Denborak (edo zibilizazioak) sinkronizatzea

Ehun eta bederatzi bira eman ditu Lurrak Eguzkiaren inguruan Iraultza Boltxebikea gertatu zenetik. Egun hura, 1917ko urriaren 25a zen Errusiako egutegi juliotarrean, eta horregatik ezagutzen dugu gertaera Urriko Iraultza gisa -baita urte bereko otsailean garatu zen iraultzatik bereizteko ere, jakina-. Garai hartan tradizio katolikorik gabeko herrialde asko ari ziren egutegi gregorianoarekin lerratzen eta boltxebikeek ere hilabete batzuk beranduago egingo zuten saltoa, 1918ko urtarrilaren 18aren ostean otsailaren 14a kokatuz. Izan ere, egutegi zibilak Eguzkiarekiko dugun mugimenduarekin sinkronizatzean, astro nagusiarekin baino, zibilizazio jakin batekin ari gara lerratzen, ezta?
Urrunago joan gabe, Erreforma Protestantearen testuinguruan zabaldu zen Gregorio XIII.a Erromako aita santuaren izenpeko egutegi berria, zertarako eta Pazko Astea denboran hobeto kokatzeko, omen. Julio Zesarren garaitik indarrean zen egutegiak, hiru eguneko desfasea pilatzen zuen laurehun urtean behin eta XVI. mendean Salamancako Unibertsitatean egin ikerketaren ondorioz, 3333,3 urtean behin egun bateko desfasea pilatzen zuena proposatu zen. Juliotarrak, egiptoarren urtearen neurria zuen oinarrian (365,25 egun) eta hala, lau urtean behin egun bat gehitzera mugatzen zen. Gregorianoak, 365,2425 eguneko zehaztasunaz, bisurteari urte sekularraren kontzeptua gehitu zion (100en multiploak), zeinaren arabera sekularrak ziren bisurteak ez baitziren ospatuko, 400en multiplo izan ezean. Hala, hamabost mendeetan pilaturiko 10 egunak jan eta 1582ko urriaren 4tik 15era salto egin genuen Erromapeko lurralde katolikoek. Denborarekin, egutegi hori pisua hartzen joan zen, lehenik protestanteak (XVIII. m.), geroxeago Asia ekialdekoak (XIX. mende amaiera) eta azkenik ortodoxoak batzeko, XX. mendearen hasieran, nahiz eta gabonak urtarrilaren 7an ospatzen jarraitu askok. Egun, irudian ikus ditzakegu gregorianoarekiko desfaseren bat duten herrialde apurrak.
Egutegiak zibilizazioen erakusle badira, ez ditu mapak berde-berdeak interpretazio goxoak. Zibilizazioa krisian dela esaten da maiz, eta teknologiaren inperioak ez ditu gauzak xamurtuko. Lurraren errotazio abiadura aldakorra denez (Ilargiarekin duen dantzaren ondorioz bereziki, baina baita fenomeno sismikoek edota presa erraldoiek eraginda ere), erloju atomikoen bidez era zorrotzean darabilgun Denbora Unibertsal Koordinatuari (UTC) egokitzapen ñimiñoak egin behar dizkiogu denbora astronomikoarekin sinkronizatzeko. Hala, 1972tik 27 aldiz segundo gehigarri bat txertatu zaie erloju atomikoei (UTCri), makinentzat prozesu desatsegina dena. Telekomunikazioen Batasun Internazionalak proposamena egina du urtero segundoak gehitu ordez 600 bat urteren buruan ordu oso bat gehitzeko, baina ez dago kontsentsurik. Orain, Pisuen eta Neurrien Konferentziak erabaki berri du 2027tik aurrera ez direla segundo gehigarriak txertatuko, beldur baitira urteren batean segundoak gehitu ordez kendu behar izango direla, eta, hala, makinentzat “2000 efektua” izan zenaren moduko arazo konplexu bat sortu. Sinkroniza ditzagun denborak eta zibilizazioak, egiten duguna egiten dugula, Lurrak hortxe jarraituko du biraka eta biraka! •


