«Ez dizuet Euskal Herri aske bat utzi, baina Euskal Herri bat utzi dizuet»
Itziar Aizpurua Egaña (Deba, 1943) eta Mijo Lizarzaburu Garcia (Ondarroa, 1998). Hamaika bat kilometro daude bi herrien artean, 55 urte bi militanteen artean. Bata bestearen ondoan eseri eta solasean jarri ditu GAUR8k.
Bakoitzak bere pausajez eta ikuskeraz, beste modu batera bizi ahal izango den Euskal Herria imajinatzen du, libreagoa bere ertz guztietan. Horretarako borrokatzen dira egunero. Biak elkartu ditugu Deban, solasean aritzeko, hausnartzeko; aspalditik datorren eta urrutira doan herria delako Euskal Herria. Aizpurua militante abertzale nekaezina da. Mijo Lizarzaburu militante transfeminista kartsua.
MIJO LIZARZABURU: Itziar, gure belaunaldien artean salto handi bat dago, 50 urte dira denboran, baina historikoki gauza asko aldatu dira. Uste dut gure belaunaldiak ezin duela imajinatu zuek zer bizi izan duzuen. Guk, adibidez, ez genuen frankismoa ezagutu ere egin. Hori imajinatzen saiatzeko, zure haurtzaroaren inguruan galdetu nahi nizun, 40-50eko hamarkadetako Deban bizitakoaren inguruan.
ITZIAR AIZPURUA: Gure haurtzarotik ikaskizunen bat jasotzen baduzue poztuko nintzateke. Izan ere, bizi izandakoak, pasatutakoak, balio izan behar digu aurrera egiteko, bestela ez du merezi aipatzea ere. Bada zerbait garrantzizkoa guretzat: zoriontsuak izan garela. Egin ditugu egin beharrekoak, pasatu ditugu pasatu beharrekoak. Hori guztia orea izan bada Euskal Herria egiteko, merezi izan badu, merezi du gordetzea, aipatzea eta herentzia bezala jasotzea. Horrela izan ez bada, hobe ez gogoratzea.
Gaur egun aipatzen denean une txarrak bizi ditugula, gazte jendeak ez dakiela zein irteera duen, kapitalismoak bizi duen unean jendeak ez dakiela zein den norabidea... gure garaian norabidea ez genuen galdetu ere egiten. Gu jaio ginenean, eta, gero, umetan, bidea segitu dugu. Zein da bidea? Etxean ikusi duguna lehenengo eta, gero, non bizi garen jakin izana. Nik izugarrizko zortea izan dut zein etxetan eta zein familiatan jaio naizen ikusita. Amak eta aitak beti bat egin dute: Euskal Herria buruan eta bihotzean. Hor daukagu jatorria. Gure etxean denok gara abertzaleak eta euskaldunak, hor dago gure fabrika, gure oinarria. Herri maitasuna, herri sena bizi izan dugu. Guk iturri hori izan dugu etxean.
Zazpi urte nituela lehen aldiz publikoki hitz egin nuen euskaraz, 1950ean, frankismo bete-betean eta euskara erabat debekatuta zegoela, Debara etorri berri zen parroko bati esker. Ni prest nintzen gauzak egiteko, beldurrik gabe. Eta esan zidan jaunartze egunean ea elizan euskaraz hitz egingo nuen. Auzotar idazle batek modu klandestinoan idatzitako euskarazko olerkiak buruz ikasi amaren laguntzaz, eta jaunartze egunean elizako pulpituan bota nituen.
Euskara beti egon da zigortua, egun ere bai. Eskoletan, zumearekin jotzen gintuzten hatzetan, hormaren kontra jartzen gintuzten besoak zabalik eta belaunikatuta… Frankismo garai horretan, Francoren aldeko oihuak egitera eta Falangearen kantuak kantatzera behartzen gintuzten. Debako agintari, guardia zibil eta militarren artean, geu, eskolako umeak, besoa altxatuz eta «arriba España!» eta «viva Franco!» oihu ozenak, beldurtzekoak, entzuten. Nik beti besoa paretaren kontra jartzen nuen ez altxatzeko.
