
Euskal film laburrak sustatu, zabaldu eta banatzeko Kimuak programa publikoaren 2025. urteko deialdia egin dute, eta lanak aurkezteko epea apirilaren 23ra bitartean dago zabalik. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.basqueaudiovisual.eus web orrian daude eskuragarri.
Kimuak Lakuako Gobernuak bultzatzen duen programa bat da, eta Euskal Herrian ekoitzitako film laburren nazioarteko hedapena sustatzen du 1998tik. Zineuskadi elkarteak kudeatu eta mundu osoko azoka eta jaialdietan banatzen du, Etxepare Euskal Institutuak finantzatzen du, eta Euskadiko Filmategiaren lankidetza du film laburrak proiektatzeko.
Ekimenaren arduradunek jakinarazi dutenez, aurtengo deialdia aukeratzen diren film laburrak ‘Kimuak’ deiturapean jaso eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekitaldi garrantzitsuenetara bidaliko dira.
Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten filmak bidali beharko dituzte. Parte hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2024ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.
Euskal Hirigune Elkargoko eta Nafarroako euskarazko film laburrak onartuko dira; Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) film laburren kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke.
Film laburrak komertzialki estreinatu gabeak izan behar dira, eta zinemaldi baten testuinguruan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.