIL DE SAN VICENTE: Esperientzia izugarria izan zen. Osasun lantaldearen parte joan nintzen. Erdi kasualitatez lagun batekin animatu, eta izugarria iruditu zait. Euskal Herria gurutzatu genuen hilabetez, euskara eta euskal lurraldeen arteko harremanak ardatz, eta harritua atera nintzen ikusita zer atxikimendu maila handia zuten bertan parte hartzen zuten gazteek euskararekin, Euskal Herriarekin, lurralde desberdinen artean zubiak eraikitzearekin. Iruditzen zait nabarmentzekoa intentsitate handiko lotura dela, nik hala sumatu nuen.

Eta denetarik bazen gazte horien artean. Egia da badutela euskararekin sentsibilizazio puntu bat, baina errealitate soziolinguistiko oso desberdinetatik etorritako gazteak ziren, Euskal Herriko lurralde eta txoko desberdinetakoak, baina lotura handia zuten euskara eta Euskal Herriarekin. Eta horrek erakusten du zer potentzial duten Euskal Herriaren eta euskararen aldeko mezuek euskal gazterian.

EuskarAbentura irla bat da edo sentsibilizazio hori beste eremu batzuetan ere ikusi izan duzu?

A.G.: Askotan entzuten da atxikimendu falta bat dagoela gazteen aldetik. Nik ez dut horrela sumatu nire bizitzan zehar. Beti ikusi izan dut atxikimendu hori. Nik Ipar Euskal Herrian ikasi dut, Seaskan, eta Baionan, adibidez, ikasle mugimenduan bertan hasi nintzen, esango nuke ikastetxearen atxikimendua guztizkoa zela euskararen aldeko borrokekin, oso zabala eta oso indartsua. Eta Euskal Herriko Unibertsitatera etortzean ere nik sumatu dut jarrera hori.

Korrikako mezua idatzi zuten zazpi gazteetako bat ere izan zinen. Ohorea? Ardura?

A.G.: Oso polita izan da. Korrika delako Euskal Herrian ekimen politena ez bada, politenetako bat. Eta beste asko bezala, gu ere ekimen honen parte izan gara. Beste lurralde batzuetako pertsonekin egindako ibilbide hori oso aberasgarria izan da. Testua idaztea ez da erraza, gu ere errealitate desberdinetatik gentozelako, baina uste dut oso ongi asmatu genuela denona zen zerbait egiten. Helburua zen testua ez izatea gurea bakarrik, baizik eta ahotsa jartzea Euskal Herri osoan euskararen aldeko borrokan dabiltzan gazteei.

Hezkuntza eta gazteak aipatu ditugu, eta azkenaldian euskararen inguruko ika-mika asko arlo horri lotuta iritsi dira. Hezkuntzan 50 urtez egindako bidea agortuta dago?

N.S.: Uste dut euskalduntzearen lehen lerroa hezkuntza dela oraindik, Euskal Herri osoan gainera. Gartzenek aipatu du Iurrebaso eta Goikoetxearen ikerketa. Grafiko horietan ikusten da nola egiten duen euskalduntzeak: bazetorren maldan behera, 1970eko hamarkadan egin zuen gora marra horrek, ez mende hasierako kopuruetara baina bai berreskuratuz hamarkada batzuetan galdutakoak, eta orain badator halako geldialdi hori. Beraz, horrek berak erakusten du zer punturaino hezkuntzak egiten dion ekarpena herri honi euskalduntzearen eta hizkuntzaren borroka horretan.

Borroka alderdikoiaren joko zelai bilakatu dugu hezkuntza, hori ere hala da. Eta orduan, bat-batean, USaPen zero horiek agertzen dira, eta kalapita sortzen da, eta errua euskarak dauka; PISAn ez dakit zer emaitza ateratzen dira... EAEko Hezkuntza Legerako akordioa gauzatzen ari zenean, eta hortik eragile pila bat pasa ziren, behin eta berriz aditu zuten erabakia hartu behar zutenek hizkuntza ereduen planteamendua agortuta zegoela. Erantzuten ziolako duela 30-40 urteko Euskal Herriaren beharrari, ez gaur egungoari. Hala eta guztiz ere, beste erabaki bat hartu zen, ereduak mantentzearena, gero beste ondorio batzuk dituena “pisetan”, “USaPetan” eta abar. Baina ez dago batasun nahikorik herri bezala horren ardatz eta klabe diren hezkuntza eta hizkuntzaren gaiei heltzeko.

