Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Nola ahoskatzen da frankismoa?

Askotan pentsatu izan dut guk, Franco hil ondoren jaio ginenok, ez dakigula ondo ahoskatzen Frankismoa. Francoren oinpean biziraun zutenek desberdin ahoskatzen dute, letra bakoitza azalean burdin goriarekin markatuta balute bezala, minez.

Horregatik sumintzen naiz Francorekin bizitzea zer zen ideia zipitzik ez duten gazteak arinkeria arriskutsuan diktadorea goratzen ikusten ditudanean. Zer da entzun ez dutena? Zer da kontatu ez zaiena? Non moztu da transmisioaren haria? Garrantzitsua da minen, zapalketen eta injustizien kontaketaren transmisioa ere taxuz egitea, Frankismoa ondo ahoskatzen erakustea haren ondoren jaiotakoei. Bestela, urteten jake urteten jakena.

Egun hauetan ikusi dut “El Patronato” dokumentala. “Patronato de Protección a la Mujer” deiturikoa 1941 eta 1985 bitartean martxan egon zen erakunde publiko frankista izan zen. Justizia Ministerioaren gidaritzapean zegoen eta emakumeei nazionalkatolizismoaren balioak ezartzea zuen helburu. Ezartzea ez, burdin goriarekin azalean markatzea. Zentro horietako gehienak erlijio ordenen zuzendaritzapean zeuden; han mojek agintzen zuten. Agintean egon diren mojek oso gutxi izan ohi dute karitatetik eta bihotz onetik. Ustez «galbidean» zeuden emakumeak bide zuzenera ekarraraztea zen patronatoaren zeregina. Galbidea zer zen? Dantza egitea, lagunekin kalean ibiltzea, nobio bat izatea, homosexuala izatea, liburu «arriskutsuak» irakurtzea... Haurdun geratutako nerabeak ere zentro horietako batera eramaten zituzten; 12-15 urte bitarteko neskatoak, haurdun, kasu askotan bortxaketa baten ondorioz. Maiz, aita zen bortxatzailea. Eta emakume haien haurtxo asko familia aberatsei saldu zizkieten, amen baimenik gabe.

Handik bizirik ateratako emakumeek azken urteotan kontatu dute sufritu zutena. Sofan uzkurtuta egon naiz, haien minean sartuta. Hori zen sistema frankista. Hori da sistema frankista. Ondo ahoskatzen ikastea derrigorra da. Eta ondo ahoskatuz gero, mina ematen du. •