Basoen memoriari tiraka etorkizuna irudikatzeko
Aretoko ateak ireki eta mundu bat sartu da barrura: Nepal, Peru, India, Kenya, AEB, Suedia eta beste hainbat herrialdetako ikertzaileak eta komunitate indigenetako ordezkariak. Guztiak gauza beraren inguruan ikertzen, hausnartzen eta eztabaidatzen. Udazken betean, basoen topaleku bihurtu da Bilbo.

Entzuleak adi-adi hizlariei begira. Amazoniako Cofan komunitate indigenaren ordezkariak ditugu aurrez aurre, azalpen guztiak jarraituz. Hitzaldia eman berri, atzeko ilaretan jarri dira haien jantzi tradizionalak soinean. Gugandik gertuago, kongresuaren koordinatzailea den Daniel Miller doktorea eseri da, Indianako (AEB) Notre Dame unibertsitateko ikertzailea, bere koaderno txikia esku artean, gure ahotik ateratzen den esaldi bihurriena ere jasotzeko prest. Tartean, baso eder hau osatzen duten gainontzeko pertsonak daude, eta gelari eta kongresuari kolorea eta dibertsitatea ematen diete. Zuhaitz guztiek dute lekua FLARE kongresuak osatu duen ekosistema eder honetan.
Zuhaitz horien artean bada bat nabarmentzen dena; Unai Pascual ikertzaile euskalduna erreferentziazko pertsona da munduko ertz guztietatik gerturatu diren adituen artean. Pascualek egindako ikerketek eta argitalpenek nazioarteko inpaktua dute, baina, batez ere, bere lanek gizartearen eta naturaren artean dauden harreman sare konplexuak ulertzeko tresnak eta ideiak jarri dituzte mahai gainean. Maltatik iritsi berri, etxean da, Euskal Herrian. Bera izan da, Daniel Millerrekin batera, FLARE kongresura ekarri gaituena. “Weaving nature-human relations in the Basque Country: Forests, language, history and culture. Natura-giza harremanak ehuntzen Euskal Herrian: basoak, hizkuntza, historia eta kultura”, izenekoa da gure hitzaldia. Pascualek berak hartu du hitza, euskaraz.
Eta euskarari buruz hizketan jarraitu du, ingelesez. Eta jakinarazi du, aretoan dauden askok haien lurraldean duten bezala, Euskal Herrian ere badela hizkuntza gutxitu bat, hitzaldia emango dugun lau ikertzaileok erabiltzen duguna gure artean hitz egiteko, ikertzeko edota egunerokorako. Eta gure hizkuntza horrek lotura handia duela basoekin eta naturarekin. Cofan komunitateko ordezkariek ulertu dute mezua. Gainontzekoek ere bai. Hizkuntzen eta naturaren arteko erlazioez inork badaki, FLARE kongresura gerturatzen diren pertsonak baitira.

IRAGANA EZAGUTU ORAINA ULERTZEKO
Atzetik aurrerako bidaia eder batean sartu da hitzaldia EHUko Alvaro Aragon historialariarekin. Euskal Herriko basoetan dauden espezieez baino, basoa kudeatzeko moduaz ari da. Unean uneko gizartearen garapenak bultzatzen du pertsona basoa begi berriekin begiratzera, eta kudeaketa aldatzera, beharren arabera, forma ezberdin bat emanez paisaiari. Txaradi, tantai eta zuhaitz motzen artean ari da Aragon hitzen dantza batean, Portugalgo zientzia kazetari batek hitzaldia moztu dion arte: «Barkatu, zer da coppice edo txaradi bat?». Irudia jarri du aurkezpenean historialariak. Basoaren formak laguntzen dio historia irakurtzen. Basoaren historiak, egungo paisaia ulertzen.
