2026 IRA. 05 - 00:00h «Cringe»-a eman gabe Iñaki Soto GARAko Zuzendaria / Director de GARA Begiratu dut, eta ez naiz gure komunikabideetan aipatuko duen lehendabizikoa izango. Aurreko astean Raimundo Fiterok aipatu zuen GARAn, “Farmear aura” artikuluan, hain zuzen ere. Azken aste honetan Mendebaldeko ia egunkari guztietan «aura farmeatzea» fenomenoari buruz ari dira. Gutxi asko, egunkari batek bere jendartean hitz egiten diren gauzez hitz egin behar du. Ez derrigor jendeak hitz egiten duen eran edo zentzuan, baina bai gertatzen denari bizkarra eman gabe. Ezer entzun aurretik «txorakeriak!» esatea ez da jokabiderik eraikitzaileena. Latinoamerikatik omen datorren eta euskal nerabeen artean orain zabaldu den jokabidea da «aura farmeatzea». Gaztetxoek, modu axolagabean, karisma eta beren buruarengan konfiantza erakutsiz, ospea edo «puntuak pilatzeko» egiten dituzten ekintzei egiten die erreferentzia. Interneteko joera biral batetik sortutako adierazpena da eta Alfa belaunaldiaren ezaugarria. «Aura farmeatzeko batailak» antolatzen dituzte, kalean, bi neraberen arteko aura borrokak egin eta horrekin gozatzeko. Honezkero Hego Euskal Herriko hirietan egon dira honelako lehiak: Donostian, Iruñean, Gasteizen, Bilbon… baita herrietan ere -Tuteran eta Andoainen, adibidez-. Ipar Euskal Herriko aipamenik ez dut topatu, baina Parisen ari dira, eta ez dut uste joera honetatik aparte geratuko denik. Hizkuntzari dagokionez, gaztelania ingelesarekin nahasten dute, eta, agian, euskara, logikoena hori da. Edonola ere, puristentzat, aura «metatzea» edo «pilatzea» alternatiba izan daitezke. Beste aukera «eztabaida filologikoak farmeatzeko batailak» antolatzea da. Maila batean beste garai bateko guay, cool, popularra edo jator izatearen antzeko zerbait da, baina sare sozialen garaian. Herriko festetan, goizeko ordu txikitan, tabernako barratik botatzen den gizasemearen edo txosnen erdian errusiar erara dantzatzen hasten denaren antzeko zerbait bezala ikus daiteke. Alde horretatik, pogo dantzek, diskoteken kanpoko aparkalekuetako elkarretaratzeek, bertso eta dantza desafioek, kirol zaletasunaren erritualek… izpiritu antzekoa zuten. Identitatearekin, parte-hartzearekin, nortasunarekin eta benetakotasunarekin zerikusia duen jokabide soziala da. Ez dute ezer asmatu, agian, baina grabatu eta zabaldu egiten dute. Aldea hori bada, ez da txikia, baina ezta guztiz berria ere. BURNS JAUNA ARTILEZKO TXANOTXO BATEKIN Gaztetxo hauek ikustean helduok sentitzen dugun gauzetako bat auzo lotsa izan daiteke. Sentipen hori, ordea, bi norabideko errepidea da. “The Simpsons” telesaileko Burns enpresari gorrotagarriak gazteekin konektatu nahi duenean artilezko txanotxo bat janzten du eta beren jargoia erabiltzen ahalegintzen da. Irrigarria da. Egia da oreka ez dela erraza. Azken urteotan cringe-a eman dugu, «alua zerbitzatzen» saiatu gara, «PEC» zerbait ona dela ulertu dugu, «kriston meme andantiak» saihestu ditugu, «zakil txikien energia» identifikatu dugu, red flag-ak aurreikusi ditugu… Belaunaldien artean hitz egin ahal izateko, hiztegi komun bat behar da. Gaitegia finkatzea beste kontu bat da, kulturaz ez ezik ekonomiaz ere hitz egin beharko genuke-eta. Gakoa entzutea da. Jakina, nostalgia eta aitakeria baztertuta. Ez ditugu zertan gazteen jokabideak edo gogoak partekatu behar, baina ulertzen ahalegintzea minimoa da. Izan ere, Burns jauna txanotxoarekin baino zerbait gorrotagarriagoa existitzen bada, horixe Burns jauna txanotxorik gabe izatea da. •