Erika LAGOMA POMBAR

Maiatza, zaharrak eta gazteak

Gure esaera zaharrak ez dira maiatzarekin ados jartzen, ez dakit zergatik begiratzen ditudan. Batzuek badute efemerideen bila aritzeko bulkada, eta nik buruan darabildan gaiarekin lotuta dauden esaera zaharrak arakatzen ditut; zaharrunoen maniak igual. Anitzek egiten diote erreferentzia maiatzaren izaera bitarrari: bero-hotz, erdi eta erdi, erdia negua… geminiok ere maiatza akaberako izakiak gara zati batean.

Nire etxeko leihotik euria ikusten dut, eta parke huts bat. Maiatza infernu bada, ekain-uztailak zeru; hala bedi.

Maiatza, loreen hilabetea, natura emankor nabarmen. Baina bada baita ere, bukaeraren hasiera, urtebeteko kontratuekin ikasturtea ardatz lanean ari garenontzat. Egin dut lekua aurten ere, galoi guztiak galduta hasi, bidean irabazi, irailean berriz galduta hasteko. Osasuntsua da egoarentzat, baina nekatu ere egiten du pixka bat. Aurten eduki ditut bertze langintza batzuetatik ezagun nituen lankideak. Gehiago maite ditut orain. Eta lagun egin ditut beste batzuk, bulego-kidea lagun min. Besteren bati bost axola izango zaio datorren ikasturtean nirekin kafe gelan topo ez egitea. Ç est la vie mon ami. Inork ez zuen erran bizitza justua zenik, ezta administrazioa ere, horren itxura eman behar badu ere. Nagusiak ere konpetente agertu behar du. Bueno, badira haien inkonpetentzia estaltzen saiatzen ez direnak ere, irizpideak arbitrarioki aldatzen dituztenak eta gero zer eskatu duten ere gogoratzen ez dutenak. Hala diote.

Bada garai bat, non konturatzen zaren zaintzak bizitza osoa zeharkatzen dizula. Bada inoiz enteratzen ez denik.

Zaharrak maiatzean ere gaixotzen dira, batzuk hiltzen. Ez da bakarrik neguan gertatzen. Ospitaleak urte osoan zehar daude zabalik. Badaezpada telefonoak piztuta ditugun bezala. Gerta dakieke arrats nahasi batean burua lainotzea bihotza jada handi dutelako, motel, ez maitatzeko gaitasunagatik. Bihotza ere gastatu egiten da. Atzo nintzen burujabe, eta gaur bizi naiz alabaren eta suhiaren etxean. Intimitatea galdu dute denek: alabak, suhiak eta zaharrak. Dira ardura diferenteko pisukide, arauak idazteke dituztenak.

Gazteak eta gaztegaiak maiatz frenetiko betean. Azterketak, gero azterketak eta berriz azterketak. Herrietako uda aurreko lehen jaiak. Animoa goian-behean, intentsitate muturrekoz beti. Haserre, irriz, negarrez, solasean, isilik. Son Gokuren Kame Hame Ha bat jasotzen duzu minutuko, eta zu eusten. Ileak harrotuta bukatzen duzu batzuetan, eta adatsetik tiraka besteetan, sorbaldak hautsez beteta, baina erdi tente. Zuk ere irri eta purrusta egiten duzu ia intentsitate berarekin. Jada ez zara haur txiki baten guraso. Egoten ikasi behar duzu. Baina, non? Koordenatuak irakurtzen ikasi behar da; ordea, inork ez dizkigu orientazio-eskolak eman. Kotxean ere horrela gabiltza, orain eskuin; 300 metrora ezker; biribilgunean lehenengo irteera hartu… birkalkulatzen… itzuli osoa eman…

Goiti edo beheiti begiratu dezakezu, parera ere bai. Zaintzak zeharkatuko dizu bizitza. Nola zaindu nahi duzun, eta nola nahi duzun zain zaitzaten, tratatu zaitzaten.

Ni ez naiz ez zaharra, ez gaztea. Maiatza naiz. •