Euskal Herrian XI. mendean sorturiko hiribilduak oinarri hartu eta XIII. mendeko burdinoletako sistema hidraulikoek ekarritako egurraren beharretik ekin dio Aragonek saioari. Segituan etorriko ziren, ordea, XIV. mendean “koka” izeneko itsasontziak, merkataritza, arrantza eta gerra itsasontziak. Eta horiek egiteko zura behar zen. Hortik aurrera, beraz, basoak moldatzen hasi ziren Euskal Herrian, kasu batzuetan jarduera bakoitzari eremu bat emanez. Gune batzuetan ontzigintzarako eta etxegintzarako zura ateratzeko zen. Ikazkintzarako eta burdingintzarako egurra, beste batzuetan. Horretarako, alabaina, hainbat teknika edo mozketa sistema zeuden, zuhaitzari forma berezi bat emateko: azpi azpitik moztea, bizpahiru metrotara lepatzea, edota ipinabartzea, bi adar nagusi utziz.
Hala, Euskal Herriko basoek giza kudeaketa eta ustiaketa estua jasan zuten mendeetan zehar. XVI. mendean, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten zen mendebaldeko burdinaren %10 eta Ameriketara joan ziren itsasontzien %80 Euskal Herrian egindakoak ziren. Jarduera horiek menderatzen zituzten oligarkiak eta eliteak, ordea, egur eta zur eskasiari loturiko diskurtsoak hasi ziren egiten, herri lurrak menderatu nahian, erabilpen komuna murrizteko. Beldur diskurtso horiek, bestalde, basoa zatitzea ekarri zuten, bai eta baso eredua aldatzea ere. Atzetik etorri ziren gatazka amaiezinak, bai oligarkien artean, bai herrien artean ere.
Gatazka, herri lurren kontrola eta paisaiaren eraldaketa FLARE kongresuko hitzaldien muina da kasu askotan. Jendea hitzaldiz hitzaldi dabilen honetan, mundu osoko egoerak ezagutzeko aukera du entzuleak. Kongresuaren hitzaldi nagusian, Eduardo S. Brondizio antropologo ezagunak ere gaiari heldu dio. Alderdi sozioekologikoek paisaian, gobernantzan, jasangarritasunean eta eskubideetan duten eraginaz hitz egin du, bai eta ezagutza tradizionalaz, zerbitzu komunitarioez, etnografiaz eta gaiak multieskala batean ulertzeko beharraz ere. Brondizio Brasilgo Amazoniako komunitate zehatz bati buruzko ikerketaz aritu da: ezagutza tradizionaletik ateratako zuhaitz landaketa eta ustiaketa batek nola erakarri dituen hainbat enpresa eta produktore bertara; Euskal Herrian bezala, mundu guztian famatua egin den açaí lehengaia lau haizeetara zabaltzeko. Munduan inork gutxik jarri du arreta, ordea, ulertzeko Brasilen gertatzen ari den eraldaketa ekonomiko horrek Amazonaseko komunitateen bizimoduan eta hango baso ekosistemetan zein eragin izango duen. Eraldaketa sozioekologikoak maila guztietan ari dira gertatzen, Brasilen gisan, baita Euskal Herrian ere.

PAISAIAREN HIZKUNTZAZ
Aldaketen aurrean, mundu osoan daude identitateari eutsi nahi dioten komunitateak. Hala, bat baino gehiago izan dira basoari eta naturari loturiko hizkuntza jasotzen ari diren ikertzaileak. Inguratzen dituen paisaiak eta hizkuntzak osatzen dute haien identitatearen oinarri handi bat. Izan ere, paisaia eta hizkuntza, mendez mende, gizakiaren bitartekaritzarekin harremanetan izan dira. Gizakiak paisaiarekin duen harremanak modelatzen du lengoaia, eta hasten da sortzen hiztegi bat, natura ulertzeko eta izendatzeko erabiliko duena. Hasiko da sortzen hizkuntza bat, naturarekin izan duen harremanetik sortu dena, esaera zahar, metafora eta kondairaz betea.
