2026 AZA. 14 - 00:00h Independentziaz galdezka Albertan Kanadatik bereizteko erreferenduma egin dute. Trumpek markatutako oinarri erreakzionarioek gidatu dute galdeketa, eta indigenen bultzadarekin porrot egin du. Quebecek ere galdeketa dauka agendan. Kanadako lehen ministroa, Mark Carney, Edmontonen urriaren 16an egindako mitin politikoan, «Forever canadian» lelopean. (DPA-EUROPA PRESS) Urtzi Urrutikoetxea Alberta eta Quebec, legez, Kanadako bi probintzia dira. Bien arteko antzekotasunak hor amaitzen dira, ziurrenik. Azken asteotan, munduan independentzia auziak ikertu ohi dituzten radarren sartu dira biak, horratik, modu desberdinean izan arren. Quebec Alberta baino ezagunagoa da gehienentzat. XX. mendearen amaieran bi independentzia erreferendum egin zituen probintzia frankofonoak. Lehenean ezetza nabarmen nagusitu zen, baina bigarrenean, 1995ean, ezetza gailendu arren berriro, oso estua izan zen emaitza. Ordutik, Kanada barruan eta atzerrian ezinbesteko erreferentzia bihurtu da autodeterminazio eta sezesio prozesuen ikerketan. Berriki, Parti Quebecois alderdi independentistak berriz irabazi ditu bozak, eta hirugarren galdeketa bat egiteko asmoa agertu du. Ez berehala, Donald Trumpen agintaldiak Kanadako politikan distortsio handia eragiten duela jakitun. Baina hura joandakoan, quebectarrei berriro ere independentziari buruz galdetu nahi diete. SEZESIO ULTRA Quebec hiritik ia 4.000 kilometro daude Edmontonera, Alberta probintziako hiriburura. Aurrekoan ez bezala, Albertan ez dago herritar frankofono eta anglofonoen arteko bereizketarik. Ingelesa da jaun eta jabe, Kanada gehienean bezala. Izatekotan, bi probintzietako jatorrizko herrien hizkuntzen egoerak dute antzekotasunik: bietan oso ahul; bietan hizkuntza kolonialen asimilazioari aurre egin nahian. Nondik sortu da orduan Albertan Kanadatik bereizteko proposamena, ingelesez mintzo diren herritarren artean? Bada, horrelako ideiek sektore atzerakoi eta ultraeskuindarren artean izan dezaketen arriskutik. Alberta, luzaroan, Kanadako probintzia eskuindarrena legez aurkeztu izan da. Trumpistena, nahi bada, AEBko presidentearen planteamendu baztertzaile eta ultrenak errotu ditzakeen leku bakarra. Teorian, independentziaren aldeko direla dioten taldeen artean ez da falta argi esaten duenik AEBrekin batzea dela azken helburua. Egiaz, Kanadak AEBrekin bat egitea proposatzea bera, inorentzat erakargarria gerta bazitekeen ere, azkenean kaltegarria gertatu zen. Albertako lehen ministro ohia Kanadako kontserbadoreen burua ere bazen. Justin Trudeauren Gobernua gainbehera zetorrela iritsi zen Trump Etxe Zurira. Trudeauk dimititu eta Mark Carney alderdikidea bihurtu zen behin-behineko lehen ministro, hauteskundeak egin arte. Ordura arteko inkestek kontserbadoreen garaipena ematen bazuten ere, Trumpen probokazioek eta Carneyren usaimen politikoak bozak berriz ere liberalek irabaztea ekarri zuten. Kanada mendebaldeko probintzia da Alberta, arrantxo edo etxalde handiena, eta cowboy armatuena. Edmonton hiriburua hiri unibertsitario progresista da, eta Calgary ere, herrialdeko hiri handienen artean egonik, aurrerakoi samarra da. Baina gainerako txokoetan, indibidualismo sarri arrazista eta immigranteen aurkako jarrera hedatuta dago. Probintziaren arazoak Ottawari leporatzen dizkiote askok; petrolio ugari izanik, gainera, Kanadatik bereizita askoz hobeto leudekeela ondorioztatu dute buruzagi eskuindar horiek. Albertako erreferendumaren bezperan, urriaren 18an, Albertako Federazio Sindikalak Kanadako batasunaren alde hiriburuan antolatutako manifestazioan adin eta jatorri guztietako pertsonek hartu zuten parte. (Ron PALMER / EUROPA PRESS) Testuinguru horretan, eskuinak 2025eko hauteskundeak galdu ostean Albertako Gobernu eta Parlamentu kontserbadorea erreferendumerako prestatzen hasi ziren. Hasteko, galdeketa bat eskatzeko baldintzak apaldu zituen: hauteskunde erroldaren ehuneko hogeik sinatzea eskatzetik, azken bozetako boto emaileen ehuneko hamarren sinadura nahikoa izatera pasatu ziren. Eta horiek lortzeko epea luzatu egin zuten, hiru hilabetetik laura. Danielle Smith Albertako lehen ministro eskuindarrak Kanadako Gobernuaren aurkako sektore ultren txistuak jaso zituen iaz bere alderdiko konferentzian. Hamar urte lehenago David Cameronek Erresuma Batuan egin zuen antzera, Brexitaren inguruko erreferenduma deitzeak britainiar eskuin muturra baretuko zuela pentsatuta alegia, Smithek ere galdeketa egiteko