Beti esango nuke, baina bereziki haurtzaro eta nerabezaroan, ama gudari galanta izan da gure etxean, baita adibide zintzoa euskaldunen artean ere. Bazen Deban emakume bat, Errobustene Mujika. Gipuzkoan Emakume Batzako buru izan zen. Tene Mujikaren etxera eraman ninduen gure amak sei-zazpi urterekin, klandestinoki. Gogoan dut bertako porru-patata usaina. Eta hango sukaldean, azal beltza zuen idaztiño batean egin nituen nire lehen hizkiak euskaraz, baita antzerkigintzan lehen pausoak ere, beti euskaraz.
Gure etxean hori jaso dugu. Bagenuen irrati bat, eta Espainiako ereserkia hasten zenean korrika joaten ginen umeok irratia itzaltzera. Guk ikasi dugu himno hori, “Cara al sol”, ez zela Euskal Herriko ereserkia. Gure amari sekulakoak esaten zizkioten euskaraz egiten zigulako, ea zertarako behar genuen hizkuntza hori. Eta amak esaten zuen: «Gutxienez, aitona eta amonarekin hitz egiteko». Euskal Herria nire etxea zela ulertu nuen umetatik. Euskara eta Euskal Herria, ez nuen gehiago behar.
M.L.: Oso gazte zinela, frankismo betean, Deban euskal jaien antolakuntzan aritu zinen. Folklorizaziotik harago, gatazka politikoa erdigunean jartzeko modua zen.
I.A.: Euskal jaiak Deban oso indartsuak izan ziren. Euskal Herri osoko dantzariak etortzen ziren eta urte osoan lanean izaten ginen horretarako. Oargiko (Organización Artistica Recreativa de Gipuzkoa) idazkaria izan nintzen . Euskaraz idazten nuen -artean, ez euskara batuan- eta herriz herri ibili nintzen beste lagun batekin -Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian... denean- dantzariak Debara ekartzeko egun baterako. Baina dantzariak aitzakia ziren; euskaraz hitz egiteko, ikurrina ateratzeko, «gora Euskadi askatuta!» esateko.... eta dena kalez jantzitako guardia zibilez beteta egoten zen, atxiloketak egiteko gogoz. Debako alkatea erreserbako alfereza zen eta esaten zuen ez zegoela inongo tokitako ohituren kontra eta folklorea asko gustatzen zitzaiola. Bada, oso ondo, guri ere asko gustatzen zaigu, gurea delako. Debako herriak bere osotasunean parte hartzen zuen antolaketan, dirua biltzen, propaganda zabaltzen…
Deban milaka lagun elkartu ziren 1964an, eta 1965ean konta ezina, uholde gisa etorri baitzen hainbat euskaldun dantzari, abeslari, txistulari eta gaitero, bertsolari, harri jasotzaile, antzerkigile... zazpi herrialdeetatik. Ahaztezina; talde haiekin izan nuen gutun epistolarioa gordea daukat. Zorioneko egunek ondorea ere badakarte, eta 1966an gauzak aldatu ziren.
Gobernadore zibilak debekatu egin zuen Debako euskal jaia, Guardia Zibilak hartu zituen bazter guztiak eta herri osoa itxi zuten. Deba itxia zuten mendiz eta itsasoz. Herri hila zirudien. Jende asko saiatu zen Debara sartzen, eta ezinean, batzuk Ondarroara joan ziren, beste batzuk Eibarrera... justu Eibarren pilota partida batean zegoen Juan Carlos Borboikoaren lehengusua, Parmako Borboia, Atano X.aren partida bat ikusten. Jendea hara gerturatu eta autoa irauli zioten Parmako Borboiari, Ondarroan ere protestak izan ziren... sekulako iskanbilak. Gu, Oargiko antolatzaileok, ahalegindu ginen ahal genuena egiten gure herrian, irratitik berriak jasotzen.... Eta niri lehen aldiz deitu zidan Guardia Zibilak kuartelera. Bi karpeta handi hartu eta joan nintzen, idatzi nuen guztia eraman nuen. Irakurtzeko esan nien, dena legezkoa zela. Han eduki ninduten eta buelta etxera.
