Makinek «pentsatzen» dute, eta zuk?

Azken urteotan, unibertsitatean ikasleek ikasteko duten modua nabarmen aldatu da. Guk zalantzaren bat genuenean, apunteak begiratu, ariketa berrikusi eta lagunekin eztabaidatu egiten genuen. Gaur egun ekintza bakarra da: ChatGPTri edo antzekoren bati galdetu, eta erantzuna zalantzan jarri gabe ontzat hartu. Hurrengo ariketa.
Baina ulertzen al dute gure ikasleek nola funtzionatzen duten tresna horiek? Hiru kontzeptu bereizi behar ditugu:
Adimen artifizial (AA) sortzaileak: Datu multzo handiei esker patroiak ikasi, eta horien arabera eduki berria sortzen duten sistemak dira: testua, irudiak, kodea… Sortzen dutena entrenamenduetarako jasotako datuen antzekoa da estatistikoki .
Hizkuntza eredu handiak edo LLMak (ingelesez, Large Language Model): AA sortzaile mota bat dira, testu kopuru oso handiekin entrenatutakoak. Oinarrian, haien funtzionamendua sinplea da: testu zati bat emanda, probabilitatea erabiliz, hurrengo hitza aurreikusten dute. Hitza testuari gehitu, eta prozesua errepikatzen dute erantzuna osatu arte. Testu sinesgarri bat sortzen dute, baina ez dago egiaren bermerik.
ChatGPT, Claude, Gemini eta antzekoak: Gizakiaren eta makinaren arteko elkarrizketa ahalbidetzen duten tresnak dira, eta LLM batean oinarritzen dira. LLMak gure eskaera interpretatzen du, eta zeregin konplexuetan, lana ataza txikiagotan banatzen du: informazioa bilatu, kalkuluak egin… Ataza horiek egiteko kanpoko tresnak erabil ditzake. Amaitzean, LLMak berak idazten digu erantzuna.
Horregatik, tresna horiek informazio zuzena ematen duten ziurtasun berberarekin eman dezakete informazio okerra. Eskaera interpretatzetik erantzuna idatzi arte, urrats bakoitzean huts egin dezake. Zenbat gauza atera litezke gaizki?
Baina arriskurik handiena ez da adimen artifizialaren erantzun okerra. Makinak ikaslearen ordez pentsatzen duenean, haren buruak lan egiteari uzten dio. Benetako arazoa ikaslearen garunean gertatzen ez den guztia da: saiakerak, zalantzak, akatsak, zuzenketak. Garuna entrenatzen ez bada, ahuldu egiten da. Zenbat eta gutxiago pentsatu, orduan eta gutxiago jakingo dugu makinaren erantzunak ebaluatzen, eta orduan eta itsuagoan fidatuko gara. Begizta infinitua.
Horrek ez du erran nahi eredu hauek etsaiak direnik. Ongi erabilita, ikaskuntza izugarri aberastu dezakete. Ikasleak kontzeptu bat bertze modu batera azaltzeko eska diezaioke, edo bururatu ez zaion bide bat proposatzeko. Baldintza bakarra dago: emandako hitza zalantzan jartzen ikastea. Zuzena al da? Zergatik hau eta ez bertze hori? Bide horretan, makina solaskide bihurtzen da, eta ikaslea esploratzaile.
Arazoa da lerroa hagitz fina dela. Galdera kritiko baten eta “egin iezadazu ariketa hau” eskaeraren artean, urrats txiki bat baino ez dago, eta tentazioa handia da. Makinarekin pentsatzetik makinari pentsatzen uztera erraz irristatzen gara, ohartu ere egin gabe. Horregatik, gakoa ordena da: lehenik pentsatu, eta behar izanez gero, LLMari galdetu. Gero, hausnartu eta zalantzan jarri. Horrela aberastuko da prozesua.
Azken finean, adimen artifiziala ez da arazoa, giza adimena erabiltzeari uztea baizik. Makinei “pentsatzen” irakasten ari gara: galdera da ea guk pentsatzen jarraituko dugun. •


