Irabazten ikasteko tokia
Guztiok ari gara orain Andre Janonesi buruz hitz egiten, ezkerreko militante brasildarraz, hango hauteskundeen bigarren itzulian Lularen garaipena bultzatu zuen gerrilla digitaleko komandanteaz. Hainbeste zabaldu da bere ospea, beldur naizela ez ote dezakeen aurkako eragina izan. Alegia, jendea nekatzea eta Brasilgo politikari buruz irakurtzeari uztea. Gainera, behar baino arreta gutxiago jartzen diogu gaztelaniaz edo ingelesez idazten ez denari. Pena litzateke, garaipen azpimarragarria izan baita.
Nolanahi ere, zuzenean ez bada ere, Janonesi buruz arituko naiz ni ere. Zin egiten dizuet, ordea, politika eraldatzailea eta komunikazioa interesatzen bazaizkizue, https://janonismo.com/ webgunean sartzen bazarete, ez zaizuela damutuko.
Erreferentzia Xavier Peytibiren eta Juan Victor Izquierdoren «Política Creativa» buletinaren bidez iritsi zitzaidan. Janonismo.com webgunea "Janonismo cultural" (2023) liburutik dator, brasildarrak bere metodoari izena jarri zion lanetik, hain zuzen ere. Webgunearen egileak, Vasco Mendonça kanpainen zuzendari portugaldarrak, aktibista ezkertiarrari egindako omenaldi gisa sortu zuen. Mendoça Europako hauteskundeetan izan da aholkulari, besteak beste, baita Benfica futbol taldeko azken hauteskundeetan ere.
Proiektua haziz joan zen, Brasilgoaz gain beste kasu batzuk sartu zituen, eta toki berrituari “DIY for Change” deitu dio. Aldaketa politikoa bultzatzeko, garaile izan diren 32 kanpaina digital biltzen ditu, nahi duen edonork aztertu eta erreplikatu ditzan. Hainbat herrialdetako kanpainak, erreferendumak eta mugimenduak daude, Lulak lortutako garaipenetik hasi eta Zohran Mamdani New Yorkeko alkate bihurtu zuenekoraino. Zorionez, kasu guztiak ez dira Mendebaldekoak: Kenya edo Nepaleko kanpainak ere aztertzen ditu, besteak beste.
Ekimen independentea izan arren, ez du ezkutatzen aldaketa aurrerakoiak bultzatu nahi dituela. Mendoçak dioenez, «beharbada jende gehiago animatuko du mundua aurrera eraman nahi duten alderdi, mugimendu eta kausetan parte hartzera».
Nabigatzerakoan, komunikazio politikoko baliabide desberdinak topatu daitezke. Kanpainen erreferentziak benetakoak dira, proiektu horien sustatzaileek azaldu dutenean oinarrituta daude. Alegia, idatzi eta esan zutenetik abiatzen dira: liburuak, elkarrizketak, balantzeak, materialak… Dena Creative Commons BY 4.0 lizentziapean dago, nahieran erabili ahal izateko.
Nire kasuan, Irlandan abortua legeztatzeko “Together for Yes” kanpaina gogoratzen duen ibilbidea osatu dut. Harritu egin nau urratsen zehaztasunak, prozesua jarraitzea zein intuitiboa den eta zein pedagogikoa den guztia. Eta zein iradokitzailea.
Kasuak norberaren errealitatera nola egokitu azaltzen da bertan, plan bat nola sortu, eta ariketak ere badaude, ondo ulertu duzun baieztatzeko. Mendoçaren esanetan, «gaur egun irabazten duten kanpainak jendea dagoen tokian egiten dira: telefonoan, kanaletan, taldeetan eta bideo laburretan, baita kalean ere».
Noski, helburua ez da kanpainen kopia hutsak sustatzea, baizik eta funtzionatu duten metodoak beste testuinguru, proiektu eta auzi emantzipatzaileetara egokitzen ikastea. Eraginkortasuna, metodoa, harremanak, komunikazioa, bitartekoak… dena jendearen eskura jartzen da, jendea nolakoa den kontuan hartuta. Politika eta moralismoa nahastea ohikoegia den garaiotan, militatzen ikasteko bitarteko polita iruditu zait. Hanka sartzea derrigorrezkoa da, jakina, baina horretarako bokazioa izatea ez da zuzena. •


