2026 IRA. 02 - 12:21h Etorri berriei euskarara hurbil daitezen gonbita egiten duen ekimena hasi dute Oarsoaldean Oarsoaldeko lau udalek beste herrialde batzuetatik etorritako herritarrak euskarara gerturatzeko gonbidatzen duen ekimena jarri dute martxan. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabiarrez bota dute mezua, eta helburua da bakoitzak aukeratzea erritmoa. Lezon, Errenterian, Oiartzunen eta Pasaian abiatutako kanpainaren kartela, irudian. (Oarsoaldea) GAUR8 Beste herrialde batzuetatik Oarsoaldera bizitzera iritsitako herritar berriak euskarara gerturatzeko kanpaina abiatu dute eskualdeko lau udalek, hots, Errenteriak, Lezok, Pasaiak eta Oiartzunek. Eskualdeko Euskara Batzordeak koordinaturiko ekimen honen bidez, herritar berriek euskararanzko urrats bat egin dezaten bilatzen da, nork bere errealitatetik eta egoeratik, eta nabarmentzen da hizkuntza tresna ere badela herriaren bizitzan behar bezala murgiltzeko eta bide berriak irekitzeko. Oarsoaldea Garapen Agentziatik jakinarazi duenez, herritar bakoitzak ikusiko du nola eta noraino hurbildu nahi duen euskarara, hala nola hitz solteak eta agurrak ikasiz, seme-alabak euskal ereduan eskolatuz, bere saltokian euskararen presentzia bermatuz, elkarrizketa laburrak egiteko adina ikasiz edota kultur eskaintzetara joanez. «Bide zabal eta anitza eskaintzen die gure eskualdeak bertara etorritako pertsona horiei, eta kanpaina honek euskara euren promozio sozialerako elementu gisa aurkezten die herritar berriei», adierazi dute. Modu honetan, bakoitzak bere unean uneko ahalmenetik euskara kontuan izan dezan lortu nahi dute kanpainaren sustatzaileek, eta euskararen komunitateko kide izatera gonbidatzen dituzte. «Oarsoaldea anitza da, eta elkartasun osoz jokatu nahi dugu bertara etortzen diren bizilagun berriekin, elkarbizitza eta herritarren arteko ezagutza indartuz eta beti ere euskara bidelagun», adierazi dute. Bada, irailaren 30era bitarte, Oarsoaldean bizi diren herritar etorri berriek euskarara gerturatzeko gonbita aurkitu dute hainbat puntutan, besteak beste, autobus geltokietako markesinetan, sare sozialetan, esku orrietan, ekimenerako prestatutako bideoan edota prentsan. Kanpainako euskarriek irudi erakargarri eta koloretsua dute eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz dakartzate mezu eta leloak. Kanpainaren euskarri nagusiak etorri berri batzuen eta eskualdeko herritar batzuen lekukotzak azaltzen dituen bi bideo labur, esku orriak eta markesinetako irudiak dira. Bideoak sare sozialetan eta www.oarsoarrak.eus webgunean daude ikusgai.