GAUR8

GAUR8, borobil infinitu eder hori!


"Gaur” iraganaren eta etorkizunaren zubia da. Pailazook datorren urtean 40 urteko iragana metatuko dugu. 1987ko abenduan eman genion hasiera ametsez beteriko abentura sudurgorri eder honi. Euskara eta alaitasuna ziren gure lehen helburuak eta baloreak eta koloreak batu zitzaizkien denborarekin, eredu ere baginela haurrei begira konturatu ginenetik.

Eta “Gaur” ere bada etorkizuna irudikatzeko lehen pausoa, eroriz eta altxatuz ikasitakoarekin bide berri bat margotzeko elkarrekin. Aspalditik gatoz eta urrutira goaz… eta “Gaur” ere bada maite dugun koloretako munduaren puzzle erraldoi eta korapilatsu horri egunerokotasunean eraikitzen dugun euskal piezatxoa itsasteko ahalegin herrikoia.

Eta “8”, zer da “8”-a? Bi borobil batuta. Bata bestearen gainean elkartuta. Eta borobilak maite ditugu sudurgorriok. Borobilak sortzea… etxekoekin, ikaskideekin, lankideekin, lagunekin, bizilagunekin, herritarrekin, elkarrekin eta elkarri begira, patxadaz, gure minak, amorruak eta ezinak partekatzeko, gure lorpenak eta pozak ospatzeko, gure amets pertsonal eta kolektiboak marraztu, hausnartu, eztabaidatu, adostu, ardurak banatu eta herria eraikitzeko, norberetik hasita, Euskal Herritik infinitura begirada jarrita. Bai, “8”-a, etzanda jarrita, infinitua ere badelako… egin proba.

GAUR8, hori dena zara zu, zaintza gune ameslari amankomuna, euskal borobil infinitua, ilargiraino eta buelta maite duguna! •