2026 URR. 17 - 00:00h Zuretzat zer da GAUR8? Gonbidatuak Lekuona Fabrikan egindako ekitaldian GAUR8ren milagarren zenbakia irakurtzen. (Jon URBE | FOKU) GAUR8 Hainbat kolaboratzaile eta lagunek audio bidez azaldu digute zer den beraientzat GAUR8, milagarren zenbakiaren aitzakian. Hona mezu batzuk idatziz: «GAUR8 norabide bat da, astebetera apuntatzen duen bektore bat. Hausnarketa soziokritikoz eta mikroliteraturaz blaitutako begirada asteroko oskolaren pean. Euskara hutseko begirada freskagarria da. GAUR8 ez da gaur, ez da aurrera begiratzea; GAUR8 gaur, bihar eta gehiago da, atzotik eta gaurtik etorkizunera bultzada, errealitatetik bulkada. Kezka, zalantza eta ziurgabetasunean aurrera egitea da». Xabier Mikel ErrekondoIritzi emailea «Hasieratik kolaboratzen dut GAUR8n. Niretzat harrigarriena da denbora honetan oraindik ez zaretela nirekin nekatu, eta bertan idazten jarraitzen dudala. Niretzat ekarpen nagusia nire buruari, nire lanbideari buruzko hausnarketak egitea da, eta modu horretan nik neuk ere ikastea, beste bati gauzak azaltzerakoan norberak ere asko ikasten duelako». Oier GorosabelFisioterapeuta «Niretzat GAUR8 da txikitasunean arreta jartzea askotan handiak zaizkigun gai horiek ulertu ahal izateko. Edota GAUR8 da hitzei garrantzia ematea eta horiei errespetua izatea. Baina GAUR8 zerbait bada, konfiantzazko gune bat da, nire ertzetik begira eroso sentitzen naizen habitat bat, zientzia, prosa poetikoa eta kontakizuna nola uztartzen diren behatzeko». Iñaki Sanz-AzkueBiologoa «Niretzat pribilegio bat eta ardura bat da, baina bereziki, mundu nahasi eta azkar honetan patxadaz eta euskaraz pentsatzeko leku bat da. Izan daitezela beste mila. Zorionak! » Oier ImazFilosofoa Niretzat GAUR8 da etxe bat, etxe bat jende pila batek euskaratik eta euskaraz astero-astero eta mila bider eraikitzen duena; eta etxe bat, ezinbestekoa gaur egungo munduan, batez ere aterpea ematen diolako kanpoan igual hotzez hilko litzatekeen kazetaritzari. Maddi TxintxurretaKazetaria «Niretzat GAUR8 hausnarketarako bideak irekitzen dituen espazio bat da, filosofiaren plazera plazara eramateko modu bat». Itsaslore YarzaFilosofoa «Hamarkada bat baino gehiago daramat Meatzaldetik nire lurrazpiko abenturak marrazten, GAUR8ko leihotik zizareen munduko abenturak zabaltzen». Amaia BallesterosMarrazkilaria «Niretzat GAUR8 da bertze buelta bat, mendi itzuli lasai bat, perspektiba, gauzak alde aunitzetatik begiratzea, ulertzea, elkarrizketa, filosofia, maitatzea eta asmatzea, gelditzea eta berrabiatzea». Maider IantziKazetaria «GAUR8 orri zuri bat izan da niretzat, eta orri zuri hori hazteko espazio bat. Agerkariko mantxetaren itzalean barrena husteko eta beste barren batzuetan eragiten saiatzeko lekua. Ahalduntzeko txokoa, pentsarazi didan errota, liburu bat bizitza aldakor honi zabalik. Mila zenbaki horietan kabitzen diren bizitza zati guztiengatik, zorionak eta bejondeizuela, GAUR8!» Itzea UrkizuKazetaria eta editorea «Ia bederatzi urte pasatu dira hemendik lehenengo begirada idatzi nuenetik, ehun zutabetik gora. Euskal Herriarekin, euskararekin eta irakurleekin lotuta mantentzen nauen zubi bat da GAUR8». Garazi GoiaIdazlea «Niretzat GAUR8 da gai ugariren inguruan sakontasunez irakurri ahal izateko aukera bat, pausa bat egiteko aukera, eta, noski, baita idazteko aukera ere. Gaur egun, paperaren edo ordenagailuaren aurrean jarri eta ideia batzuk mahai gainean jartzea, idazketa ariketa hori egitea... ederra da. Eta GAUR8 gosaltzeko ordua ere bada; larunbatetan gosari lasai bat GAUR8 irakurriz ederra da. Bizi ditugun garaiotan horretarako denbora hartzea, gelditzea bera, plazera da». Lur AlbizuAbertzalea eta feminista