Eta beste ideia bat: garaiak ez dira argazki finkoak. Aldatuz doaz. Bada esaldi famatu bat, Rita Brownena, dioena ezinezkoa dela behin eta berriz berdina eginda emaitza desberdinak lortzea. Eta erranen nuke gaurko Euskal Herrian ez garela ari sikiera behin eta berriz gauza berdina egiten. Adibidez, 1970eko hamarkadan egin zena. Zergatik? Ba orduan bazelako kontzientziazio bat, hezkuntzak bazeukalako militantzia puntu bat gaur egun ez daukana. Hegoaldean, eta Hegoaldeko zenbait lekutan batez ere.

G.G.: Destentsionamendu bat egon da. Gaur egun hezkuntza sistemak euskalduntzean duen garrantzia ezinbestekoa da, baina gure inguruan behintzat euskaltzale edo euskaldunak sortzeko porrot bat gertatzen ari da. Ikasleak euskaraz hitz egiteko ezgauza ateratzen dira. Hori zerbait gertatzen ari denaren seinale da. Erdalduntze makina dena irensten ari den seinale. Eta hezkuntza sistemak ere birkokatu beharko luke. Erabat diferentea da, adibidez, Seaskan antolatuak diren ikasleak, gurasoak, irakasleak. Erresistentzia jarrera batetik ari dira, eta hortik datoz desobedientziak, plantoak eta abar. Aldiz, euskara boterearen hizkuntza bilakatu da EAEn. Gazteek horrela jasotzen dute. ‘Autoritateak euskaraz egitera behartzen nau, irakasleak, gurasoek…’ Eta uste dut hor badagoela atxikimendu afektibo ez bat landu beharko litzatekeena.

Askotan nabarmentzen da Seaskak sortzen duen atxikimendu hori. Zuk, Aitzol, horrela bizi izan duzu?

A.G.: Bai. Nik ez dakit ongi beste leku batzuetan errealitatea zein izango ote den, baina ados naiz esaten zenutenarekin. Nire kasuan, Ipar Euskal Herrian, uste dut ikastolen hezkuntza komunitateko kide izateak, bai ikasle, bai guraso, bai irakasle, baduela militantziatik, eta guk guztiok Euskal Herriko mapa mental horretan pentsatzen badugu, badela ibilbide horretan, gurutzatu ditugulako, hezkuntzaren militante ugari. Eta hor ikusten da hezkuntzak zer garrantzi duen eta zer potentzial duen gure herriaren eraikuntzan. Jakinda alor guztietan daudela militantziak.

Uste dut badaudela gure barruko faktoreak, baina, era berean, badela asko kanpotik datorkiguna. Badela oldarraldi bat bizitzen ari garena, euskararen aurkako kanpaina bat, ideologikoa dena, eta gure herriko sektore zehatz batzuek bultzatzen dutena. Gaur da PISA, beste batean izango da euskara talentua erakartzeko oztopo dela, hurrengoan beste zerbait… Eta horren atzean kanpaina ideologiko bat dago. Eta hor dagoen benetako arazoa da gaur egun, Euskal Herrian, hezkuntzak ez dituela ikasle guztiak euskalduntzen. Eta planteatuta dagoela euskarazko hezkuntza ikuspegi ezkor batetik. Oso lurralde euskalduna bada, onartzen dizuegu, erreserba moduko bat balitz bezala, baina, aldiz, euskarak zailtasunak dituen lekuetan, hor mugatu egiten dugu euskarazko hezkuntza. Alderantziz izan beharko lukeenean, zailtasun gehien dauden eremuetan baliabide gehien jarri beharko genituzke. Eta Euskal Herrian aurkakoa bizi dugu: EAEn ereduen sistemarekin, Nafarroan zonifikazioarekin, Ipar Euskal Herrian ikastolen aurka egiten diren politika aktibo guztiekin... Ez baita pasiboki bakarrik egiten, aktiboki jartzen zaizkio oztopoak euskarazko hezkuntzari. Publikoan ere gertatu da, herri bateko gehiengoak, hezkuntzako ordezkarien gehiengoak, murgiltze eredua indarrean ipini nahi izatea eta goitik debekua ezartzea. Uste dut badela jende bat aktiboki lanean hezkuntzak euskaldundu ez dezan. Hor jarri behar da fokua.

