Liburutegi nazionala
1.000 zenbaki, 20 urte eskas. Ez dirudi hainbeste. Urte gehiago ditut nik, eta gazte esaten didate. Ai, baina.
1.000 aldiz irakurri bagenu egunkaria. 20 urtez bagina ahobizi. 1.000 ale balitu Klasikoak bildumak. Lehen Hezkuntzako 1.000 zentro pasatxo omen ditugu; Euskal Herriko mapa irakatsiko bagenu guztietan, 20 urtez bada ere. 1.000 ale balitu gure poesiak. 20 urtez militatuko bagenu. 1.000 film bagenitu geureak.
Ospatzekoak dira urteurrenak. Bizi bedi luze GAUR8! Baina ez dadila izan behin eta berriz demostratu beharra sentitzen dugulako bagarela nor, ari garela bizirauten. Izan dadila artxiboari hautsa kendu eta garen honek munduari zein leihotatik begiratzen zion gogoratzeko, gaur nondik begiratzen dion ikusteko, bihar bestela izango dela ulertzeko.
Ez gara hain gazteak, azken finean. Erraldoien gaineko ipotxak, gu ere. Baina ezin erraldoia ikusi, esku motzean daramagun ispiluak geuri baino ez badigu isla egiten. Gordailu bat izango bagenu, izan garen guztia biltzen duena… Orduan, agian, zelebrazioak ez lirateke, erremediorik gabe, aldarrikapen izan beharko. •


