GAUR8

Islandiak EBn sartzeko negoziazioei ezetz esanda, kolpe gogorra jaso du Bruselak

Burujabetza eta independentzia eztabaidaren muinean izan diren erreferendum estuan, Islandiak EBn sartzeko negoziazioei ezezkoa eman die botoen %52,8rekin (baiezkoak, %47,2). Independentziaren Alderdiaren eta arrantza industriaren garaipena izan da.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Larunbatean eman zitzaien hitza islandiarrei. Europar Batasuneko kide izateko 2009. urtean hasi eta sei urte beranduago eten ziren negoziazioei berrekitea ala ez, hori zen erabaki beharrekoa. Irlaren independentzia eta burujabetasuna zeuden eztabaidaren erdian, eta Trumpek Groenlandian eta Bruselak Ukrainan dituzten jokabideak eta horien ondorioak islandiarren gogoan. Eta Brusela, larri, oso gertutik segitu zuen boto zenbaketa.

Inkesten arabera, bi aldeak, baiezkoa eta ezezkoa, parez pare zeuden. Baiezkoa zen pixka bat faboritoago, batez ere Reykjavik hiriburuan aterako zuen aldeagatik. Boto zenbaketa hasi zenean, baiezkoa zen buruan. Bost ordu geroago, baina, ezezkoak aurre hartu eta, azkenean, botoen %52,8rekin irabazi zuen; batik bat, hiriburutik kanpoko beste barruti guztietan lortu zuen abantailagatik.

ARTIKOAREN GEOPOLITIKA

Adituentzat ezezkoaren garaipena euroeszeptikoa eta kontserbadorea den Independentziaren Alderdiarena izan da: herritarrekin kanpaina zuzen eta arrakastatsua artikulatzen asmatu du. Eta, era berean, arrantza industria boteretsuaren garaipena ere bada, Bruselarekiko negoziazioei berrekiteak arrantza sektorearen (estrategikoa, esportazioen %40 eta BPGren %7) gaineko burujabetzaren galera ekarriko lukeela defendatu baitu.

Dudarik gabe, ezezkoa kolpe latza da Europar Batasunarentzat. Hasteko, klubera kide (oso aberats) berri bat batzeko aukerak porrot egin duelako, eta, bestetik, gero eta garrantzi geopolitiko handiagoa duen Artikoan bere presentzia areagotzeko aukera zapuztu delako; noiz eta azken hilabeteetan AEBk Groenlandiaren inguruan egindako mugimenduen testuinguruan eta Txina eta Errusia Artikoko Zetaren Bidea (Ekialdeko Asia eta Europa Artikoaren bidez lotzen dituen merkataritzako itsasbide berria) zabaltzen ari direnean.

Izan ere, Trumpen itzala luzea da eta NATOren babesean oinarritutako segurtasun ereduak eztabaida piztu du. Are, ezarri dituen merkataritza tasek eta Groenlandia anexionatzeko asmoak ezinegon handia sortu dute Reykjaviken; Islandiak ez baitu armada propiorik, eta, karta hori jokatuz, EBk ezkutu gisa aurkeztu du bere burua. Arlo ekonomikoan, koroa islandiarraren ezegonkortasunak inflazioa handitzea (%5,2) eta hipoteka tasa igotzea (%8,6 eta %9,8 artean) ekarri du, eta, ondorioz, Islandia munduko herrialde garestiena bihurtu da. Kanpainan entzun diren argudioen artean, Islandiako Unibertsitateko Ekonomia Institutuak aipatutakoa izan da, hots, euroa moneta gisa hartuz hipoteka tasak %2,8 eta %3,8 artean jaistea posible izango litzatekeela.

IDENTITATE NAZIONALA

Hala ere, ezezkoak irabazi du. Ozta-ozta, baina irabazi. Eta badira diotenak kanpaina egiteko ezezkoak diru gehiago zuelako irabazi duela, edo alarmismoa eta beldurrak hobe esplotatu dituelako, Brexitean egin zuten bezala. Badira, jakina, Errusiaren beso luzea Islandian ikusi dutenak ere.

Arrantza eta nekazaritza Islandiako identitate nazionalaren parte dira. Eta landa eremuko boto emaile askorentzat EBn sartzea nortasun nazionala galtzea da. Eta nortasuna galtzea, are blokeen mundu ezegonkor batean eta ondoko irla handia mehatxatzen duten pertsonaiekin, den-dena galtzea litzatekeela sentitzen dute.