baldintzak ahalbidetu zituen. Beste bederatzi galdera egiten zituen Referendum Act edo Erreferendumaren Legea onartuta, independentziari buruzko hamargarrena iragarri zuten. Zehazki, Alberta herrialde subirano bihurtzea eta Kanadako zati izateari uztea planteatzen zuen galderak. INDIGENAK Azken hilabeteetan, Kanadan jarraitzearen aldekoek laurehun mila sinadura lortu zituzten, batuta segitzearen aldeko galdeketa bat egiteko; hauteskunde batzordeak baieztatu zuen sinaduren balioa. Aurkakoek, Kanadatik bereiztea proposatzen zutenek, 301.000 sinaduraren berri eman zuten. Zalantzazko datua da, eta hori lortzeko legez kanpo zentsua erabiltzea egotzi zitzaien. Edozelan ere, ordura arteko prozesua geldiaraztea lortu zutenak Albertako indigenak izan ziren. Maiatzean, Albertako auzitegiek atzera bota zuten sinatzaileen eskaera, probintziako indigenei kontsultarik egin ez zietela argudiatuta. Izan ere, XIX. mendean herri indigenek britainiar Koroarekin eta hura ordezkatzen zuen Kanadako Gobernuarekin sinatutako hiru hitzarmenek balio konstituzionala dute. Funtsean, Albertako lurralde osoa hartzen duen edozein muga aldaketa bertako jatorrizko herritarrekin kontsultatuta egin behar dela ezartzen dute. Danielle Smithek erabaki judizialak kritikatu, eta galdera berri bat planteatu zuen: ez zuten independentziari buruz galdetuko, baizik eta horretarako erreferendum bat nahi ote zuten. Hau da, erreferendum batera deitu zuen, beste erreferendum bat nahi ote zuten galdetzeko. Trikimailua ikusita, indigenak eta Albertako gainerako herritarrak eskuin muturraren independentziaren aurka mobilizatzen hasi ziren. Azkenean, urriaren 19an izan zen galdeketa. Boto emaileen %76k ezetz esan zieten Smithi eta eskuin muturrari. Parte hartze handia izan zen, indigenen artean ehuneko 95era iritsi zena. Auzia, behin betiko ez bada, luzaroan behintzat ixteko moduko kopurua da. Eta Cameroni Ingalaterran gertatu bezala, aurkari ultrak haserre ditu, ez dira konformatu eta paretik kendu nahi dute. QUEBECEN ALDEA Erreferenduma baino bi aste lehenago, Quebecen independentistek irabazi zituzten hauteskundeak. Albertan ez bezala, Quebecen frantses hizkuntzak ematen dien nortasun berezitua argia da, eta Parti Quebecois alderdia sozialdemokrata izan da historikoki. Edozelan ere, adituek diotenez PQren arrakasta ez dator hainbeste proposamen independentistatik, baizik eta Paul St-Pierre Plamondonek alderdia populismo eskuindar baztertzailera eramatetik, Quebecen arazoak immigrazioari leporatuz. Hala, PQk ez du ukatu Albertako independentistekin harremanetan egon direla, eta arretaz segitu dutela hango prozesua. Carney lehen ministroa urriaren 15ean, erreferendumaren bezperetan, Calgaryn Kanadaren batasunaren alde egindako ekitaldian. (DPA-EUROPA PRESS) Quebeceko independentistek beste erreferendum bat nahi dute, baina 2029a baino lehen ez dela izango ere iragarri dute; izan ere, ondo dakite Donald Trumpek erabateko distortsioa dakarrela eztabaidara. Kanadaren aurkako probokazioek, AEBko 51. estatu deituz, inoiz ikusi gabeko abertzaletasun kanadarra piztu dute, baita Quebecen ere. Azken batean, liberalek garaipen handia lortu zuten 2025eko bozetan, eta Mark Carneyk onarpen handia dauka oraindik. St-Pierre Plamondok ohiko erretorika frankofono independentista (monarkiaren aurka, kasurako), etorkinen kontrako diskurtsoarekin nahastu du. Nahi bada, frantses laikotasuna eta sinbolo erlijiosoak eskolan debekatu nahia askatasun indibidualen liberalismo anglo-saxoiarekin lehian jarri du. Zernahi dela, galdeketa ez da berehala izango, eta ziurrenik Quebeceko Gobernuak Ottawarekiko desberdintasunetan sakontzen jarraituko du. Arrangurak pilatzea prozesu independentista askoren baldintza da. 1995ean bezala, indigenek, gutxiengoa izan arren, boto erabakigarria izan dezakete. Orduko hartan pasiboki bozkatu zuten aurka. Finean, botere kolonialek haiei dagozkien lurrak bereiztea zekarren, beren lurraldean muga artifizial berri bat sortzea. Quebecek Kanadarekin arrangurak izan ditzakeen bezala, herri indigenek ere badituzte eurenak. Esaterako, frantsesa ez da Quebeceko hizkuntza soilik, Kanada osoan dauka babes federala, bertako hizkuntza indigenek baino askoz handiagoa. Hala, inuitak erabateko gehiengoa izanik Nunavuten, adibidez, eta probintziak inuktikut hizkuntza ofizial egin arren, frantsesa gainetik dago. Gune federaletan, hala nola auzitegietan, frantsesa eta ingelesa soilik dira beharrezko.