GAUR8

Duela 35 urte kendu zuten agintetik Mikhail Gorbatxov

1991ko abuztuaren 19an Mikhail Gorbatxov kargutik kendu eta haren ordez ordura arte presidenteordea zen Guennadi Yanayevek hartu zuen boterea, Larrialdietarako Estatu Batzordea sortuz. Estatu kolpeak ez zuen aurrera egin, baina esan daiteke hortxe amaitu zela urriko iraultzarekin hasitako bidea.

Mikhail Gorbatxov, 2013an, bere biografia Alemanian aurkezten. (SPREETOM | WIKIPEDIA)

1991ko abuztuaren 19a astelehena zen, eta egun hartan kendu zuten kargutik Mikhail Gorbatxov. Osasun-arrazoiengatik zela argudiatu zuten, baina sobietar garaian ohikoak ziren horrelako aitzakiak agintariak kargutik kentzeko. Haren ordez, ordura arte presidenteordea zen Guennadi Yanayevek hartu zuen boterea, eta Larrialdietarako Estatu Batzordea sortu zuen. Bertan parte hartu zuten indar armatuen eta zerbitzu sekretuen arduradun nagusiek, baita Nekazarien Batasuneko ordezkari batek eta Estatuko Enpresen Batzordeko beste batek ere. Estatu kolpetzat ulertu zen mugimendu hori, eta Gorbatxovek egin nahi zituen aldaketek sortutako ezinegonari erantzuten zion. Bikain azaldu zuen egun haietan gertatutakoa Isidro Esnaola ikerlariak Artefaktuan.

Ezinegon handiko egunak izan ziren, eta mundu osoa Moskura begira jarri zen. Boris Yeltsin tanke batera igota, Estonia eta Letonia independetzia ofizialki aldarrikatzen, kolpisten artean gero eta desertzio gehiago... Hiru egun igarota, Gorbatxov berriz agertu zen Moskun, eta Sobietar Batasunarekin amaitzeko neurriak iritsi ziren bata bestearen atzetik.

«Estatu kolpea urriko iraultzarekin hasi zen proiektuaren amaiera izan zen. Aste horretako ostiralean Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista debekatu zen eta bere ondasun guztiak konfiskatu ziren. Eta abenduaren 25ean, Mikhail Gorbatxovek SESBen desegitea sinatu zuen, bere nazioarteko betebehar guztiak eta armategi nuklearra Errusiako Federazioari eskualdatuz», gogoratzen zuen Esnaolak.