GAUR8

Duela 150 zendu zen Mikhail Bakunin, anarkismoaren ‘aita’

Gaur 150 urte, 1876ko uztailaren 1ean, zendu zen Bernan 62 urte zituenean Mikhail Aleksandrovitx Bakunin, anarkismoaren aitatzat jotzen dena. Lau urte lehenago, Marxi aurre egin eta lehenengo Internazional Sozialistatik kanporatua izan zen errusiar iraultzaile hau. Ekintza-gizona zen Bakunin.

Bakunin, Nadalek egin zion argazki ikonikoan. (WIKIPEDIA COMMONS)

Tsarraren mende zegoen Errusian jaio zen Mikhail Aleksandrovitx Bakunin (Pryamukhino, Tver Governorate, 1814ko maiatzaren 30a – Berna, 1876ko uztailaren 1a). Aita familia noblekoa zen, baina liberala eta etxean hezi zituen seme-alabak, irakasle partikularrekin.

Etxean frantsesa ikasi zuen, alemana eta ingelesa ere –urte batzuk geroago lagunduko zion Estatu Batuetako egonaldian–, baina ez zuen gramatika errusiarraren inolako ikasketarik jaso. 

14 urte zituenean San Petersburgoko artilleria eskolara bidali zuen aitak eta, 7 urte beranduago, lortu zuen semeak gorrotu zuen armada uztea. Gero filosofia ikasi zuen Moskun eta San Petersburgon. 

1840an Sartaldeko Europara aldatu zen, eta ezkerreko hegeliarren (Feuerbach) eta sozialista utopiko frantsesen (Fourier, Proudhon) irakatsiak ezagutu zituen. 1842tik 1848ra Parisen bizi izan zen.

1848an Europako iraultzetan esku hartu zuen: Paris, Praga, Dresden. Azken hiri honetan preso hartu zuten eta hiltzera kondenatu. Errusiako gobernuari eman eta zazpi urte kartzelan eman ondoren Siberiara deportatu zuten.

Eragin handia izango zuten bere osasunean espetxean emandako urte haiek. Siberian erbesteratu poloniar baten alabarekin maitemindu eta ezkondu egin zen, eta handik ihes egin ostean Londresen finkatu zen.

Polonian, Tsarraren Inperioaren aurkako matxinadaren ondoren (1863-1864) eta Proudhonen eraginpean, anarkismoari lotu zitzaion behin betiko. 

Handik Estatu Batuetara joan zen eta gero, Europara itzuli zenean, bere pentsamendu anarkista gizarte sekretuen eta klandestinoetan landu eta zabaldu zuen: Londres, Florentzia, Napoli… Genevan ‘Europako Estatu Batuak’ defendatu zituen, baina behetik gora antolatutako estatuak ziren.