Esan beharra daukat, ETA izan zela euskal jaiek zuten garrantzia ikusita, Debarako deia egin zuen erakunde bakarra. EAJk eta EGIko sektoreek euskal jaiei boikot aktiboa egitera deitu zuten.
Garbi diot: Debako euskal jaiek abertzale eta euskaltzaleen batasunerako bidea jorratu zuten.

M.L.: Gaztaroan nola ulertzen zenuen iraultza?
I.A.: Jokin [Gorostidi] eta bion aldetik, erakundean sartuta. Garai horretan, baziren bi mugimendu ikuspegi ezberdinetik aztertuz, bakoitzaren praxitik Euskal Herria banatzen zutenak. Batentzat, langile klaseak izan behar zuen iraultzaren buru, agintea lortuz; ahantziz herria garela. Ezkerreko mugimendu hori gidatzen zutenen artean PCE zen nagusia urte haietan, eta maila apalagoan PSOE, espainiar Estatuan. Bestearentzat, abertzale izenarekin, EAJrentzat, Euskal Herria mitifikatua, izoztua argazkietan, eta guztiz folklorizatua. Horrek sozialki eskuman jartzen zuen boterea, nazionalismoaren izenean.
ETAk, 1958an jaioak, ibilbide xumea izan zuen, baina trinkoa. 1965etik aurrera, barruan ginenok esaten genuen ez zirela posible bi borroka, herri bat ginela eta borrokak batu egin behar zirela. Horregatik ETAren bosgarren biltzarrean erabaki zen Euskal Herria askatzeko borroka bakarra dela; iraultza bakarra. Txanpon bereko bi aurpegiak dira borroka nazionala eta borroka soziala.
Ezin da iraultza askatzailea izan herri baten lurraldea, hizkuntza, kultura,... alde batera utzita, ezkerreko ikuspegitik soilik aztertzen dutenak egiten ari diren bezala. Eta, eskumakoek, EAJkoek, abertzaletasunaren mantapean nortasun agiri light-a defendatuz husten ari dira herri baten balio guztiak jauntxoen mesedetan.
M.L.: Igartzen dut desberdintasun bat dagoela. Marcusek «Gizaki unidimentsionala» lanean azaltzen du menderakuntza ez dela soilik debekuaren edo errepresioaren bidez gauzatzen: gizarteak gure desirak eta aukerak molda ditzakeela, eta kontsumo gizarteetan sistemarentzat onargarria den aukera esparru batera mugatzea askatasun gisa bizi dezakegula, beste bizimodu bat imajinatzeko edo desiratzeko gaitasuna desaktibatzeraino. Zuen garaian errepresioa askoz agerikoagoa zen. Gaur egun ere hor jarraitzen du, baina askotan zailagoa da identifikatzea. Nola pizten da borrokarako nahia norbera aske sentitzen denean eta beste zerbait desiratzeko beharrik ere sentitzen ez duenean? Nola piztu zitzaizun zuri?
I.A.: Herria dagoelako, bestela ez nuke egingo. Nik maitasunetik egiten dut guztia, maitasuna da motorra. Gure garaian borroka bistarago zegoela diozu. Baina hala izanda ere, jende guztia ez zen borrokan, e! EAJkoak ez ziren mugitzen.
