Iker BARANDIARAN

Agerikoa ez den estetikaren erritmoan

Astean, deja vu sentsazio surrealista samarra izan dut. Seme txikia eta biok autoan gindoazela, honek, musika streaming bidez entzuteko aplikazio horietako bat baliatuta, bere gustuko kantu bat jarri du. Gaur egungoa izanda ere, eskola zaharreko tekno matxakoia da, eta hitzek drogen apologia ganberro eta zuzen-zuzena egiten dute gaztelaniaz, nahiko modu dibertigarrian, egia esan. Herri barrura heltzearekin bat, bolumena nabarmen igo du eta autoko leihoak topera zabaldu ditu. Ez naiz halakoekin asaldatzekoa, are gutxiago semeen kontuekin, baina sentsazioa bitxia izan da, eta ezinbestez gogora ekarri dit aspaldi urruneko acid house hartatik abiatuta gerora zein gogor jo zuen hemen (ere) tekno eta “bakailao” mobidak. Baziren garai hartan ostiraletik igandera bitartean etenik gabeko erritmo sarkor horretan ibiltzen ziren asko, eta horietako batzuek haien burua, janzkera eta beste “bakala” zuten. Baina erritmo olatu hark harrapatu zituen, baita ere, bestelako ezaugarri eta pentsaerak izanda ere, asteburu askotan maratoi horretara batzen zirenak, azken finean parranda bukaezinak erakartzen baitzituen. Ezagutu izan ditut, esaterako, “bakala” zantzurik izan gabe ere, igandetan gurasoen etxean goizean goiz jaiki eta haiei mendira egunpasa zihoazela esanda egun osoa diskoteka barruan pasatzen zutenak ere. Ez, ez zuten mendiko arropa janzten… edo agian batzuek bai.

Gerora, batzuen neuronak bezala mugimendu eta mobida hori diluitzen joan zen, desagertu arte, baina, nahiz eta gure artean “bakala” estetikak halako indarrik ez hartu, eta ez bilakatu hein handi batean tribu urbano horietako bat, zale asko zituen, ugari, horietako batzuk pentsaezinak ziruditenak, gainera. Eta olatua oso handia izan zen garai batean. Hain zuzen ere, denbora gutxian zaletuak pasa ziren gutxi batzuk izatetik milaka izatera. Esaterako, larunbat gauetan Itziarko Txitxarro aretora nazioarteko taldeen rock kontzertuak ikustera joaten ginenean, handik irtetean barre egiten genien diskoteka goizaldean noiz zabalduko zuten zain zeudela ikusten genituen gajo haiei. Eta denbora laburrean pasa ginen beste aldera: haiek ziren gehiengoa eta gu lau katu. Asteburu dezentetan, ordu txikitan bakailao erritmo eta girotik at parranda egiten jarraitu ahal izateko, gure herritik 30 bat kilometrotara zeuden lokal bakanak bisitatu behar izaten genituen, halabeharrez: El Ivan, Scorpio, Troner… Gauak aurrera egin ahala, ia ez zegoen beste alternatibarik. Beste guztia tekno giroa zen.

Parranda giro hark jende oso-oso desberdina batzen zuen, estetika askotarikoa eta, era berean, ia estetikarik gabekoa. Bazirudien parranda hori egitea itxura batean “Diario Vasco” erostea bezalakoa zela. Gizartearen aurrean, askoren begietan, gauza neutroa zela… ja, ja, ja. Nik ez nuen gustuko eta -nahiz eta garaian kontra egiten nion- ez ditut horren zaleak kritikatuko, baina pozten naiz indarra galdu zuelako. Hala ere, ez diot ukatuko bazuela bertute bat bereizgarria; hain zuzen ere, pentsaeraz zein estetikaz oso jende desberdina zena batzeko gaitasuna zuela; eta hori ez da ohikoa, ezta lorpen txikia ere. Orain ere gazteen artean muturreko estetika gutxi ikusten dira, eta esango nuke nahikotxo parekatu dela hauen janzteko estiloa. Bozgorailua eta leihoak altxatuta bakarrik jakin ahalko dugu zer pentsatzen duten… •