2026 MAI. 30 - 00:00h Sionistak prentsari zaunka Iñaki Soto GARAko Zuzendaria / Director de GARA Duela gutxi, erakunde sionistek deituta, Manhattaneko “The New York Times” egunkariaren egoitzaren aurrean 200 pertsona inguru bildu ziren Nicholas Kristof kazetariak idatzitako iritzi zutabe baten argitalpena salatzeko. Bi Pulitzer sariren irabazlea den Kristofen zutabearen izenburua “The Silence That Meets The Rape of Palestinians” zen (Isiltasuna palestinarren bortxaketaren aurrean). Hamalau pertsonaren lekukotzak bildu zituen Kristofek, baita NBEren eta Israelgo giza eskubideen aldeko erakundeen txostenak ere. Xehetasunez azaltzen ditu Israelgo militarren eta zaindarien eskutik atxilotze-zentroetan dauden preso palestinarrek jasandako abusu sistematikoen, torturen eta sexu-indarkeriaren akusazio larriak. Lekukotzarik gordinen eta hunkigarrienen artean, sexu-abusuak egiteko trebatutako txakurren erabilerari buruzko kontakizunak daude. Egitate horrek bereziki asaldatu ditu sionistak. Horren harira, Benjamin Netanyahuk Estatu juduari “The New York Times” egunkariaren aurkako kereila jartzeko agindu zion, difamazioagatik. Egunkariko arduradunek kazetaria defendatu dute. Datu guztiak egiaztatu zituztela azaldu dute, eta Israelen mehatxua ohiko estrategia politikotzat jo dute. Horren bidez, kazetaritza independentea ahuldu eta kontakizun ofizialarekin bat ez datorren edozein informazio isilarazi nahi dute. Sionisten “The New York Times” egunkariaren aurkako protesta ergelkeria da. Izan ere, Gazako genozidioaren eta Israelen krimenen inguruan egunkari ospetsuak izan duen ildo editoriala alderdikoia, biguna eta zorroztasun gutxikoa izan da, kasu hoberenetan; eta kolaborazionista, are eta kriminala ere izan da, txarrenetan. “The Intercept” hedabideak egunkariaren Gazari buruzko barne-memorandum bat argitara eman zuen 2024an. Bertan, editoreek kazetariei funtsezko termino batzuen erabilera saihesteko eskatzen zieten. Palestinarren lurrak aipatzerakoan “lurralde okupatuak” esamoldea saihestea agintzen zuen. Zenbait hitzen erabilera nazioarteko auzitegien legezko testuinguruetara mugatzeko esaten zien. Ildo beretik, NBEn iritziaren aurka, “errefuxiatu-eremuak” terminoa ez erabiltzea aholkatzen zen. Salbuespenezko kasuetan izan ezik -NBEren ebazpenetan-, “Palestina” hitza erabiltzea debekatzen zen. Urriaren 7aren ostean egindako hainbat azterketa kuantitatibok AEBko hedabide nagusiek hildakoen berri emateko orduan alderdikeriaz jokatzen zutela erakutsi zuten. Adibidez, “sarraski” bezalako hitzak askoz maizago erabiltzen ziren Israelgo biktimak aipatzeko palestinarrak aipatzeko baino. Aipamen kopuruan eta alde bakoitzari eskainitako xehetasun humanoan desoreka handia egon zen, Gazako haurren sufrikarioa neurri handi batean ikusiezina eginez. Alegia, sionistak ez daudela “The New York Times” egunkariaren tratuagatik protesta egiteko moduan. Jakina, biktimismoz ari direla esanez gero, antisemitismoa leporatuko dizute. Halere, komunikabideon munduan, aldekoen erasoak eta presioak ez dira arraroak. Berriki gertatu zaio Vocentori, Florentino Perez Real Madrileko presidentearen hitzaldiaren harira. Futbol taldeari emandako tratuagatik “Abc” egunkariaren harpidetza bertan behera utziko zuela agindu zuen Perezek. Halere, ez itxoin “Abc”-n euskal herritarren torturei buruzko iritzi artikulurik. Hain zuzen ere, Gazako genozidioa salatzeagatik BBCtik kaleratu zuten Gary Lineker parafraseatuz, Espainian «futbola hamaikak hamaikaren aurka jokatzen duten kirola da, zeinean beti Guardia Zibilak irabazten duen». •