Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Nor duzun gertu gosaritan

Iratzargailua pare bat aldiz atzeratu ondoren, begietan oraindik makarrak ditudala piztu ohi dut irratia, esnatzeko edo. Osasuntsuagoa omen da lasai gosaltzea, egiten ari garen horri arreta jartzea bestelako distrakziorik gabe. Baina guztiok omen ditugu gure traumak eta mugidak, eta urte berrirako zerrendatutako erronketan ez dut irratia itzaltzearena sartu.

Amagoia Mujika lankideari irakurri nion pasa den igandean, irudipena duela 2025ean egunero gosaldu duela Trumpek esandako astakeriarekin batekin, «duela gutxi astakeriak zirenak denbora gutxian normaltasun bihurtu direla ez oso urrutiko solasaldietan» hausnartzen zuen. Eta konturatu nintzen nik ere maiz gosaltzen dudala Trumpen astakeriekin. Urtarrilaren 3an Venezuelan egindako eraso militarra eta Nicolas Maduroren eta Cilia Floresen bahiketa ere halaxe jakin nituen goizean goiz. Eta ondorengo egunetan etorritako bidegabekeria guztiak, nazioarteko legedia eskrupulurik gabe urratuz.

Astakeriak esan, esaten baititu, baina baita egin ere. Egunero bere berri izan arren, urrunekotzat hartu izan dut beti, edo ez ikusi nahiak horra eraman nau, behintzat. Nahiz eta, orriotan, Mikel Urdangarinek “Angry White Men” [Gizon zuri haserretuak] liburua dela eta ohartarazpena egin: Trumpen jarraitzaileak, eta liburuan elkarrizketatuak, ez dira salbuespenezko “eroak”, ezta “irrazionalak” ere; kontrara, gizon gisa ezarritako normak era konformistan jarraitu eta haragiztatu dituzten gizon “normalak” dira.

Gizon “normalak” dira eta haserre daude. Horrek ez nau horrenbeste harritu, gertu xamarrekoa iruditu zait. «Gizon zuri estatubatuarrak zergatik daude haserre?», galdegiten zuen artikuluan Urdangarinek, eta amets amerikarra agindu bazitzaien ere, eta beraiek fermuki sinetsi bazuten ere, hori gauzatzeko baldintza politiko, sozial eta ekonomikoak hankaz gora jarri direla azaldu zuen. Eta feminismoa, «urak gainezka egiteko falta zen tanta» izan dela argitzen du. Argudiaketa hori ere belarri atzean sumatu nuen, baina Trump eta enparauak kilometroetara ikusten nituen.

Pasa den astean zabaldutako irudietan, ordea, ezaguna zitzaidan aurpegi bat identifikatu nuen Etxe Zurian, AEBko presidentearekin bilduta. Mahaiaren erpin batetik hitz egin zuen gizonak: «Eskerrik asko, presidente jauna, gu hemen hartzeagatik, eta eskerrik asko Venezuela hobea izateko atea irekitzeagatik».

Munduko hainbat petrolio konpainia bildu zituen Trumpek Washingtonen, Venezuelako baliabideen ustiaketaz hitz egiteko. Repsol konpainiako ordezkariarenak dira hitzok eta gehitu zuen Repsol prest dagoela Karibeko herrialdean «asko inbertitu» eta petrolio gehiago ateratzeko. Egun 45.000 upel ateratzen ditu Venezuelatik, eta prest omen daude hirukoiztu eta egunean 135.000 upel ateratzeko.

Josu Jon Imaz zen mahaiaren erpinetik hitz egin zuena, Lakuako diputatu izana, EAJko presidentea 2004tik 2007ra, Zumarragakoa. Bere aurpegia ez zitzaidan ezaguna egiten munduko inperioetako buru izateagatik, gure herrian, gure periodikoan zein telebista publikoan behin baino gehiagotan ikusteagatik ezagutzen nuen -bai, ni ere izan nintzen euskaldun guztiak zintzoak zirela sinetsita zegoen neskatoa-.

Han, urruti, zegoen ilehori ero bat omen zen, baina uste baino gertuago dugu Donald, eta gertuegi Josu Jon. Ez da gauza bera norbaiten esanekin gosaltzea edo norbaitekin gosaltzea, mahai berean, gertu-gertu. Erne norekin gosaltzen duzun. •