2026 URR. 31 - 00:00h Salbu egon ala bizi Maddi Txintxurreta Kazetaria / Periodista Positibismo autolaguntzailea bezainbeste gorroto dut ezkortasun kronikoa, toxikoak iruditzen zaizkit biak ala biak. Ez dakit zerk betetzen dituen gehiago psikoterapiako kontsultak, desamodioak ala kapitalismoak, baina nago otsoaren beldurrez ihes egiteko estrategiak azkar asko utziko gaituela arnas gabe. Ondo dago Maltzagaraino elkarrekin iristeko ideia, baina hango anoa guneko apurrek ez digute guztioi jaten emango, eta otsoari ihestea garaipen gisa saltzen dugun bitartean, errotondan bueltaka segituko dugu, datozen hauteskundeetan, eta hurrengoetan, eta hurrengoetan. Horregatik, zorabiatu aurretik, nahiago dut oinak kalean ainguratu, eta, adibidez, Vito Quiles asaldatzailearen intrusioa geldiarazi zuen Bilboko mobilizazio antifaxista ospatu. Ez soilik ultraren performancea saihestea lortu zuelako, baizik oraindik ere -eta bereziki orain- “ez dira pasatuko” leloaren bueltako murruak sendotzea ezinbestekoa delako. Ezinbestekoa da faxismoak aurki ditzakeen zirrikitu guztiak ixtea, ez hautetsontziak bakarrik. Beldurrak defentsa estrategietara kondenatzeko arriskua dakar, nekez uzten du proposamen berriak eraikitzeko tarterik: Gau Beltzaren zain gautuko dira egunak. Horregatik, nahiago dut oinak kalean ainguratu, eta pasa den urriaren 17an Zestoan egindakoa ospatu. Memoria piztearren, iazko abenduan Zestoako sei herritar epaitu zituzten Donostiako Auzitegian, elkartasun feminista gauzatzeagatik. Une horretan, tamalez oraindik ere zaharkitu ez den “elkartasuna ez da delitua” leloa astindu zuen Mugimendu Feministak, eta konbentzimendu horrek bultzatuta artikulatu zuten herritarrek sei epaituen aldeko babesa. Hilabete batzuetara iritsi zen ebazpena, absoluzioa seientzat. Hala ere, prozesu judizialak eragindako kostuei aurre egin behar diete epaituek, zehazki, 30.000 eurotik gorako zama ekonomikoari. Horregatik, urriaren 17ko “Elkartasuna Plazara” jaialdiak helburu bikoitza zuen: batetik, garaipena ospatzea, eta, bestetik, zama ekonomikoa arintzea. Beste ahalegin bat eskatu zitzaien herritarrei, beste elkartasun dosi bat, eta eskatutakoa tonaka eman zuten: elkartasuna defenditzetik elkartasuna egitera pasatu ziren. Besteak beste, bertsoek, herri bazkariak eta kontzertuek osatu zuten egun osoko egitaraua, eta pentsa ze marka, jaialdia aurrera atera ahal izateko txandetarako (sukaldea, barra, muntaketa, bazkaria zerbitzatzea, sarreren salmenta…) behar baino boluntario gehiago zeuden. Eta herritarren inplikazio horri esker, 21.000 eurotik gora bildu zituzten elkartasun jaialdian, herri txiki batean gauza handiak egin daitezkeela demostratuz. Ez dakit zerk betetzen dituen gehiago hauteslekuak, beldurrak ala aldaketarako gogoak, baina nago otsoaren aurretik korrika egiteari uzten diogunean lortuko dugula aurrera egitea, nola hautetsontzietan, hala kalean ere. Gotorlekutik atera ezean, ezingo dugu erakutsi herri txiki honek gauza handiak egin ditzakeela. Salbu egotearekin konformatuko gara ala bizitzea aukeratuko dugu? •