GAUR8

Eisenkot: «Israelek gobernu berri bat behar du, arnastea bezainbeste»

Gobernua osatzen saiatzeko presidentearen agindua jaso ostean, Gadi Eisenkot Israelgo oposizioko buruak eskua luzatu die Benjamin Netanyahuri eta bere gobernuaren parte izan diren alderdi ultrasionistei, «larrialdi nazionaleko» gobernu baten parte izan daitezen. 


Asteburu honetan agindu zion Israelgo presidente Isaac Herzogek Gadi Eisenkoti gobernua osatzen saiatzeko, haren alderdia bozkatuena izan ez zen arren, koalizio gobernu bat osatzeko aukera gehien dituela iritzita. Herzogek gogora ekarri du, «Knesset Israelgo Parlamentuan ordezkaritza duten alderdien gehiengo argi batek» lehenesten duela Eisenkot izatea lehen ministroa, Benjamin Netanyahuren aurretik. Presidenteak aipatutako gehiengo hori, alderdi arabiarrei esker lortu du Eisenkotek. 

Zortzi parlamentari lortu dituen Raam alderdi islamista moderatuak adibidez, Eisenkot babestuko duela iragarri du, aurretik koalizio akordiorik lortzen ez badute ere, “Haaretz” egunkariaren arabera. 11 eserleku lortu eta izaera laikoagoa eta aurrerakoiagoa duen Zerrenda Bateratua berriz, Eisenkotek gobernua osatzearen aldekoa da, nahiz eta orain arte bere jarrera ofiziala abstentzioarena izan, ez aldeko botoa. Gauzak horrela, sinplea dirudi Eisenkotek gobernua osatzeko bidea; arabiar alderdien zuzeneko edo zeharkako babesarekin gobernua eratu, Benjamin Netanyahu agintetik baztertuz. Hain zuzen ere, Eisenkotek dionez, Israelek «gobernu berri bat behar du, arnastea bezainbeste» eta gogora ekarriko dugu kanpainan zehar Netanyahuren aroa atzean uztearen beharra aipatu zuela etengabe oposizioko ordezkariak. 

Larrialdi gobernu baten osaera

Bada, orain, ordezkaritza zabaleko «larrialdi gobernu baten osaera» lehenesten du Gadi Eisenkotek, tartean Bejamin Netanyahuren Likud alderdiari horretan parte hartzeko gonbitea luzatuz. Arabiar alderdiekin lankidetza publikoki errefusatu gabe, larrialdi gobernu horren parte izateko Eisenkotek ezarritako baldintzak, alderdi arabiarrekin edozein elkarlan zailtzera bideratuta daudela dirudi: «Israel estatu judu eta demokratiko gisa onartzea», herrialdearen «Independentzia Adierazpena onartzea», zerbitzu militarra unibertsala izatea eta Hamas erakunde terrorista gisa aitortzea eta bere gaitasun militarrak eta instituzionalak suntsitzeko konpromisoa hartzea». Benjamin Netanyahuren gobernuek defendatu duten erretorikaren oso antzekoa da. 

Eisenkotek 28 egun ditu orain, beste 14 egunez luzatzeko aukerarekin gobernu-koalizioa osatzeko. Porrot egiten badu, Herzogek beste diputatu bati agindu ahal izango dio ardura hori.