Aranzadi Zientzia Elkartearen eta HeziLab-en izenean etorri den Iñaki Sanz-Azkuek hartu du hitza jarraian. Alvaro Aragonek pasatu dio lekukoa, bere hitzaldia modu berezian amaituz: Euskal Herrian gizakiaren eta basoaren arteko harremanak sortu du hiztegi bat, basoak izan duen garrantzia agerian uzten duena. Horren arrasto dira, “baso” hitzetik eratorritako “basati”, “baserri”, “basurde”, “basaran”, “basapiztia”, “basajaun” eta beste hainbat adiera, euskaldunari ezagunak egingo zaizkionak.
Amuari heldu eta euskararen eta basoaren arteko erlazioari ekin dio Sanz-Azkuek. Aurkezpenean ingelesezko azpitituluak jarri ditu, azalduko duena uler dezaten, eta euskaraz ekin dio hitzaldiari. Euskaraz arituko da munduko ikertzaile eta hainbat komunitateko ordezkarien aurrean. Irribarreak sumatu dira aretoan. Mugikorrak ikus daitezke hizlaria enfokatzen. Euskarak duen musika grabatzen hasi dira: REC.
Euskal Herriko basoetan historian zehar izan den giza aktibitateak izan duen eraginaz hasi da hizketan. Gizakiaren eta naturaren arteko harreman horrek eragina izan du paisaian, kulturan eta hizkuntzan. Mikrotoponimian jarri du arreta lehendabizi. Baso jarduera handiko eremuetan, leku izen dentsitate handia aurki daiteke. Mendeetan zehar jarri dituzte bertako biztanleek, eta euskaraz daude jarriak. Izan ere, natura ulertzeko eta begiratzeko hizkuntza izan da euskara Euskal Herriko leku askotan. Hizkuntzaren erabilera ulertzen ez ezik, ezagutza neurtzen ere laguntzen dute leku izenek. Eremu txiki bat nahikoa izaten da askotan leku izenetan dauden zuhaitz espezieen izenez ohartzeko: Gerezieta, Pagoaundi, Ariztizabal, Ostozurieta… Gizakiak izan duen naturaren ezagutzaren arrastoa gure mendietan gelditu da mikrotoponimo moduan iltzatuta, euskaraz.
Artxiboetako dokumentu zaharrak aipatu eta Gernikako arbolaren sinbolismotik igarota, aurrekoengandik naturaren ezagutza ekologiko tradizionala jaso duten azken belaunaldian jarri du fokua Sanz-Azkuek. Azken urteetan Hernanin egindako ikerketen adibideak eman ditu: ikertzaileak munduko hainbat komunitate indigenatako aitona-amonekin egiten ari diren moduan aritu dira Eñaut Agirre eta biak, urtetan naturari loturiko ahozko ondarea jasotzen, “Burbunak eta etsayak” izeneko proiektuan.
Izan ere, Manchesterreko unibertsitateko Natalie York-ek bere hitzaldian adierazi bezala, komunitate baten biokultura edo ezagutza ekologikoa jasotzea kontserbazio inklusiborako bidea izan daiteke, Kenya iparraldeko artzainekin egiten ari diren moduan. Han ere bertako hizkuntzan sortu diren naturaren ezagutza mapak jasotzen ari dira, komunitatearen mantenurako eta paisaiaren kontserbaziorako etorkizuneko bideak diseinatu ahal izateko. Bertako hizkuntza bertako naturatik bereizten denean, identitate bat galtzen da, eta, horrekin batera, inguruko paisaian lotzen duen hari fin baina sendo bat ere.
Gaurko Euskal Herriko gizartera etorrita, Sanz-Azkuek nabarmendu du azken urteetan gazteekin egindako ikerketek erakutsi dutela naturari eta bertako espezieei (basokoak barne) loturiko ezagutza oso urria dela. Naturarekin dugun kontaktua, ezagutza ekologikoaren transmisioaren etena eta paisaiaren beraren eraldaketa izan daitezke horretarako kausa batzuk.

