Isidro Esnaola
Ekonomia politikoko ikerlaria / Investigador de economía política

Serbiatik irakaspen batzuk

Ikasleen zerrendak irabazi ditu Serbiako Parlamenturako hauteskundeak. 2014tik boterean zegoen Aleksandar Vucic garaitu du. Novi Saden markesina bat erori eta hamasei pertsona hil ondoren izandako protestetatik sortu zen zerrenda. Boterearen aurkako Serbiako matxinadak M-15eko mobilizazioak ekartzen ditu gogora. Hala ere, M-15eko mobilizazio haiek ez zuten lortu Espainiako trantsizioko erregimen ustela garaitzea, eta, ikasle serbiarrek, aldiz, Vucic buru zuen erregimen ustela hankaz gora jartzea lortu dute. Garaipen hori azaltzeko orduan, Serbiako komunikabideetan hainbat gako aipatzen dira.

Lehenik eta behin, egitura asanblearioa dago. Protestek, buru agerikorik gabeko antolaketa asanblearioa ekarri zuten. Batzar horietan, azken bi urte hauetan, denetarik eztabaidatu dute parte hartzaileek: ekonomiatik hasi, litioaren meatzaritzatik igaro eta boterearen egitura klientelarreraino. Eztabaida luze horietan, adostasuna bilatzen zuten, baina, beharrezkoa izanez gero, bozketak egiten zituzten. Bide horrek motelegia dirudi egungo garaietarako, non abiadurak agintzen duen. Hala ere, bere sendotasuna erakutsi du boterea lehiatzeko indarra ehuntzeko. Eztabaida ireki horietatik programa bat sortu da, non gai askori buruzko jarrera finkatzen den, Kosovoren auzia eta Errusiari zigorrak jarri behar zaizkion ala ez barne. Bi kasuetan, Bruselaren ikararako, ikasleen jarrera eta Gobernuak orain arte defendatutakoak ez dira oso desberdinak.

Bigarrenik, ikasleek, hauteskundeak eskatu zituztenean, erabaki zuten ez zirela aurkeztuko. Ez ziren protestatzen ari boterean zeudenak ordezkatzeko, eta, orain arte gertatu den bezala, sare klientelar berak beste aurpegi batzuekin errepikatzeko. Erabaki horrek mezu inplizitu garrantzitsu bat zuen: titularra kargugabetu nahi zuten, haren lekua hartu gabe. Horrela, asmoa sistema aldatzea zela azpimarratu zuten. Erabaki horrek sinesgarritasuna eman zion zerrendari, eta, eskuinaren zein ezkerraren, Europar Batasunaren aldekoen zein aurkakoen babesa lortzea ahalbidetu zien ikasleei. Horiek horrela, zerrendetan ez dago ikaslerik. Hautagai guztiak batzarrek proposatu eta berretsi zituzten. Gobernuko zein oposizioko alderdi politikoekin harremanak zituzten hautagaiei berariaz jarri zieten betoa. Batez ere irakasleek, baina baita artistek eta kirolari ohiek ere, osatutako hautagaitza bat izan zen emaitza.

Azkenik, ikasleen zerrendaren kanpaina milaka lagunen borondatezko lanean oinarritu da, trukean sari materialik espero ez zuten aktibistak guztiak ere. Segur aski, askoz motibazio handiagoa izatea funtsezko faktorea izan da diruarekin eta prebendekin koipeztatutako boterearen hauteskunde-makineria garaitzeko. Beste herrialde batzuetako hauteskundeetan gertatu izan den bezala, konpromiso politikoak ohiko alderdi politikoen makineria gainditu du.

Ziur aski, garaipen honetan eragina izan duten beste faktore kultural edo demografiko batzuk ere egongo dira. Ekonomiak ez du eragin handirik izan, azken bost urteotan ekonomiaren jarduna ona izan baita Serbian. Agian, ikasle serbiarren esperientziaren gauzarik garrantzitsuena da erakusten duela jarduera politikoa beste modu batera antola daitekeela. Boterea garaitzeko beste baliabide batzuk erabil daitezkeela frogatu du. Mugimendu deszentralizatu, demokratiko, egitura gutxiko, liderrik gabeko, baliabide ekonomiko gutxiko, baina ikuspegi politiko oso indartsuko batek, erregimen klientelarra garaitzea lortu du.

Orain beste zeregin bat hasten da, boterea lortzea bezain zaila: gobernatzea. Denborak esango du ezarritako boterea garaitzeko balio izan duen ehunak botere hori eraldatzeko ere balioko duen. •