Ni aitarekin batera egon nintzen 1960an Jose Antonio Agirreren heriotzan Donibanen; Telesforo Monzonek Agirreren gorpua bere etxean hartu zuen, nola ez! Lotu egin behar dira gauzak, herria bizirik dagoelako. Mina ez duzu ahazten, baina maitasuna bizitza da, eta hori da iturria. Herri batean bizi zara, herri horretako partaide zara eta libre nahi duzulako borroka egin behar da. Nik esaten dut egoismo osoz egin dudala nire bizitza: nik libre izan nahi badut, baina nire herria ez bada libre, ni ezin naiz libre izan. Beraz, herriaren alde aritu naiz, baina baita nire alde ere.
Gaurko jendearen parte bat... denak errenkan, bururik gabeko inurriak ikusten ditut. Gaztelugatxe ederra dela? Denak ilaran Gaztelugatxera. Eklipsea dagoela? Denak ilaran eklipsea ikustera eta batzuk bitartean negozioa egiten. Ez dago bururik.
Erakundean sartu nintzenean herria maite nuelako eta aske nahi nuelako izan zen. Baten batek galdetu dezake, eta ondorioak? Ondorioei begiratzen badiet, nik ez dut pauso bakar bat emango. Mina hartu aurretik txaplata bat jartzea bezalakoa da hori. Sekula santan ez zait okurritu atxilotu behar nautela, torturatu behar nautela, kartzelan egongo naizela, heriotza nire inguruan ikusiko dudala… egoera oso larrietan egon naiz. Baina hori ikusi dudanean pentsatu dut arrazoia dudala, bestela zergatik hartzen du horrenbeste lan etsaiak? Zergatik nahi digute horrenbeste min eman? Arrazoia daukagu, eta aurrera jarraitu behar da. Eta, bestetik, zer ohore handiagoa Euskal Herriagatik hiltzea baino? Ez dago. Nik horregatik maite ditut hil diren gudari guztiak. Gaitasuna izan dut publikoki hitz egiteko haien agurretan, eta beti aukeratu naute horretarako Herri Batasunan. Gogorra da, irentsi egin behar da, baina ohorea izan da. Ni beti jartzen naiz momentuan, eta herriarekin batera momentua bizitzea da bizirik egotea.
Gazteak zer egin behar duzuen? Herria maite. Eta zer gauza maite behar diren? Euskara eta lurraldea gauza guztien gainetik. Momentu honetan euskara dagoen egoeran dagoela, ez dut ulertzen jendeak ez hartzea kontzientzia eta konpromisoa euskararen alde. Oso serio hartu behar da eta nahiko berandu gabiltza. Hor EAJ eta PSOE ezkonduta daude eta hau guztia bost axola zaie. Euskararen gainetik daude beren poltsikoak, beren aulkiak. EAJ beti izango da eskuma eta poltsikoaren aldekoa. Ez dut esaten hor ez dagoenik jende dotorerik, zentzudunik eta abertzalerik. Badago. Horiek abertzaletasunera, lurraldetasunera, euskarara ekarri behar ditugu. Hori da herria.
Gaurko egunean batzuk aske sentitzen direla diozu. Gure garaian ere gutxi ginen. Batzuk aske sentituko ziren. Gezurra. Nik beti ipintzen dut orbelaren adibidea. Orbela zuhaitzetik dagoeneko hilda erortzen den hostoa da. Eta nola ibiltzen da orbela? Haizeak mugitzen duen moduan. Gu ezin gara orbela izan.

M.L.: Itziar, zure ibilbide politikoaz pentsatzean ahalegintzen naiz neure burua hor imajinatzen. Gure XXI. mendeko bizitzetan dena oso konpartimentatuta agertzen da: lana, militantzia, bizitza pertsonala lotuta daude, baina bereizita. Ezin dut imajinatu zer den zure bizi osoa kausa politiko bati eskaintzea, dena sakrifikatzeko prest egotea. Zuen militantziaren inguruan, arreta ematen du behin eta berriro ekite horrek. Hainbeste errepresio jasanda, heriotza hain gertu ikusita, borrokarekiko lotura hori izatea.