AMA LURRA EMAKUMEAREN BEGIRADATIK
Nahia Bengoetxeak hainbat emakume ditu aurrean entzuleen artean. FLARE kongresuan emakumeen presentzia handia da. Ikertzaileak, asko, komunitate indigenekin edota basoaren eta naturaren inguruko giza eragileekin azterketan ari direnak. Komunitate indigenen parte direnak, beste hainbat. “Customary, indigenous and relational governance” atalean sartu gara, bertan izango diren bost hitzaldiak entzuteko. Bostak emakumeek emango dituzte, Herbeheretatik, Frantziatik, Perutik eta Ingalaterratik datozen antropologoak eta abokatuak. Guztiek dakite, ordea, lagin hau ez dela gizartearen isla erreala. Bengoetxeak emakumeak baso zientzietan izan duen eta duen presentziari buruz hitz egin du lehenbiziko pertsonan.
Sanz-Azkuek utzitako zainari eutsi dio Bengoetxeak. Berak, zorionez, jaso zuen ezagutza tradizional horren zatitxo bat etxetik. Eta horrek bultzatuta, egin zuen biologia, lehenik, eta sartu zen, ondoren, baso ekologian. Barrutik ezagutzen du sektorea eta basoaren eremua. Basogintza oso esparru maskulinizatua da. Basopeak ezkutatuta bezala, askotan ikusten ez dena atera du mahai gainera: baso zientziako nazioarteko kongresu handietan (IUFRO World Congress) ikusgarritasun eta eragin handiena duten roletan emakumeen presentzia ez da %30era iristen. Emakumeak ikertzen, argitaratzen, ikasleak gidatzen eta proiektuak zuzentzen ari diren arren, gutxitan agertzen dira saio buru, gonbidatutako hizlari edo keynote hizlari gisa. Horrek garrantzi handia du, rol horiek baitira agenda zientifikoa eratzen dutenak, eztabaidagai izango diren gaiak zehazten dituztenak eta komunitatean ikusgarritasuna eta aitortza lortuko duten ikertzaileak identifikatzen dituztenak.
Bengoetxeak nabarmendu duenez, ordea, emakumearen presentziak ez luke inklusioa adieraziko. 2023ko Ipar Amerikako eta Europako baso zientzietako profesionalei egindako inkesta baten arabera, emakumeen sentimendu orokortua da haien lorpenak ez direla gizonenak bezainbeste baloratzen, eta etengabe haien burua frogatu behar izaten dutela. Aitortu du: «Nik ere gauza bera sentitu dut». Gauza konplexu asko detailerik txikienarekin ikusten dira askotan: mendiko lanerako galtzak ematen zituztenean, ez zegoen emakumeen gorputzera eginiko arroparik. «Nik neureak erosi behar izaten nituen».
Bengoetxearen basoko bidea oztopoz betea egon arren, aurrera egin du pixkanaka. Egun NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean egiten du lan, eta besteak beste, LIFE URBASO proiektuaren koordinatzailea ere da, zeinetan Unai Pascualekin ari den elkarlanean. Bengoetxearen ikerketa lerroan zehar, ordea, bere burua irudikatua sentitu du basoaren eta naturaren eremuan. “Ama Lurra” esaten zaion horretan, ama baztertua izan den modura, lurra ere fokutik kendu izan nahi baita. Adituaren ikerketek eta esperientziak euskal basogintzan baztertua dagoen gai bat erdigunera eramatea ekarri dute: «Baso batean, zuhaitzak ikusten ditugu, enborrak, adaburuak, basoaren paisaia… baina ez dugu oinarrizko zerbait ikusten. Lurra edo lurzorua». Garbi du: basoa eta basogintza ulertzeko, lurzoruan arreta jarri beharra dago eta lurra galarazten duten praktikak aldatu. Ehunka, milaka urtetan pilatu den lurra galtzeak, etorkizuneko ekoizpena eta basoa txirotzea ekarriko duelako. «Askotan sentitu dut basogintzan lurzoruak eta emakumeek bat egiten dutela: ikusezinak dira biak», bota du bihotzetik.