(Andoni CANELLADA / FOKU)

Zonifikazioa aipatu da. Ez dakit une honetan mahai gainean dagoen gaia den?

N.S.: Gai interesgarria da, zeren badaukagu irudipen bat lege hori erortzen denean, presa bateko horma erortzen den bezala, ura bat-batean zabalduko dela Corteseraino, inolako oztoporik gabe. Eta hori ere ez da horrela izanen. Argi dago hori erronka bat dela, legeetan legea dela harresi egiten diona euskarari eta bere zabalkundeari. Egia da ere aldaketa batzuk izan direla, txikiegiak segur aski nahi genukeenerako.

Aitzolekin bat nator. Zer punturaino den oldarraldi bat euskararen kontra. Eta burura datorkit Ibai Atutxaren barbarizazioaren ideia. Nola historikoki “barbarizatu” nahi izan gaituzten, bi multzo osatuz: barbaroak eta zibilizatuak. Eta batean beti euskaldunak. Pentsatu izan dut oldarraldi horretan, euskara orain jomugan jarrita, ez ote gauden barbarizazio fase berri baten aurrean, alde batean, “euskaldun inposatzailea” eta bestean, “erdaldun berdinzalea”. Marko hori eraikitzeko saiakera bat.

Bazirudien une batera iritsi ginela non euskarak jauzi bat eman behar zuen. Hezkuntzan egindako lanak isla izan behar zuela lan munduan, epailetzan, osasungintzan… Eta oldarraldi hau iritsi da.

A.G.: Uste dut euskara bigarren mailako hizkuntza bezala hartzen dela gaur egun ere. Eta aipatu dituzun gaiak badira gizartea ardazten duten gaiak, herri baten eraikuntzan estrategikoak direnak. Horietan beti dago ahalegina batzuen partetik euskara zokoratzeko eta bazterreko hizkuntza izateko. Uste dut herri honetan badaudela oraindik sektore batzuk Euskal Herria euskalduntzea arazo bezala ikusten dutenak. Horren atzean badira interes politikoak, pentsatzen dutelako Euskal Herria euskalduntzearekin batera datorrela euskal nortasuna indartzea, abertzaletasunaren igoera, eta horregatik mugatu beharreko zerbait dela. Ez dute euskara denon hizkuntza bezala ikusten. Horregatik zokoratzen dute eta hartzen dute norberaren hautu bezala. Matematika inork ez du planteatzen norberaren hautu bezala.

G.G.: Uste dut ondo jabetuta daudela euskarak zer dakarren mundu ikuskeraren, herri ikuskeraren aldetik, eta, aldiz, ematen du euskaldun bezala ez dugula horren balioa behar beste nabarmentzen. Faltan botatzen ditut erabaki ausartak. Azpiratuaren posizioa erabat barneratu dugu eta saltzen digute gu garela pribilegiatuak. Zer pribilegio, ezin badugu inon euskaraz egin? Gure eskualdean, orain, aisialdi eskaintza publikoaren azterketa egin berri dugu. Orozkon, adibidez. UEMAn dagoen udalerri euskaldun bat, ezagutza tasa ikaragarriak dituena, eta aisialdi publikoaren eskaintzaren %85 erdaretan da. Rosa Parks-ek esan zuen bezala, ‘zenbat eta gehiago obeditu, gero eta okerrago tratatzen gaituzte’. Uste dut gertatzen ari zaizkigun gauzak horren inguruan direla. Euskalgintzak urteetan egin duen diskurtsoa, zubigintzarena, sedukzioarena... Hori elikatu da eta normalizatu euskaldunok pribilegiatu bezala kokatzea erdaldunen begietara.

