Enpatia

Azken boladan enpatia falta handia nabari dut inguruan, eta ez nago kontent horrekin. Bihotzean zimiko bat sentitzea bezalakoa izan da aste honetan aditu dudan nikezdutgrebarenbeharrik bakoitza, adibidez. Izanen da, akaso, enpatiari garrantzi handia ematen diodalako, baina mina sentitzen dut eurek bizi dituzten arazoak soilik existitzen direla uste duen jendea badagoela konturatzen naizenean. Mundua hobea litzateke bertzea adituko bagenu, edo, une ttiki-ttiki batez behintzat, irudikatuko bagenu zer ari den sentitzen eta ulertzen saiatuko bagina. Bitxia da pertsona egiten gaituen horrek zenbat okupatu dezakeen batzuengan eta zein guti bertzeengan.

Hausnarrean aritu naiz zergatik edo nondik datorkidan parekoaren pozak eta minak ulertzeko behar hori. Lagun batek aipatu zidan behin animalien kontua, eta arrazoia zuela uste dut: animaliekin harremana izatea enpatia eta adimen emozionala lantzeko modu eraginkorra da. Gure etxean animaliaz inguratuta bizi izan gara beti eta zortedun sentitzen naiz horregatik. Denetik izan dugu urteotan etxe-jiran: txakurrak, katuak, oiloak, ahateak, untxiak, txerriak, poneyak, astoa, zaldia… eta, noski, mendian bizitzearekin bat datozen bezatu gabeko piztia txiki zein handiak inguruan. Fauna txiki bat, funtsean. Nire bizitzako lehendabiziko hiru urteetan alaba bakarra izan nintzen, eta hautsak hartutako argazkietan ikusten dut nola izaki haien ondoan ibiltzen nintzen maiz. Hori egin izanak orain naizen hau izaten lagundu didala erranen nuke, hein batean, nire izaeraren parte handi bat animaliekin batera garatu baitut.

Ttikik eta Bixkorrek ezin zuten solas egin, edo nik behintzat ez nuen txakurren hizkuntza ulertzen. Haien keinuak irakurtzen eta elkarren gorputzen bidez mundua deskubritzen ikasi nuela uste dut: gainean jarri, buztanetik tira, tripan kilikak egin… jolasaren eta minaren arteko muga hori non zegoen eta neurriak hartzea zer zen ohartu nintzen. Gure etxean animalia aunitz izan dira ni baino lehen hil direnak, eta heriotza zer zen ere lehendabizikoz haien bidez ulertu nuen. Ongi oroitzen dut nola tarteka idazten genuen txabolan poz-pozik mundura sortu ziren egunaren data, baina, aldi berean, nola sartzen genituen tristura handiz haien gorpuak lurpean azken hatsa eman ondotik. Kotxearekin egindako frenazo batzuk ere oroitzen ditut, zeharka ikusitako ileak eta odola zementuaren gainean. Negarrak eta aldi berean inori errurik ez botatzen ikasteko ahaleginak, arriskuak beti hor egonen zirela jabetzeko saiakerak.

Kosta zitzaidan onartzea ilusioz ekarritako txerrikume bakoitzak patua idatzia zuela hilabete batzuen buruan, edo untxiek kaioletan pasatu beharko zutela beren bizitza osoa txerrien gisan izozkailuan bukatu arte. Ezin genituela mila katu izan, eta beraz, jaio bezain pronto desagertuko zirela haietako batzuk eta ez nuela jakinen zer gertatu zen zehazki haiekin. Txakurrek batzuetan lotuta egon beharko zutela oilaskorik ez hiltzeko, sarri animalia batzuk potentzialki arriskutsuak direlako bertze animalia batzuentzat. Ulertu nuen nik ez nuela agintzen izaki horiek non eta nola egon behar ziren erabakitzeko legeetan, eta hainbertze maite nituen animalia horien bizitzak ez zeudela nire eskuetan.

Animaliei esker eguneroko zaintza eta arreta zer den ikasi dut, eta belarrik apenas gelditzen den garaiotan, badakit polita bezain garestia izan daitekeela haiekin bizitzea. Gaitzak hartu duen animalia bat hil beharko dugu egunotan, eta pena handia ematen dit, horrela behar duela onartzen dudan arren. Min hori enpatia sentitzen dudalako datorkidan sentipena dela iruditzen zait, eta mundua nola dagoen ikusita… zer nahi duzue erratea: zorionekoa ni gaitasun hori behintzat badudalako. •