2026 AZA. 14 - 00:00h Faxismoaren uholdea, ekaitza eta xirimiria Ramon Sola Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad Ultraeskuinari aurre egiteko modu eraginkorrena asmatzea premiazko erronka da. Ez baita erraza, Madrilen Broncanok Abascalekin eginiko hanka sartze larriak berretsi duenez. Gure herrian hobeto gaude, zorionez: antifaxismoak jardun luzea du, erro sakonak, aniztasun ideologikoa, belaunaldiz belaunaldi pasa da lekukoa... baina hemen ere ez da aski. Faxismoak abiatu duen makroerasoaldiak fronte asko sortzen dituelako, hibridoa eta zabala da aldi berean, euskal tradizioan ezezagun diren borroka esparru berriak sorraraziz. Neurri handi batean, teknologia berrien bidezko komunikazioak eragin du lokatza hori, eta uholde modura etorri zaigu gainera, ez zipriztinen bidez. Nola egin borroka sare sozial eta abarretan, non ultraeskuinak erraztasun guztiak dituen, baliabide, eskrupulu falta eta hizkera aldetik? Vito Quiles eta Gabriel Rufianen arteko harremana sobera adierazgarria iruditzen zait. Biak pertsonaia biralak izanik, erraz ohartu dira, ideologia aldetik elkarrengandik oso urrun egon arren, elkarrekin agertu ezkero, bestearen komunitate zabalean “arrantza” egin dezaketela, nahiz eta, era berean, hurbiltze horrekin batak bestea “zuritu” duen. Eta hala gertatzen dela egiaztatzen dut praktikan: gazte asko Vitozale dira, beste gazte asko Rufianzale, eta askotxo ere Vitozale eta Rufianzale aldi eta maila berean. Irrigarria, baina erreala. Kalearen esparrua dago gero, Euskal Herrian historikoki hobekien baliatu duguna. Manifestazio handien bidez egin zaie aurre Quilesi, Falangeari, Voxi... Hainbesteko ahaleginak merezi ote duen hausnartu du zenbaitek. Nik ez dut erantzun garbirik, baina bistan da duela ez asko espainiar erregea, aurretik Franco eta Carrero, Guardia Zibila, Auzitegi Nazionala edota banka handiaren aurka xahutzen zirela euskal indarrak. Ynestrillasekin maila jaisten hasi zen, eta egun txotxolo batek markatzen du agenda, edalontzi batean sartzen diren zaparradak eraginez. Ekaitzak azkar pasatzen dira, edozein kasutan. Ea Quilesek uzten duen lur bustia emankorra den, eta ez soilik labainkorra. Xirimiriak gehiago kezkatzen nau. Sakoneko aldaketa soziopolitikoek, alegia, ideologian bete-betean eragiten dutelako, eta epe luzera. Gasteizko Legebiltzarreko Osoko Bilkura berezian, EAJko pare bat kideri entzundakoak zer pentsa eman zidan. Joseba Diez Antxustegiri pasarte batean ulertu nionez, ultraeskuinaren iritziak bereganatzen ari diren pertsonekin malgutasunez jokatu behar dugu, tolerantziaz, abegikor, senide edo lagunak izan daitezkeelako. Bere hitzetan, «gaur egunean, ezkerra eta eskuina etiketa errazegiak dira. Gaur, jendeak ez du talde ideologiko trinkoetan militatzen, gauzetan militatzen du, ez ideologietan». Legebiltzarreko saio berean antzeko bidetik jo zuen Imanol Pradalesek, ulerkor berak ere. Etorkinen aurkako jarrerak «ezezagunari beldurrak eta nortasun propioaren aldeko kezkak» eragiten dituela aipatu zuen. Justifikazio puntu bat antzeman nion argudioari, nahiz eta aldatzeko asmoz jardutea behintzat defendatu zuen Lakuako Gobernuburuak jarraian: «Kontu horietan ezin dugu beste albo batera begiratu, hortaz eztabaidatu behar dugu». Ados, baina Antxustegiri azal diezaiola Pradalesek. Edo Jon Insausti Donostiako alkateari, «humanismoa»-ren izenean, dozenaka laguni jatekoa kendu baitie, bide batez «ezezagunari beldur» hori elikatuz. Izan ere, borroka hau fronte guztietan irabazi beharko da -likido egoeran, gas egoeran eta solido egoeran- edo ez da irabaziko. •