Haurren ongizatea aitzakia, transfobia helburu
Ni dutxen politika heterosexualean hezi naiz, haurtzaro osoa pasa dut bijilantziarik gabeko genero binarioaren arabera bereizitako dutxetan. Bertan gizonek zarata handia egiten zuten, talde umiliazio gunea zen, paja kolektiboena eta galleta-jolasarena. Neskek, ordea, isiltasuna eta lotsa genuen premisa, ahal denik eta azkarren dutxatu, toallarekin ondo estali eta burua lurrera so mantendu, zure begirada ez dadin beste inorenarekin gurutzatu.
Ondoren, nerabezaroan, Ondarroako Udaleku Ibiltarixak-en begirale izan nintzen bost urtez, bertan argi genuen dutxak espazio politikoa zirela, eta beste eremuetan bezala berdintasun politikak jarriko genituela martxan. Neska askori zaila egin zitzaien hasieran, mutil batzuei ere bai. Baina egunak aurrera joan ahala, egoera normalizatzea lortu genuen gehiengoarentzat. Haien biluztasunarekin gustura sentitzen ez zirenek, ordea, bainujantziarekin dutxatzen jarraitu zuten azken egunera arte, gorputzarekin harreman osasuntsua bultzatzen genuelarik, baina inor derrigortu gabe; Bernedoko udaleku demonizatuetan egiten den bezala. Gogoan dut 18 urte nituela udalekuetako haur baten ama etorri zitzaidala esatera bere alaba lodia ez zela itzuliko dutxetan gaizki pasatzen zuelako. Gogoratzen dut beste ama bat eskerrak ematera etorri zenekoa ere: «Ez dakit zer egin duzuen udalekuetan, baina nire alabaren kuadrillan hondartzan goraino estalita egotetik toalla kendu eta lasai paseatu eta bainatzera igaro dira, eskerrik asko!».
Moral kristaudun gizarte patriarkaletan beti da zaila biluztasunaren praktika feminista eta askatzaileen, ahalduntzearen, moralismo merkeen, intimitatearen eta kohertzioaren arteko muga markatzea. Gizarte patriarkalak zure gorputza gizonentzako egina eta inherenteki sexuala dela diotsu, eta bakarrik biluztu behar zarela gizonek horrela nahi dutenean. Hori eraldatzea, haurren ongizatea zentroan jarriz, pedagogia transfeministen eginbeharretako bat da, eztabaida eta hausnarketa asko eskatzen duena. Baina zoritxarrez eztabaida beharrezko hori ez da inola ere Bernedoko udalekuetako polemikaren muina, gorroto kanpaina hau aktibatu dutenen helburua ez baita haurren ongizatea, transfobia zabaltzea baizik.
Bernedon gertatutakoa hurrengoa da: haurrak dutxa mistoetan garbitzen dira, bi begiraleren bijilantziapean, erasoak ekiditeko, hori egin ezin dutenek bakarrik edo bainujantziarekin dutxatzeko aukera dutelarik. Ama batek hau txarto ikusi du eta ibilbide legalik ez duen salaketa mediatikoa hasi du. Bilbo inguruko TERFek, horren berri izatean, haien sare sozial bidezko manipulazio makineria aktibatu dute eta boluntario lanetan haurrak zaintzen egon diren begiraleak kriminalizatu dituzte, transgenerismoak eta queer ideologiak haurrak babesgabe uzten dituztela argudiatuta. “El Correo” bezalako egunkariek kontrastatu gabeko gezur sentsazionalistak zabaldu dituzte, «Bernedon haurrek postrea jan nahi bazuten begiraleei ipurtzulotik behatz bat sartu behar zieten» estilokoak. Sare sozialetan gero eta gehiago diren Euskal faxista antiwokeak sartu dira eztabaidara, patetikoki begirale queer baten pedofilia inexistentea salatzeko. Ultraeskuin Espainolak hori ikusi, eta bere alde instrumentalizatzen ahalegindu da, Arabako PP-k auzia parlamentura eraman du, Santiago Abascalek Euskal Udalekuetako militanteak pederasta gisa izendatu ditu, elizaren benetako pederastia kasuak ikertu nahi ez dituen bitartean, eta azkenik, el Yunque sekta ultrakatolikoak finantzatutako “Abogados Cristianos”-ek kasu hau eta bidean bururatu zaizkion gezur guztiak epaitegietara eramatea erabaki du.
Helburua ez da haurren ongizatea, euskal balioetan hezten duten udalekuak eta transexualitatea kriminalizatzea baizik. Zorionez, transfeministok, Bernedoko haurren gurasoek eta euskararen aldeko militanteek ez ditugu zuen gezurrak irensten. Babes osoa Bernedoko begiraleei eta Euskal Udalekuei, faxista euskaldun edo espainolen eta TERFen erasoen gainetik, jarrai ezazue Euskal Herri transfeminista hezten, zuekin gaude! •