Bizi nahi dut
Ronaren karamelu eta egur zaporeetatik, xigarro ke artean Zumeta margoaren koloretan galduta nabil «bizi nahi dut ahal baldin bada…» abestiaren ska erritmo itsasgarria tarareatzen sentitu naizenean, eztarri berotuan korapilatuta. Baldin Bada musika talde punk-ska-rockeroaren kanta, aurreko milurtekoa izanagatik ere, haizeak birrinezina da, kontrara, harat-honat darabiltza hitzak kolpeka jaurtiz trumoiak nola, zapore gordinak dastatu nahi dituenaren plazerrerako: «Ondo neurtu gelditzen zaizun bizi txikia… negar egin nahi dut eta ezin, oihu egin nahi dut eta debekatua, maitatu nahi dut eta ez didate uzten, borroka ez dut nahi, baina beharrezkoa da, hiltzea nahiko nuke, baina une berean bizi nahi dut ahal baldin bada…».
Bizitza da dena, eta heriotzak eraman egingo nauen arren, noizbait, izorra dadila, bizi eginen dut-eta bitartean, ezpata gainean zenbat eta hurbilago, orduan eta grina handiagoz. Bitxoak atrapatzen banau eta gaitza zabaldu, atzapar eta azazkalekin tinko ainguratuko naiz bizitzara.
Maite ditudanen zauriek edo atzeman dituen gaitzak bizitzen irakatsi didate. Noski hobe nukeen lehenagotik, baina azkenean ikasi dut erabakietan emozioak lehenesten, beroa ematen didanari heltzen, espazioak eta denborak niretzako hartzen, konpartitzen eta besteenak beren moldetan onartzen.
Ez bedi nehor joan haizeak hutsean eramana. Eramanen du aihotz beltzak inoiz, baina doala beteta, ase, maite dutenen altzoan, goxoan, muxu artean, bizitzaren bluesak besarkatuta. •
Minbizia
min bizia
bizi nahi dut
minez bada ere
biziminez
Bizi nahi dut
emozioetan
hats, hots
eta ez agurtu
ezerezean
hets, hits, huts



