2026 UZT. 04 - 00:00h Ardo onak bezala Itzea Urkizu Urteroko hitzordua da edozein herritako jaietan, zapia lepoan. Usaindu egin daiteke egun gogoangarrienen rankingean beste egun ahaztezin bat gorpuzteko grina, ordu gutxitan erraustuko den hori. Lehen, kristalezko (hasieran) eta plastikozko (ordu txikiagoetan) edalontzietatik zetozen likido hotzen euforia surfeatuz eraikitzen genuen egun horretako gozamenaren etxea. Orain, ahal dugun bezala saiatzen gara aspaldiko parranda haien nostalgia eta momentuko errealitatea surfeatzen. Gauzak aldatu egin baitira, bai; nola ez ba. Gauzak eta kaleak eta bizimoduak eta azalak eta pertsonak aldatzen dira, eta herriko festek halako perspektiba periodiko bat eskaintzen dute herrikide ditugunei hamabi hilabetean behingo jarraipena egiteko. Berez, festaren antipodetan beharko lukete dikotomia edo arrakala markatzen duten faktoreek: zapiari berdin zaio inguratzen duen lepoaren diametroa zein den; lepo horren barruko eztarriak zer gosaldu duen; azal horrek zenbat melanina duen; lepo horri bizarrik ateratzen ote zaion edo ez. Hori paper gaineko teoria besterik ez da, ordea. Praktikan, banaket(ar)en gainean eraikita baitago edozein herritako edozein festa. Akaso horregatik, gure gozamenaren etxeak desberdintasun horien zirrikituetan eraiki ditugulako, 40 urtera inguratzen ari garenon artean askotan entzun eta ahoskatzen da, edozein herritako jaietan, gu ardoa bezala zahartzen ari garela, eta beraiek ez. Esan beharrik ez dago ‘gu’ zein garen eta beraiek ‘nortzuk’ diren, ezta? Eskerrak mahai ertzetik beti altxatzen duen ahotsa lagunen batek, zalantzan jarriz zergatik gertatzen ote den hori. Zergatik lortzen dugun guk, urtez urte eta festaz festa, zahartzaroari (alegia, bizitzari) iskin egiten ari garela itxuratzea, izterretan ildoak eta sabelean gantza dugun arren. Zergatik zaizkigun guri superdesiragarri dagokigun adinari erantzuten dioten gorputzak eta adimenak, ile eta bizar urdinak, guk gureak bi hilean behin estaltzen ditugun bitartean. Jabetzen ote garen teorian bai baina praktikan askatzen ez ditugun soka horien guztien tentsioaz. Tira, ardo ona ere ozpindu egin daitekeela oxigeno gehiegirekin; onena, urte(ro)koa. •