Periudazkena
Urtaro batetik bertzerako saltoak ez dit inoiz onik egin, tarteko horietan batez ere; haizegodun udazken, alergiaz beteriko udaberri. Batzuek “badu berriz honek zerbait” aurpegiarekin begiratzen didate, baina fenomemo biologiko eta psikologiko egiazkoa omen da, eguzki orduek gure erritmo zirkadianoetan duten eraginaren ondorio. Bi-hiru asteko kontua ei da. Udazkeneko asteniak nekea, apatia, egunez logalea eta argi faltagatiko malenkonia sortu ohi ditu, eta udaberrikoak, neke fisikoa, ahultasuna, suminkortasuna eta aditasuna mantentzeko arazoak. Hormonen eta neurotransmisoreen produkzioa aldatu egiten da, serotonina gutxitu eta melatonina desarautu.
Aldaketa klimatikoak jota gauden honetan, ez dakit bi-hiru aste horiek noiz hasten diren kontatzen, sanmigeletan… sanfaustoetan igual; Durangon ez da deus ganoraz hasten sanfaustoak pasa arte; San Simon? San Juda?
Hau guztiau guti-asko onartuta nuen, baina berrogeita bortz urte ditut, eta adi nago aldaketa posibleei, adiegi igual. Lehen hain zen gordea ez genekiela hitza ahoskatzen ere. Orain, pittinka-pittinka gai gara: PE-RI-ME-NO-PAU-SIA. Jada ez dakit kulpa asteniarena den edo perimenopausiarena. Nik ere Xalbadorrek bezala “errrrrrrua ez daukat ez nik”. Eta izena jartzeak hori dakar, onarpenari begira jartzea, jakin-mina. Apasionantea da gure gorputzaren diseinu sofistikatu hau, bizitza. Onarpena bertze kontu bat da. Kontuz zer bilatzen duzun Interneten.
«Tripa puztu erori hori, begi-zulo sakon horiek, blandiblu itxurako matel horiek; hori ez da menopausia, trabatuta dagoen hestea da. Jarri heltze batean limoi ura, jengibre zati bat, piper beltza; hamar minutuz egosi eta hartu bi hilabetez salda baraurik. Voilá! Egin ariketa hau hogei aldiz egunean, muturra jarri eta lepoa diagonalean luzatu-bildu, gero goiti eta beheiti eta hiru astean egin, Malefikak baino matrailezur zorrotzagoa izanen duzu segur». Nahikoa da bideo labur bat ikustea bertze berrehun agertzeko. Kasu eman behar da norbera gosaldu aurretik Panoramixen edabe magikoaren bila ez aritzeko kazola artean, edo kaletik zoazela lepoa luzatuz keinu arrarorik ez egiteko. Hau da gure garaia: ez dakigula nabaritu deus, ez dakit zer, baina nabaritu deus. Ile-urdina bai, horretan ari gara aintzinatzen, baina argal muturreraino ahal dela. Zer den Instagrameko mundu diziplinatzaile hori!
Argazkietan zure lekuan agertzen den emakume horrekin solastatzea tokatzen da lehenik, eta gerora, zure komuneko ispiluan agertzen den andrarekin; nintzen eta naiz. Edertasun berri bat da, baina edertasuna. Ez dago gure kaleetan barna paseatzen diren emakumeei begiratzea bertzerik.
Saltsa-maltsa honetan igerian egonagatik eta Domu Santu eguna igandez tokatu bada ere, badut gogoa bazterrak nahasteko, ikasteko, ikusteko, idazteko, kantatzeko, entzuteko, egiteko, egoteko… eta egunak ez dit ematen lan-ordutegi pribilegiatua izanik ere. Gure (bortz ginen) latineko irakasle Anttonik erraten zuen berrogei orduko egunak aldarrikatu beharko genituzkeela. Oroitzen dut maiz esaldi hori eta baita Anttoni bera ere. Berrogei ordu kotxeari gurpila aldatzeko, ogia erosteko, kafea hartzeko, eskolak emateko, pentsatzeko, zaintzeko, zaindua izateko… bizitzeko. Hori bai, ahal dela, 21.30erako ohatzera. •



