Gartzea Zaldua
Arkitektura ikaslea

Amen, arkitekto!

Eskolako paraninfoa eta Hernaniko eliza.
Eskolako paraninfoa eta Hernaniko eliza. (Gartzea ZALDUA)

Arkitekturaz galdetzen didaten lagunak ez dira gutxi. Bidaian gertatzen da asko edo, besterik gabe, edozein arratsaldetan gure taberna gogokoenean, lasai askoan gaudela. Gehienetan, ulertzen ez duten proiekturen baten azalpen bila datozkit. Horrelakoetan, ahalik eta hizkuntza sinpleenarekin eta eraginkorrenarekin erantzuten ahalegintzen naiz, apaindura eta literatura gabe, ulertzeko erraza izan dadin helburuarekin. Azalpena eman eta gero, sarritan, zalantza argitu diedala aitortzen didate (edo hori diote behintzat).

Adibide honekin azaleratu nahi dudana ez da arkitekturaz asko dakidala, are gutxiago galdekizunaren erantzuna oso ondo azaltzen dudala (bi gaitasunak dira zalantzan jartzekoak), arkitektura ogibide edo ikasketa arlo duenak erabili ohi duen hitz egiteko eta idazteko eraren eraginkortasunik eza baizik.

Gogoan dut Arkitektura Eskolan ikasten hasi nintzen urtean eduki genuen irakasle bat. Hark, astelehenero, paraninfoan biltzen gintuen lanean hasi aurretik azalpen teorikoa emateko. Ikustekoak ziren gure aurpegiak: bata lo, bestea Whatsappez solasean, hura marrazten… Gutxi ziren jaramon egiten ziotenak. Hura, halere, entzule arretatsuak bagina bezala mintzatzen zitzaigun. Paraninfoko eszenatoki gainean egon beharrean elizako pulpituan zegoela zirudien. Guk, saio haietatik irtetean, barre egiten genuen irakasleak astero esandakoak errepikatzen zituelako; gure artean, mezatara joatea bezala zela komentatzen genuen. Ordutik, ez dira gutxi izan meza eman diguten irakasleak.

Eskola honetan denbora daramazunean ohitu egiten zara askoren itxurazko hizkera jantzira eta dotorera. Aldi berean, modu ia automatikoan, benetako esanahirik ez duten hitzei kasurik ez egiten ikasten du garunak. Segur naiz halako hizkuntza baliatzen dutenak izaten direla, gehienetan, esateko gutxien dutenak. Hainbeste literaturaren atzean ezkutatzen saiatzen direna diskurtso ahul eta pobrea besterik ez da izaten. Espazio pribatuaren eta publikoaren arteko muga lausotzen duen elementu modularraren errepikapenaren erabilera sistematikoarekin… Arren, esan arkupe trakets bat jarri duzula. Halere, batzuetan, lasto horren guztiaren tartean izaten da mami apur bat, topatzen zaila gerta daitekeen arren. Zorionez, herritar arruntak, euskaldun korrienteak, alegia, ez ditu bere egunerokoan guk nozitzen ditugun predikuak pairatu behar, baina, hala gertatzen denean, konparaziora, lehiaketa bateko panelak irakurtzean, harentzat arrotza den lexiko horri aurre egiteko tresnarik gabe aurkitzen du bere burua: sartu den ate beretik irteten da, tutik ulertu gabe atera ere. Ulertzen dut halakoetan batek baino gehiagok arkitektook (ikasleak barne) beste mundu batetik gatozen izakiak garela sentitzea eta ondorioztatzea.

Orwellek (“Politics and the English Language”, 1946) ohartarazi zuen idazle txarrek uste izaten dutela hitz latinoak eta grekoak hitz xumeak edo arruntak baino sakonagoak direla, eta horregatik ideia sinple bat esateko ere hitz ponpoxoak erabiltzen dituztela. Emaitza ez da sakontasuna izaten, itxurakeria baizik; pentsamendua argitu beharrean estali egiten da, eta irakurleak ez daki dena delakoa ideia sinplea den ala ez. Hizkera pedantea, beraz, ez da pentsamenduaren berezko tresna, hura ezkutatzeko estalkia baizik.

Atal honetan idazten hastearekin batera helburutzat hartu nuen herritar guztientzat idaztea, ez arkitektoentzat. Idazki bat argitaratu ondoren, beharbada, pedantea izan naizela iruditzen zaidanean, amonaren deiak argitzen dit zalantza, hark ebazten du (oharkabean) horrela izan den ala ez. Asko gustatu zaiola esaten badit eta, batez ere, ondo ulertu duela entzuten badiot, lasaitu ederra hartzen dut. Ez bera ergela delako, ergelak gu, arkitektura egiten dugunok, izaten garelako askotan. Gure errua da, neurri handian, herritar askorekin dugun komunikazio eskasa eta, jakina, gure esku dago hori zuzentzea. Akaso, hobe dugu gure ego eta konplexuak alde batera jartzea. Utz dezagun literatura idazleen eskuetan. •