EAJ eta PP

EAJrentzat azaroaren 29ko hauteskundeak «zailak» omen dira. Hala aitortzen du Aitor Estebanek, baita kazetari eta analista politiko ia guztiek ere. Baina zergatik dira zailak? Hauteskundeak eskatu eta eskatu ibili ostean horiek prestatzeko behar beste denborarik izan ez dutelako? Bizkaiko barne xextrengatik? Meme bakoitzean haiek bihurtzen direlako meme? Susmoa dut EAJrentzat, hauteskundeez harago, posizio politikoa dela zaila, eta hor topatu behar direla bere zailtasun elektoralen arrazoiak.

Joan gaitezen 2018ko maiatzaren 23ra. M. Rajoy zen Espainiako Erreinuko presidentea. Procés-aren bestondoa, 155.a ezarrita –PSOEren babesarekin–, Altsasu, greba feminista, EH Bilduk Madrilen bi eserleku soilik... eta Esteban bitartekari zela, EAJk Cristobal Montororen aurrekontuak onartu zituen, «erantzukizunagatik», «Euskadiren interesak alderdiaren gainetik jarriz». Kataluniarren aurkako jazarpen egoerak kontraesanak sortu zizkien, baina egoera gutxi-asko kontrolpean zuten.

Astebete eskasera ezustekoa etorri zen, ordea: ustelkeria dela eta, Rajoyren aurkako zentsura mozioa gailendu zen eta Sanchez presidente bihurtu zen, zer eta ezkerreko eta estaturik gabeko nazioetako ordezkarien babesarekin.

Albiste ona izan zen Euskal Herriarentzat, baina EAJrentzat ez horrenbeste. Izan ere, jokaleku berri horretan, EAJren hegemonia sustengatzen zuten oinarrietako batzuk arrakalatu dira pixkanaka. Batetik, Madrilen «euskal interesen» monopolioa galdu du. Jada ez dira «Euskadiren interesen» ordezkari bakarrak, ezkerreko suberanismoak ere eragiteko gaitasuna izan baitu –Hego Euskal Herri osoa aintzat hartuz, gainera–. Bestetik, euskal interes orokorren izenean maiz gutxiengo baten interesak defendatzen dituztela bistarazi da: energia enpresa handiei irabazien neurriko zergak ordainarazi behar zaizkie ala ez? Etxebizitza Legea bai ala ez? Alokairuak mugagabe egin edo ez? Ezezkoan kokatzeak PP, Vox eta UPNrekin lerrokatzea inplikatzen zuen, eta oso deseroso egon dira, jakin baitakite herri honen gehiengoa beste logika batean kokatzen dela –horren lekuko, bloke erreakzionarioak gehienez Hego Euskal Herriko 23 diputatuetatik lau baino ez ditu lortuko–.

Beraz, zer egin? «PP-Voxen Gobernuari ez», baina «inongo bloketan kokatu gabe», diote orain. Lehen irakurraldian ulertzen zaila da, egia esan, blokeak ezin argiago baitaude eta hori esaten duten bitartean PSErekin aliantza bertikala mantentzen baitute. Lerro artean irakurriz gero, baina, eszenatoki jakin bat ireki nahi dutela antzeman daiteke: «polarizazioaren» eta «muturren» aurrean bipartidismoaren eta «Estatu paktuen» itzulera, EAJ euskal interesen ordezkari bakar gisa aurkezteko eta makulu lanak egiteko. Horrela ulertzen da, esaterako, Esteban eta Feijook martxoan Bilbon izandako «solasaldi luze eta zintzoa», baita PP eta Vox bereizteko ahalegina ere.

EAJren arazoa da egun, behintzat, aukera hori oso zaila dela. Feijook, PPren azken kongresuan, argi utzi zuen haien posizioa: erdigunean, «nosotros, los españoles», gaztelera hutsez eta maskulinoan deklinatuta; EH Bilduko barbaroekin izan ezik, «nazionalista eta independentistekin» hitz egiteko prest agertu zen, baina bi baldintzarekin: «argitasuna» –Konstituzio espainola da jokaleku bakarra– eta «bigilantzia», azken urteotan «desleialak» izan baitira eta «ordena» berrezarri behar baita.

Ildo errebantxista horretan, PPk Voxekin paktua egin du Senaturako eta programan ezin esplizituagoa izan da: era guztietako eskubideak murrizteaz gain, «espainolaren irakaskuntza» eta «Estatuaren presentzia» berreskuratu nahi dute, bereziki «Euskadi, Nafarroa eta Katalunian». Zalantzarik balego, Aznarrek irmo esan du: «Gehiengoa nazionala izango da edo ez izango».

Gu, euskal herritarrok, geroz eta urrunago gaude nosotros horretatik. Beraz, edozein dela ere eszenatokia, nola artikulatu eta baliatuko ditugu gure gehiengo nazionalak? Eskapismo ariketak albo batera utzita, uste dut hori dela herri gisa erantzun beharreko galdera. •