GAUR8

Horra zertan den gure etxea


Behin eta berriz galdu ditugu gerrak, batailaren bat salbu. Txikiak gara, hizkuntza gutxitua dugu, ezdeus samarrak gara munduaren osotasunari erreparatzen badiogu. Minorizazio prozesu betean egon gara –eta gaude–, ez dugu baliabide handirik, ezta altxor preziaturik ere. Baina mirari bati eutsi diogu, borrokaz, mendez mende: bizirik gaude. Iraun dugu eta azalberritu gara.

Galtzaileen bandokoak izan gara maiz, akaso hor ere gustura bizitzen ikasi dugu. Sarritan entzun izan dut egoera okerrenek suspertzen gaituztela. Nahiko zabalduta dagoen ideia dela esanen nuke. Ez nago batere ados, ordea. Bizitzan bizi izan ditudan egoera gogorrenak ez nituzke errepikatu nahi, haiek gogoratzean kolektibotasun eder batek besarkatzen banau ere. Besarkada horrez harago, ongi gogoratzen baitut sufrimendua ere, ongi gogoratzen baititut galerak, eta ongi gogoratzen baitut beldurra. Egoera okerrenetan ongi dagoela dioenak gutxi du galtzeko, edo apenas ezer ez. Ez da bakarrik ahuldade edo zaurgarritasun kontua: sistema bere horretan mantendu eta injustiziak are gehiago betikotzeko eta are gehiago iraunarazteko biolentzia areagotu behar da. Indarkeria zuzena eta indarkeriaren beraren intentsitatea areagotu behar dira. Zer esan nahi du horrek? Subjektu zehatz batzuek are biolentzia handiagoa jasoko dutela, dagoeneko gertatzen ari den bezala, LGBTI kolektibotik hasi (pertsona transekiko ankerkeria bereiziz) eta pertsona migratuetaraino. Baina ez bakarrik hori.

Izan ere, ultrek Madril eta Parisko gobernuak hartzen badituzte, joera batzuk indartu egingo dira, globalak direnak, eta gurean ere eragina izan dezaketenak. Gizarte bat txikitzeko errezeta zabala dute: zerbitzu publikoak deuseztatu eta pribatizazio prozesuak martxan jartzea, lan ez-ordaindua areagotzea (emakumeen eta emakume arrazializatuen bizkar, gehienbat), espekulazioari ate guztiak parez pare zabaltzea eta negazionismoa sustatzea.

Negazionismoa baita eskuinak azken urteetan zabaldu duen eta zabaltzen jarraitzen duen haizagailua: sistemaren aurkako ustezko posizio batzuk hartu eta, diskurtso huts eta faltsuekin, gezur bat mila aldiz errepikatuta, gizartearen analfabetismoari ireki dizkio ateak. Horrela, krisi ekologikoa eta bere kausak zalantzan jartzen dituzte, indarkeria matxista hala dela ukatzen dute eta, oro har, zientziaren eta pentsamenduaren aurkako ofentsiba betean ari dira.

Ez bakarrik hori. Uste dut askotan ahazten zaigula: espainiar estatuan behintzat, etsaia sortu nahi izan dutenean –etengabe, historian zehar, atsedenik gabe–, horiek naziorik gabeko estatuak izan gara. Ohar gaitezen: batzuetan burujabetza oso abstraktu irudikatzen dugu, ematen du ezin delako ukitu. Baina gure bizitzak sostengatzen dituen neurri, eskubide eta askatasun multzoa da burujabetza, geure buruak gobernatzeko gaitasuna. Eta motozerra prest daukate.

Badakigu zer dagoen jokoan. Defenda dezagun gure amaren etxea, eta eraiki dezagun etxe hobea, bizigarriagoa, ateak irekita dituena eta etorkizunari begiratzen diona. Zutik iraungo duena, baina erori behar izan gabe. Kolektiboki eraikiko duguna. Azaroaren 29an hautetsontziak boto ezkertiar, euskaltzale eta feministaz bete ditzagun.

EH Bilduri emanen diot nire botoa, eta uste dut olatu kolektibo baten parte izanen dela. Politika publikoek eta mentalitate kolektiboek ezkerrera egin dezaten, ahalik eta urrunen iritsi gaitezen eta gure herriak burujabetza maila handiagoak izan ditzan. Eskubide eta askatasunen alde, eta ordezkatzen nautelako. Irabaztera. •