2026 ABU. 29 - 00:00h Pribilegioak errespetatu, gero Espainol batzuen arabera, diktadura gorri batean bizi gara. Bitxia. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Gorka Etxebarria Dueñas Historialaria Gehiegi tenkatu omen zela soka eta orain komeriak. Ezin omen dela ezer ere esan. Feminismoa gehiegizkoa izan omen zela, pasatu zirela. Eskerrak ezin dela ezer ere esan... Hitz eta pitz dabiltza, etengabe, lotsak alboratuta. Inoiz baino agerikoagoa da eskuin zaharberrituaren mezua. Sistemaren aurka egiten omen dute. Diktadura gorri batean bizi omen gara, askatasunik gabe. Nonbait, iraultza proletarioa egin dugu, eta ni enteratu gabe. Noski diktadura baten zantzuak daudela, ez dira galdu inoiz. Kartzela zigorrak ezartzen dizkiote oraindik jendeari, erregearen eta guardia zibilaren aurkako mezuak zabaltzeagatik. Militarrek zelatan jarraitzen dute, haien whatsapp taldeetan gogoraraziz 26 milioi putaseme fusilatu beharko liratekeela. Espainian bertan, jazarpena jaso dutenak umore-egile antifaxistak izan dira, zigorrak, isunak, epaiketak... izan dituztenak. Diktadura gorria izateko arraroa. Jarraitzen dute beraiek inposatutako hauteskunde sistema ulertu gabe. Parlamentuko gehiengoen kontu bitxi hori, zeinetan presidente izendatzen den babesik zabalena lortzen duena. Nork jakin nola erreakzionatuko duten, berriz ere hauteskundeetako emaitzak errepikatzen badira Espainian. Askotan kateatuta ikusten dut nire burua, Pedro Sanchezen Gobernua defendatzen ariko banintz bezala, eztabaidatik nola atera jakin gabe, azalduz parlamentuan gehiengoa lortzea ez dela estatu kolpe bat. Ezkertiar itxura ikusi ziguten aurrekoan Gaztelako herri batean eta gazte batzuk oihuka hasi zitzaizkigun: «¡Rojos! ¡A rojazo correazo!». Euskal hiztunok ere diktadura ezarri omen diegu. Zer da kontua, euskaraz ez badakizu zure azterketaren nota baliogabetzen dutela eta kito. Euskaraz ez jakitea eskubidea da epaileentzat, unibertsitatera joateko eta lanpostu publikoak lortzeko. Ez jakitea saritzea, hori bai dela mauka. Zer-nolako diktadura ezarri dugun! Argi gogorarazi ziguten, kasu gorriok! Beti bezain obsesionatuta daude Espainiaren mugak errespetatzearekin ere: «Ceuta Espainia da, kontuz gero!». Baina, aldi berean, «¡Gibraltar español!». Mugak bai, baina batzuk bakarrik. Espainiar nazionalismoaren paradoxa berezi hori, nazionalistatzat besteok gauzkana eta mugak ezarri nahiaz akusatzen gaituena. Gogoan dut Iruneko muga pasata arduratuta zegoen lagun espainiar bat, kartelean “Lapurdi” jartzen zuelako eta ez “Frantzia”. «Zu hain ez-nazionalista izanda pozik egon beharko zara», esan nion, «muga ezabatzen ari gara-eta». Internazionalista sutsua artegatua zegoen, nolatan abertzaleok halako ausardia dugun, Espainiako muga bera ere ez errespetatzeraino! Azken finean, “diktadura” deitzen diote ezarritako pribilegioak zalantzan jartzeari, betiereko pribilegiatu izateko eskubidean bakarrik sinisten dute. Besteoi ematen dizkigute noizean behin zirrikituak, alderdi politikoak sortzeko edo nahi duguna esateko (pasa gabe). Baina benetan balio dien bakarra besteon kontura aberasten jarraitzeko eskubidea da. Aberastasunaren diktadura. •