2026 MAI. 28 - 05:00h Maria Bayo soprano handiak 65 urte bete ditu Berriki –joan den maiatzaren 12an– jaso du Maria Bayo soprano nafarrak Estatu frantseseko Arteen eta Letren Ordenaren Domina (Ordre des Arts et des Lettres), egindako ibilbidearen aitorpen gisa. Gaur, maiatzaren 28an, 65 urte bete ditu euskal musika kultua nazioartera zabaldu duen emakume honek. Maria Bayo, Arriagan 2008an. (Marisol RAMIREZ | FOKU) GAUR8 María Bayo 1958ko maiatzaren 28an jaio zen, Fiteron. Musika ikasketak Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioan egin zituen, eta, gerora, Hochschule Für Musik Westfalen Lippe en Detmold zentroan (Alemania) ere ikasi zuen. Gaur egun abeslaria eta pedagogoa bizi eta lan egiten duen Valentzian, Centre de Perfeccionament del Palau de Les Arts-eko zuzendaria baita bertan. Eta Valentzian jaso zuen maiatzaren 12an Arteen eta Letren Ordenaren Domina. Bere ibilbidean ez da jaso duen sari bakarra: 2002an Vianako Printzearen saria, 2009an Musika Sari Nazionala, 2011n Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Saria, 2020an Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina... Nazioartekoan itzal handiko ahotsetako bat da Maria Bayo. Europako, Ameriketako eta Asiako hainbat herrialdetan abestu du, eta ohiko artista izan da munduko eszenatoki nagusienetan. Aipatzekoa da musika ondarea berreskuratzeko egin duen lana. Arambarri, Guridi eta Canteloube handien lanetan oinarrituta, euskarazko abestiak ere grabatu ditu. Operako rol anitz antzeztu ditu, Barrokotik hasita (Cavalli, Graun, Hasse, Haendel, etab.) XX mendera iritsita (Debussy, Granados, Falla, Poulenc, Stravinski). Rossini eta Eskola frantziarra (Gounod, Bizet, Offenbach y Massenet) bere kuttunenak dira. Munduko antzeztoki puntakoenetan abesten ohi du: Scala (Milan) Staatsoper (Berlin), Hanburgo, Munich, Dresde, La Monnaie, Covent Garden...