I.A.: Jokin eta biok hamazazpi egun eman genituen Gobernu Zibilean. Aitak eta anaiak, hamabost egun. Nik giltzurrun bat galdu nuen torturen ondorioz. Inor ez gara kexatu horregatik, badakigu etsaia zer den. Baina euskaldunak bagara, abertzaleak bagara eta gure herria maite badugu, prest egon behar dugu hori guztia pasatzeko eta aurrera jarraitzeko. Eta errelatoa, egunen batean, egingo dugu. Orain ezin dugu. Errelato bakarra egin nahi dute eta hor ari dira, pelikulak batetik, liburuak, elkarrizketak, telebistan etengabe… baina beraiek badakite zer egin duten. Torturatu egin gaituzte, baina hemen gaude.
Izan ere, nik ez dut Sorian bizi nahi! Paris oso ederra da eta gustatzen zait, baina hemen bizi nahi dut, baina libre. Eta gure hizkuntza ofiziala euskara izatea nahi dut, besteak ere egongo dira, baina gure hizkuntza behar dugu. Eta hori bezala gure herria. Nazio bat gara eta autodeterminazio eskubidea lortu behar dugu, hori legezkoa da eta onartua dago Europan, NBEn eta toki guztietan. Gauza asko ditugu borrokatzeko.
Agian errelatoa egiten utziko digute jada axolarik ez duenean, tortura onartuko dute hori onartzeak dagoeneko garrantzi politikorik ez daukanean.
I.A.: Torturak ez du preskribatzen. Askotan egon naiz atxilotua. 1997an, Mahai Nazionala atxilotu zutenean, hementxe Deban atxilotu ninduten. Ordurako nafarrak atxilotuta zeuden eta Madrila eraman zituzten. Eta gu ere Madrila eramango gintuztela bagenekien. Ni atxilotu eta Donostia aldera eraman ninduten. Autobidea hartzera joango zirela uste nuen, baina, bai zera, Gobernu Zibilera eraman ninduten, lehengo tokira [1969an bertan eduki zuten preso]. Leotzera sartu ninduten, betiko manta zikinarekin. Hantxe sartuta, gordeta eta itxita. Nik horrelakoetan beti ura eskatzen dut, giltzurrun bakarra dudalako eta ura behar dudalako. Horrelakoxe plastikozko baso txiki bat ematen dizute. Han ari nintzen buruari buelta eta buelta, «zertara ekarri naute hona?». Halako batean atea ireki eta «sígame» esan zidan polizia batek. Eta lehengo aldiko gela berera eraman ninduen. Eta bat-batean komuna ikusi nuen, torturatu nindutenekoa, erratz bat, pareta guztia kakaz eta odolez, kubo bat urarekin... burua altxatu eta eskuin aldean mahai bat ikusi nuen. Eta mahaiaren beste aldean norbait kaputxa jantzita, eskularru beltzak besoak tapatuz eta eserita. Bestea nire atzean jarri, eta kaputxadunak aulki batean esertzeko agindu zidan. Ezetz esan nion hiru aldiz. Orduan tiradera batetik kutxa estu eta luze bat atera zuen mahai gainera. Dena fitxaz beteta. Atera zuen fitxa bat eta galdetu zidan «¿se reconoce?». 1969ko nire polizia fitxa zen, han bertan. Bi argazki zeuden, niri egindakoak. Baietz esan nion. Fitxa eskuan hartu, nire aurpegira hurbildu, eta esan zidan, «pues sepa que esto no prescribe nunca». Ni larrituta nengoen une horretan, atzetik beste poliziaren arnasa sentitzen nuen. Eta Gasteizko parlamentaria nintzen orduan, e! Tente eta geldirik egon nintzen eta berriz leotzera eraman ninduten. Eta handik, autora eta Madrila.
M.L.: Jokin Gorostidik, heriotza zigorra jaso eta gero, honela esan zuen: «Ez al dugu mezu hori kalean iragarri? Ez al dugu esan gure bizia emateko prest gaudela? Zertan gabiltza orduan?».