Bengoetxearen ustez, azken urteetan erabili den basogintza sistema birpentsatu beharra dago: «Agian ez zuhaitzez osaturiko sistema bezala bakarrik, baizik eta lurzorua, ura, hizkuntza, kultura, pertsonak eta belaunaldien arteko ezagutza harremantzen dituen sistema bezala. Eta agian, horrek, basoa beste modu batean kudeatzera eramango gaitu». Eta bideo bat jarri du guztien begietan. Ahotsak.com-en Asier Sarasuak Elgetako Endrike Astolari egindakoa, hain zuzen ere. Endrikek lurretia zer den azaltzen du bertan. Magal malkarreko eremuetan, urtero, goitik behera erortzen zen lurra saskietan hartu eta bere lekura igotzen zen berriro ere. Bideoa amaitu eta Bengoetxeak hartu du hitza ostera. Bere ikerketek eta Endrikek aurrekoengatik jaso zuen ezagutzak bat egiten dute ondorio garbi batean: ezin da etorkizunean pentsatu lurzorua kontuan izan gabe.

PRIBILEGIATUAK
«Pribilegiatuaren txanda da orain», esanez eman dio hitza Pascualek Iñaki Etxebeste Larrañagari. Etxebeste, basoen eta Klima Aldaketaren ikertzailea da Gaztela eta Leongo Cesefor Fundazioan. «Gizonezkoa naiz, zuria, euskalduna eta baso-jabea. Pribilegiatua sortzez, beraz», azaldu du. Iñaki Etxebestek basogintzaren munduari buruz duen ezagutza ez da nolanahikoa. Zientzialariaren begiradatik behatzen du basoa, baina baita herritar, guraso eta jasangarritasunarekin konpromisoa duen pertsona moduan ere. Bere ibilbide profesionalari buruz hitz egiteko, txikitako argazki bat jarri du lehen lehenik: senideekin dago pinudi batean. Tartean, basogintzari buruzko transmisioaren iturria izan duen aitona dago. Hura izan zen bide horretan sartu zuena.
Euskal Herriko eredutik kanpo, Jessica Cyntia Gansonkeng Zambouk Kamerun mendebaldeko baso sakratuen gobernantzari buruz hitz egin du. Etxebestek bezala, Gansonkeng-ek bere amona zenaren argazki bat jarri du hitzaldiaren hasieran. «Gure amonak erakutsi zizkidan baso sakratuari buruz dakizkidanak», adierazi du. Orain Herbeheretako unibertsitatearekin ari da ikerketa egiten. Amonarekin ezagutu zuen baso sakratua gobernantza berrietara pasa da. Komunitateak berak gobernatzeari utzi zionetik, erabakiak ez dira horren gardenak, eta basoa pixkanaka suntsitzen ari dira. Bertako komunitateak basoarekin zuen espiritualtasunak babesten zuen basoa bera. Basoa ez zen lehengaiak ateratzeko bizileku soil bat.
Gansonkeng-ek bezala, Etxebestek ere Euskal Herriko basoen erradiografia paregabea egin du, iraganetik orainaldira bidaiatuz. «Gaur, ia Euskal Herri erdia dago zuhaitzez estalita. Europako lurralde basotuenetako bat gara. Hala ere, zuhaitz gehiago izateak ez du esan nahi baso hobeak ditugunik. Erkidegoko zuhaiztien %60 baino gehiago hazkuntza azkarreko espezie exotikoen landaketak dira, oro har, industriak eta merkatuak behar dituzten zuntzak eta zurak azkar ekoiztera bideratutakoak. Bertako basoak, aldiz, oso gazteak dira, egituraz sinpleak, zuhaitz zaharrik eta egur hilik gabeak; eta horiek dira, hain zuzen, biodibertsitatearen euskarri nagusiak Europako ingurumen Agentziaren arabera».
