
Arabako Batzar Nagusiek Arabako Foru Aldundiari eskatu diote herrialdeko kontzeju guztietarako posta elektroniko instituzional bateratuaren (@ja.araba.eus) domeinua kudeatzeko lana burutzeko, «nortasun digital argia, propioa eta instituzionala» eman diezaien.
EAJk, EH Bilduk, PSEk, PPk eta Elkarrekin Arabak zuzenketa transakzionala adostu dute ostegun honetan, Arabako Batzar Nagusietan, Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduaren batzordean.
Onartutako testuak, halaber, Foru Aldundiari eskatzen dio, domeinu hori izanik, kontzeju bakoitzari bere posta instituzionaleko kontu propioa emateko, kontzejuko hautetsiek kudeatuko dutena.
Azkenik, mozioak eskatzen du, posta kontuak abian jarri ondoren Aldundiaren webgunean argitara daitezela, udalerriak, kontzejuak eta koadrilak atalean.
Ekimenari babesa eman dioten alderdien artean, «kontzeju bakoitzari nortasun digital argia eta formala» emateak duen garrantzia azpimarratu dituzte, orain arte posta elektroniko pertsonalak erabili izan baitira kasu batzuetan.
Angel Perez de Arrilucea EAJko batzarkideak azaldu du tramitazio administratiboa, «luzea eta korapilatsua», hilabete honetan bertan amaitzekoa dela, eta uztailean domeinuak erreserbatuta izango dituztela.