Hor badago izugarrizko lana egiteko errelatoaren ikuspegitik. Giza eskubideen planoan kokatzearena: euskaraz bizitzeko eskubidea dut, baina ez zait bermatzen. Eta ez bermatze horretan ez daude bakarrik instituzioak eta botere ekonomikoa, badaude ere erdaldunak. Horiek dira ulertzen ez gaituztenak, beraz, euskaraz bizitzeko ezintasunaren galgetako bat. Hor badago jauzi bat eman beharra.

Euskalgintzaren Kontseiluak hamar urtean 300.000 euskaldun berri lortzeko erronka jarri zuen. Nola egiten da?

G.G.: Normalean motibazioa beharrezkotasunetik sortzen da. Erdal eremuetan hori ezinezkoa da. Euskara ez da behar. Beraz, hor badago palanka handi bat, atxikimenduarena. Biztanleriaren gehiengo absolutu bat euskaltzalea da, euskararen alde dago. Eta euskaltzale erdaldun asko dago. Gure inguruan behintzat bai, eta gure kooperatiban ere bazkideak baditugu erdaldunak direnak, baina euskaltzale amorratuak. Eta hasieran aipatu dudan egoeraren jabe egite horretatik uste dut badela garaia erdaldun euskaltzale horiei esateko ezin dela euskaltzale izan euskaldun izan gabe. Uste dut hor jauzi bat eman beharra dagoela. Hizkuntzarekiko dugun atxikimendu hori bihurtu behar dela egitate bat.

Norbera bere aitzakietan ezkutatu beharrean, goazen baliabideak jartzera, goazen ahalegina egitera. Bere garaian gau eskolak sortu ziren bezala. Eta beste jauzi batzuk. Ulermenarena, adibidez. Gure gogoetan hori etengabe mahai gainera atera da. Espainiako Konstituzioak oso argi esaten du: “Todos los españoles tienen la obligación de conocer el castellano”. “Obligación”, derrigortasuna. Gure estatutu uzkurrak, aldiz, dioena da eskubidea duzula euskara jakiteko. Hor badago aldarrikapen bat oso gutxitan aipatzen dena. Korrikaren hasieran, Atharratzen, aurreko edizio bateko mezua berriz hartu zuten, ez dut gogoan zein ekitaldi zen, eta niri oso inpaktantea egin zitzaidan. Aldarrikatzen zuen Euskal Herrian euskaraz jakiteko beharra. Hain sinplea, baina noiztik ez dugu hori aldarrikatzen? Jada ez da exijentzia kolektibo bat gure herrian.

Erabilera aipatzen denean, askotan gazteengan jartzen da pisua, edo migranteengan. Ez al da bidegabe samarra?

N.S.: Nik ulertzen dut autodefentsa posizioan agertzen garela aunitzetan, gutxiagotutako hizkuntza komunitate bat garelako, baina erraten denean “etorkinak”, “kanpotik datorren jendea”… Aizu, etxekoek egin ez duguna orain egotziko diegu kanpokoei? Ez, aldaketa gerta dadin motorra geu gara. Etorri berri diren horiekin batzen gaituzten mila kontu badira, dela lan prekarioa, etxebizitzaren arazoa edo feminismoa. Auzo elkarteetan, jai batzordeetan… Badira mila kontu elkartzen gaituztenak, hainbat esparru non hurbilketa hori egin daitekeen, baina guk jarri behar dugu oso modu militante eta aktiboan, ohartuta gu garela hori iraultzeko subjektu lehenak.

G.G.: Bat egiten dut. Guk hizkuntza justizia sozialaren begiradatik ikusten dugu: errolda beharra, kalean bizi diren migratuak, etxebizitza, zaintzaren sektorea… Euskararen herriak ez die exijitu behar hizkuntza sektore horiei guztiei, justizia parametro batzuetan, euskaltzaleok han egon behar gara, lehen maila batean, pertsona horien behar horien asetze horretan. Eta gainera, enpatia hori sustatu. ‘Zuek zapalduak zarete, eta gu beste plano honetan zapalduak gara’. Gure zapalkuntza nortasunari edo identitateari lotua da, ez agian jatekoaren ingurukoa, baina anai-arrebak gara. Elkarrekin gaude eta aliantza inportante batzuk sustatzea oso garrantzitsua da.

[Mahai-ingurua osorik NAIZeko YouTube kanalean ikus daiteke]