XX. mendean Pinus radiata pinua sartu zenetik, euskal mendi atlantikoa eraldatu egin da. Industrializazioak behar zuen zura hazkunde azkarreko arbolek ematen zuten, eta lur jabe askok haien lurretan landatzeko apustua egin zuten, aurrezki kutxa baten modura. Egun, pribilegioen artean, Etxebestek aipatu du zuriok ere badugula beste bat. XX. mende hasieran baserriak husten hasi zirenean, mendiko lanak etorkinen esku gelditu ziren. Hori gutxi ez eta, Osalanen arabera, basogintza da Euskal Autonomia Erkidegoko lanbiderik hilgarriena: heriotza tasa batez besteko lanpostuarena baino 30 eta 60 aldiz handiagoa da. Urtero langile bat edo bi hiltzen dira, apenas mila inguru dituen sektore txikian. Aurten bi izan dira: Zornotzan eta Azkoitian.
Ikertzailearen esanetan, azken urteetan egungo ereduaren ajeak ere agerian gelditu dira. Espezie bakarreko landaketetan izurriteak eta gaixotasunak sartzea errazagoa da, are gehiago klima aldaketaren testuinguruan. Pinuaren kasua dugu bertan. Eta bestalde, eukaliptoen etorrerak Nahia Bengoetxeak adierazitako lurraren galera handiak ekartzen ditu, mozketa ereduek bultzatuta. Paisaiaren eraldaketak, era berean, bertako basoarekiko dagoen gertutasuna eta zegoen ezagutza ere galtzea ekar dezake.
Hala, Etxebestek bere gain hartzen du oso garrantzitsua den kontzeptu bat: ardura. Guraso bezala, gure seme-alabei etorkizun hobeago bat uztekoa, esaterako. Jasotakoa nola itzuliko den pentsatzea garrantzitsua da. Horregatik, bere ustez, erabaki bakoitza belaunaldien arteko kontratu bat da. Hargatik, estaldura jarraituko basogintzaren alde egiten du lan, kudeaketa kolektiboan oinarrituta eta dibertsitatea kontuan izanda. Sinetsita dago ahozko ezagutza eta zientzia ez direla mundu bereiziak. «Zientziak tresnak ematen ditu. Tokiko ezagutzak, testuingurua. Eta belaunaldi berriek bien beharra dute. Haritza ezagutzeko eta neurriko galtzekin mendira joan ahal izateko».

Hitzaldia amaitu bezain pronto, Gansonkeng ikertzaileak bere amonaren komunitateari buruzko bideo bat jartzeko baimena eskatu du. Bideoan komunitate indigena bat agertzen da, baso sakratuaren erdian, plaza batean egongo balira bezala, bertako hizkuntzan abestiak kantatzen.
Iñaki Sanz-Azkuek etenaldi bat egin du bere hizketaldian ere. Joxe Joakin Mitxelenak Oiartzungo plazan harizti bati kantaturiko bertsoa jarri du, Agirre anaiek kantatuta.
Nor bere aretoan, munduko hainbat ertzetatik etorritako entzuleak isilik daude bi bideoei begira. Bata Kamerunen, baso sakratuaren erdian, bestea Euskal Herrian, ixiruz beteriko hariztiari kantuan; biek bertako hizkuntzak erabiltzen dituzte basoari eta naturari haien maitasuna adierazteko. Agian ez gaude uste genuena bezain urruti.
Asko dira basoen barruan sartzen diren balioak. Hizkuntza, kultura, dibertsitatea, jasangarritasuna eta identitatea aurkitu ditugu Bilbon sortu den basope eder horretan, eta ikusi dugu Euskal Herriko oihan honetan ere badela etorkizunik aurrera egiteko. Gure basora sartu nahi?
Ez da jotzen
Azaroa Biarritzen

‘Sani’, galdera bat uzten duen istorioa: «Moduluagatik ez balitz, zer?»

Galdakao zaharreko baserriak: XVI. mendetik 1936ra, bizilagun eta etxeen arrastoa dokumentatua