I.A.: Heriotza zigor eskaera zuten sei lagunek. Abenduaren 28an, inuzente egunez, hiru laguni bikoiztu egin zieten zigor eskaera; Izkori, Uriarteri eta Jokini. Jokinek hori esan zuen eta hori normala da, Jokin iraultzaile handia baitzen. Bigarren heriotza zigorra eman ziotenean, pentsatzen genuen hiru horiek beharbada garbitu egingo zituztela. Nik gauza bakarra pentsatzen nuen, azken gaua berarekin pasatzea eta, posible banu, haurdun geratzea. Ez zen horrela gertatu.
Denok Burgosen ginen, baina hiru emakumeak oso aparte geunden, kartzela ez zen toki sinestezin batean, dorre moduko ganbara batean; Burgosen ez zegoen emakumeentzat kartzelarik.
Gizonezkoen kartzelara joan ziren abokatuak. Aurretik Bandresek galdetu zion ea zer nahi zuen gabonetarako eta Jokinen «pepa» bat nahi zuela. «Pepa» heriotza zen. Jokinek pentsatzen zuen heriotza zigorrek herria altxatuko zutela, borroka indartu. Orduan Bandres abokatua azaldu zenean kartzelara berriz -Txabi Etxebarrieta ere han zen-, Jokini esan zion «me has pedido una pepa y te traigo dos». Eta orduan Jokinen erantzuna; «de puta aldaba. Va a servir para que se movilice más nuestro pueblo». Eta Etxebarrietak esan omen zion, tartean kristala ez balego, sekulako ostia emango ziola. Eta Jokinek, erantzun, «zer esan dugu kalean? Zertan ibili gara orain arte? Prezioa hau al da? Bada, prezioa emateko prest». Nik beti esaten dut etsaiak jartzen digula prezioa eta hori ordaintzeko prest egon behar dugula, ikusten badugu herriarentzat dela.

M.L.: «Autobiongrafia» irakurtzen konturatu naiz oso lotuta daudela zuretzat Jokinekin izan zenuen harremana, herria, borroka... zentzu kasik mistikoan. Sentimenduekin oso lotuta, dimentsio afektibo eta politikoa bereizi ezin direlarik. Behin kontatu zenidan berarekin hitz egiten duzula egunero hondartzan, jarraitzen duela zurekin borrokan.
I.A.: Egunero joaten naiz, eta egunean bi aldiz ere, ahal dudanean. Jokinek eta biok paseoa egiten genuen lekuan atxilotu zuten 2003an azkenengoz. Gu biok atxiloketa mordoa izan ditugu. Hondartza gaineko paseo hori egiten dut egunero. Hala ere, Jokinekin hitz egiteko ez dut hara joan beharrik, egunero hitz egiten dut Jokinekin. Hona etortzeko ere esan diot, «ea nola ateratzen den; zure laguntza izango dut». Herriarekiko maitasuna ere nahiko modu mistikoan ulertzen dut, nire baitan bizi da eta.
M.L.: Bobby Sandsen gose grebaren egunerokoan, bere familiarekiko kezka adierazten zuten hitz hauek irakurri nituen: «Nire bihotza minez beterik dago badakidalako nire ama koitaduari bihotza apurtu diodala, eta nire etxea antsietate jasanezinez beteta dagoela». Ulertzen dut errepresioa hain bortitza denean maite zaituztenen lekua ere gogorra dela. Zure gurasoek nola bizi izan dute zure ibilbide politikoa eta jasan duzuen indarkeria?
