GAUR8

Parkinsonen gaixotasuna eta fisioterapia

Ariketa terapeutikoaren bitartez pazienteek oreka, koordinazioa eta indarra lantzen dituzte. (GETTY IMAGES)

Parkinsonen gaixotasuna mundu osoan milioika pertsonari eragiten dion arazo neurodegeneratibo progresiboa da. Nerbio-sistemaren funtzionamenduan eragina du, batez ere mugimenduaren kontrola kaltetuz. Nahiz eta adineko pertsonengan ohikoagoa izan, gero eta gehiago ikusten da diagnostikoa adin goiztiarragoetan ere. Zientziak aurrerapauso handiak eman dituen arren, oraindik ez dago sendabiderik, baina tratamendu egokiek bizi-kalitatea nabarmen hobetu dezakete.

Gaixotasunaren jatorria garunean dago, zehazki dopamina sortzen duten neuronen galeran. Dopamina funtsezkoa da mugimendu koordinatuak egiteko, eta haren gabeziak sintoma tipikoak eragiten ditu: dardarak atsedenaldian, zurruntasun muskularra, mugimendu moteltasuna eta oreka arazoak. Hasierako faseetan sintomak arinak izan daitezke eta askotan oharkabean pasatzen dira, baina denborarekin nabarmenagoak bihurtzen dira.

Tratamenduari dagokionez, ikuspegi multidiziplinarra funtsezkoa da; halere, denen artean arlo farmakologikoa nabarmentzen da, gakoa dopamina mailak orekatzean baitatza. Tratamendu konplexua da, batzuetan zaila delarik paziente bakoitzaren neurria aurkitzea, baina funtsezkoa da, horrekin sintomak nabarmen arindu daitezkeelako. Fisioterapiari dagokionez, gure helburua ez da soilik mugikortasuna mantentzea, baizik eta pazientearen autonomia ahalik eta gehien luzatzea. Ariketa terapeutikoaren bitartez pazienteek oreka, koordinazioa eta indarra lantzen dituzte, beraz, ibiltzeko entrenamenduak, erritmoarekin lotutako ariketak edo luzaketak oso eraginkorrak izan daitezke. Ebidentzia zientifikoak erakusten duenez, ariketa fisiko erregularrak gaixotasunaren progresioa moteltzen lagun dezake, baita sintoma batzuk arindu ere.

Bestalde, Parkinsonen gaixotasuna dutenek antsietatea edo depresioa jasaten dute sarri, beren eguneroko jarduerak murriztuta ikusten dituztelako. Ariketa programatuek eta terapeutaren jarraipenak konfiantza handitzen laguntzen dute, eragin emozional onuragarriarekin. Teknologia berriek ere aukera berriak ireki dituzte. Errealitate birtuala, adibidez, gero eta gehiago erabiltzen da mugimenduak lantzeko eta motibazioa handitzeko. Era berean, taldeko saioek gizarte harremanak sustatzen dituzte, isolamendua saihestuz.

Laburbilduz, Parkinsonen gaixotasuna erronka handia da bai pazienteentzat bai osasun sistemarentzat. Hala ere, fisioterapeuta, logopeda eta neuropsikologoen elkarlan estuan, posible da bizi kalitate ona mantentzea denbora luzean. Etorkizuneko ikerketek itxaropena pizten dute, baina, gaur-gaurkoz, prebentzioa, ariketa eta arreta integrala dira tresnarik eraginkorrenak. •

www.abante.eus