GAUR8

Duela hamabost urte inauguratu zen Cristobal Balenciaga Museoa

Getariako Cristobal Balenciaga Museoa 2011ko ekainaren 7an inauguratu zuten Sofia espainiar erreginak eta garai hartako Patxi López lehendakariak. Hamar urteko atzerapena zeraman, ustelkeria-delitu batengatik eta funts publikoak bidegabe eralgitzeagatik ilunduta jaio baitzen museoa.

Inaugurazio ekitaldiaren irudia. Orduko lehendakaria Patxi Lopez zen. (IREKIA)

2011ko ekainaren 7an inauguratu zen eta hilaren 10ean ireki zituen ateak Getariako museoak. Jendaurrean ireki aurretik, orduko espainiar erregina, Sofia, erakundeetako agintari nagusiak eta modako eta kulturako ordezkariak ofizialki inauguratu zuten. Lehendakaria Patxi Lopez zen.

Museoa egiteko 30 milioi euro inbertitu ziren eta Getariako Aldamar parkean kokatutako museoa bi eraikinetan banatu zen: bata Aldamar jauregi historikoa da, XIX. mendeko eraikin monumentala, Casa Torres markesek udako bizileku izan zutena; bestea eraikin berria da eta aurrekoari mendebaldeko fatxadatik atxikita dago.

Cristoobal Balenciaga Fundazioa 1999an eratu zuten Getariako Udalak eta Kultura Ministerioak, eta, 2010eko irailean, Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak bat egin zuten ekimenarekin. Fundazioan botere exekutiboak zituen pertsona hasieratik Mariano Camio izan zen –EAJeko alkatea garai hartan–, Julian Argilagos diseinatzaile kubatar-estatubatuarraren laguntzarekin.

Fundazioko idazkaria izan zen Manuel Cabreraren hitzetan, «Camio kontratuak egiten zituen pertsona zen, banku-sinadura eta erakundearen izenean jarduteko botereak zituen». Eta boterea erabili zuen, eta nola. 2019an epaituak izan ziren biak. 

Fundazioak jostun-sortzaile bikainaren bilduma paregabea gordetzen du. Piezen artean, Europako errege-erreginentzat eta aristokraziarentzat egindako sorkuntzak daude. Azpimarratzekoak dira Belgikako Fabiola erreginaren ezkontzako soinekoa, Grace Kellyren jantzi batzuk eta nazioarteko kulturako eta politikako ordezkarientzat zein aberats handientzat egindakoak, hala nola Monna Bismarcken eta Rachel Mellonen soinekoak eta Hubert de Givenchyren bilduma pertsonala.