I.A: Gurasoen etxean jende asko ibili da atzera eta aurrera. Aita zoriontsu, nahiz oso gaizki pasatu zuen atxilotzean. Hori dena harrotasunez bizi zuten gurasoek. Gure ama joaten zen kartzelara pitxiak jantzita eta ahal zen dotoreen. Nire ahizpa hiru seme-alaba txikiekin joaten zen Cartagenaraino, Jokin ikustera. Jokin «inadaptados y rebeldes» zirenentzako kartzelara eraman zuten, gu guztiongandik isolatuta. Bi neskak Alcala de Henaresera. Espetxeko zuzendariak ahizpa eta koinatua deitzen zituen bere bulegora eta esaten zien ume horiek arazo handi bat izango zutela handitzean, euskaraz heztea eta harremanak izatea galaraziko ziela, eta, gainera, ezingo zutela komunikatu osabarekin, ez zutelako gazteleraz egiten. Ezin genuen euskaraz hitz egin familiarekin ere.
Euskara zein zanpatua egon den, zenbat bortxa jasan duen kartzelan, handik pasatutakoek soilik dakigu. Jokin eta nire arteko gutunak, kartzelan ginenean elkarri bidaliak, denak daude erdara hutsean. Sekulako trikimailua egin nuen kartzelan, zuzendaria ere mareatu egin nuen. Zerrenda bat egin nion: «maitea = querido; nirea = mío, bihotza = corazón…». Zerrenda egin eta han joan zen espetxeetako zuzendari nagusiarengana. Hitz batzuk euskaraz jartzeko baimena eskatu nuen, itzulpen horiek bidaliz. Eta baimena eman zuen. 1971-1972 izango zen. Eta horien tartean bestelako mezuak bidaltzen nituen… Euskara zikiratua izan da, kartzelan eta toki guztietan. Euskara maitatu behar da gauza guztien gainetik. Geure burua maitatzen ari gara euskara maitatzen badugu.
M.L.: Nola bizi duzu borroka orain?
I.A.: Zein egoeratan gauden? Zu gaztea zara, eta zeuk jakin beharko zenuke. Egia da ez dakigula, oro har, zer gertatuko den orain. Ni nahiko adi nago, eta pertsonalki zer gertatuko zaidan ez zait batere inporta, ez dit lorik kentzen, beti gerora begiratzen dut-eta; gerora begira, prestatuta egon nahi dut. Zuek zeuen burua prestatu behar duzue gertatu daitekeenaren inguruan. Zuen artean hitz egin, euskara defendatu, lurra defendatu, nazio bat gara. Hori da defendatu behar duguna, niri beste guztia lau piper inporta zait. Daukadan adinarekin ezer gutxi egin dezaket, baina batzuek uste dutena baino gehiago. Bestalde, prest nago edozertan ibiltzeko. Nire helburuak momentu honetan honakoak dira: presoak eta tortura jasan dutenen kontaketa, euskara gauza guztien gainetik, eta gure independentzia bidean jartzea. Ez daukat besterik, ni horrekin eta nire bizitzarekin zoriontsua naiz.
M.L.: Niretzat garrantzitsua izan zen zu ezagutzea. Guk sentsazioa genuen gerra galdu zela; kartzelak beteta, dena apologia zen, Estatu espainola mendekua egiten, ezin genuen errelato propioa egin. Galdetu nizun ea merezi izan duen. Momentuan erantzun zenidan -eta horrek markatu egin ninduen- egia dela ez duzuela Euskal Herri independente bat utzi eta bizi osoa egin duzuela borroka horren alde, baina Euskal Herri bat utzi duzuela. Zuen borrokagatik ez balitz, ez zela Euskal Herririk egongo. Agian ez da zuek amesten zenutena…
I.A.: Ez da, baina bizirik dago. Euskal Herria bizirik dago, bestela zuek ez zinateke hemen egongo nirekin hizketaldi hau izaten. Baina borroka beti da biderako tresna bakarra, egiten duguna eta egiten gaituena, borrokarik gabe ez dago ezer egiterik. Kontzientzia izan eta horren alde borrokatu behar dugu, bakoitzak ahal duen eran. Ez dizuet Euskal Herri aske bat utzi, baina Euskal Herri bat utzi dizuet. Hori da nire herentzia.


