GAUR8

Kirolean arrazakeriari aurre egiteko tailerra antolatu du Gasteizko Udalak

Kirolean arrazakeriari aurre egiteko tailerra antolatu dute Gasteizen, hiriko klubei, elkarteei eta kirolariei zuzenduta. Arrazakeriaren adierazpen ezberdinak, tipologiak, alerta seionaleak eta esku harzteko mekanismoak jorratuko dituzte jardunaldian.

Irudian, Alaves eta Eibar futbol taldeen arteko partida.
Irudian, Alaves eta Eibar futbol taldeen arteko partida. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak arrazakeriaren aurkako prestakuntza saioa antolatuko du azaroaren 25ean hiriko klub, elkarte eta kirolariei zuzenduta. Arabako Kirol Federazioen Elkarteak Amadeo Garcia de Salazar plazan dituen lokaletan egingo da tailer teoriko-praktikoa, arrazakeriaren aurkako tresnak emateko helburuarekin. 

Jesus Migallon Soziologian eta Antropologian lizentziaduna eta migrazioetan 26 urte baino gehiagoko esperientzia duen adituak emango du tailerra. «Helburu nagusia arrazakeriaren fenomenoa modu integralean ulertzeko aukera eskaintzea da. Horretarako, arrazakeriaren tipologiak, alerta seinaleak, ondorioak eta esku hartzeko mekanismoak landuko dira, kirolak prebentziorako, bizikidetzarako eta babeserako gune gisa duen eginkizunari arreta berezia eskainiz», azaldu dute udal iturriek.

Jardunaldia Gasteiz Gorrotoaren Aurkako Hirien Sareari atxikitzearen ondorioz antolatu da. LaLigak eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak sustatutako ekimen estrategikoa da sare hori.

Parte hartzaileei «tresna praktikoak eman nahi zaizkie arrazakeria egoerak identifikatzeko, behar bezala jarduteko eta ingurune seguru eta inklusiboak sustatzeko, bai kirolaren esparruan, bai hezkuntzako eta gizarteko beste espazio batzuetan».

Tailerraren helburua prebentzioa sustatzea izango da, erakundeen, familien, entrenatzaileen eta profesionalen arteko sentsibilizazioaren eta elkarlanaren bidez. Errespetuan, bizikidetzan eta talde kohesioan oinarritutako jardunbide egokiak bultzatu nahi dira, kirolak haur eta nerabeentzako babes, inklusio eta garapen pertsonalerako espazio gisa duen zeregina indartuz.

Profesional espezializatuen eta kirolarekin lotutako lekukotzen parte hartzeak, gainera, ikuspegi hurbila eta bizipenetatik abiatutakoa eskainiko du, parte hartzaileen hausnarketa eta konpromisoa sustatzeko.

Bi ordu eta erdiko iraupena izango duen tailerraren bidez, «arrazakeriaren fenomenoaren gaurkotasuna, garrantzia eta premia agerian jarri, inplikatutako erakundeetako, hezkuntzako, gizarteko eta kiroleko eragileen hausnarketa eta konpromisoa sustatu, eta arrazakeria prebenitzen, detektatzen eta horren aurrean garaiz esku hartzen laguntzeko oinarrizko tresnak eskaini nahi dira».