2026 EKA. 27 - 00:00h Informatika garrantzitsuegia da Emakumeak Zientzian jardunaldiko une bat. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Nerea EZEIZA RAMOS Informatikaren arloa ezagutza-eremu oso gaztea da, baina horrek ez du esan nahi tradizio luzea eta bilakaera sakona ez duenik. Aurrekari zaharrenak alde batera utzita, informatikaren garapen nagusiaren hasiera Bigarren Mundu Gerraren amaieran koka daiteke, lehen konputagailuak ugaritu zirenean. EHUko Informatika Fakultatearen historia 1971n hasi zen, Donostian Informatika Zentroa sortu zenean. 1976ko martxoan, zentroa Estatu espainoleko lehen hiru fakultateetako bat bihurtu zen, garai hartan Valladolideko Unibertsitateari atxikita. Alabaina, Informatika Fakultatearen atxikipena laster aldatu zen, 1980an, Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zenean. Gauzak asko aldatu dira 50 urteko historian, ez bakarrik informatikaren arloan, baita gizartean ere. Emakumeok arloan dugun presentzia ere aldatu da. Eremuaren hastapenetan emakumeen presentzia orokortua zen, eta atzean geratu dira Informatika Fakultateko ikasgeletan ikasleen erdiak neskak ziren urteak. Gaur egun, presentzia hori %15-20 tartean dago, %30-35ean Adimen Artifizialeko graduan. Desoreka horren atzean dauden arrazoiak askotarikoak dira eta eztabaida ditzakegu, baina ondorioak argiak dira. Neska askok zailtasunak dituzte funtsean maskulinotzat jotzen den bokazio bat aukeratzeko. Baina hemen gakoa da aniztasun falta horren ondorioz, etorkizuneko mundu digitala irudikatzea eta garatzea noren esku geratzen den. Nekez garatuko dugu guztiok barne hartuko gaituen mundu digital bat lantaldeak pluralak ez badira. Aniztasun eza ez dagokio soilik generoari, baita mundua eta gizartea ulertzeko moduari ere. Teknologia digitalak, zalantzarik gabe, negozio handia dira, baina gizarte hobea eta bidezkoagoa eraikitzeko bitartekoa ere badira. Oinarrizko ikerketa beti funtsezko zutabea izan duen zentroa izanik, konpromiso soziala beti egon da presente Informatika Fakultatean. Adibide baterako, Informatika, Zuzenbidea, Soziologia, HEFA (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea) eta beste zenbait zentrotako kideak biltzen dituen ONDARE ekimenarekin, Informatika Fakultateak gizarte osoaren onurarako mundu digital baten aldeko apustua egiten du. Nesken presentziaren beherakada progresiboaren aurrean, errukitu beharrean, Informatika Fakultateak, emakumeon eskutik, aurre egin beharreko erronka gisa hartu zuen egoera. Mende-aldaketarekin batera, e-makumeak taldea sortu zen. 25 urte baino gehiagoko ibilbidean, Informatika Fakultateko gure lankideek etengabeko lana egin dute arlo honetako emakumeon ekarpenak bistaratzeko. Argitalpen hau, hain zuzen ere, lan horren adibide da. Genero-desoreka kezkagarria izanik ere, itxaropentsu gaude. Saretzen jarraitzen dugu. Esate baterako, HackMorea ekimen berriak ez ditu soilik gure lankideak biltzen, gure ikasleak ere inplikatzen ditu, Informatika Fakultatean espazio propioa sortuz. Laguntza eta lan sare horren bitartez, gure ikasleek elkarlanean dihardute lehen hezkuntzako ikasgeletara mezu argi eta sendo bat eramateko. Emakumeak Zientzian ekimenaren leloa hartuta, “Informatika ere bada nesken kontua”. Eta Karen Spärk Jones informatikari britainiarraren leloarekin amaitzeko, “Informatika garrantzitsuegia da gizonezkoen eskuetan uzteko”. •