Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Primi Erostarbe, panderojole-irrintzilari aparta gizonezkoek okupatutako plazan

Primi Erostarbe Etxebarriaren (1907-1995) biografia plazaratu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Itziar Ugarte idazle eta kazetariak josi du panderojole eta irrintzilariaren ibilbidea. Oñatiko Araotzen sortua, Donostian bizi izan zen. Benetakotasuna eta talentua berezkoak zituen.

Primi Erostarbe panderoa jotzen bere omenaldiaren egunean, Zarautzen, 1975eko Trikiti Egunean.
Primi Erostarbe panderoa jotzen bere omenaldiaren egunean, Zarautzen, 1975eko Trikiti Egunean. (EHTE)

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Soinuaren Liburutegia bilduma osatzen jarraitzen du. 18. zenbakia paratu du apalean, Primi Erostarbe Etxebarriari buruzkoa (Oñatiko Araotz, 1907–Donostia, 1995). Itziar Ugarte Irizar (Oñati, 1995) kazetari eta idazlearen egitekoa izan da Primiren berri jaso eta, txatalak josiz, bere biografia atontzea.

Plaza publikoa erabat gizonek okupatzen zuten garaian, lehen emakume trikitilarietakoa izan zen Primi Erostarbe. Panderojolea eta irrintzilaria zen. Garaiko irrintzi txapelketetan aise nagusitu ohi zen, irrintzi egin bitartean hitzak sartzen zituen eta horrek entzuleak pizten zituen. «Haren jarrera biziak eta deliberatuak ere egin zuen ezagun. Baita umore-senak ere», nabarmendu dute Euskal Herriko Trikitixa Elkartetik.

1907an sortu zen Oñatiko Araotz auzoan, eta inguruko koplari tradiziotik edan zuen zuzen. Bi munduren arteko zubi bezala irudikatu daiteke Erostarbe; berez zekarren Araozko mundu zahar hura eta 1970eko hamarkadan Donostian suspertutako kultur mundua bere barruan bizi izan zituelako. Izan ere, Donostian eman zuen Primi Erostarbek bizitzaren parte handiena.

Panderojolea hil zen urte berean jaio zen Itziar Ugarte, haren biografia osatu duena. Oñatiko Araotz auzora sortu zen Primi eta Oñatin jaio zen Itziar. Distantzian gertu, jaiotzean topatu zuten mundu klasean, oso urrun. Hain juxtu, Erostarberen bizitzaren errepasoa egiterakoan Ugarte saiatu da panderojolea zein mundutara sortu zen ulertzen. Hor kokatu du biografiaren lehen kapitulua.

Haurtzaroko mundua

«1907. urtea. XX. mendea berri-berria da artean. Oraindik inork ez daki ez duela bere burua ezagutuko amaierara iristen denean», jaso du Ugartek biografian. Primi Erostarberen umetako eta gaztaroko Araotz, apenas aldatu zen 500 urtean. Aldiz, 50 urtean sekulako buelta eman zuen.

Primi Erostarberen haurtzaroko munduan, eskolara joaten zen etxean bestelako lanik ez zegoen egunetan. Taberna zeukaten gurasoek Zumalde baserrian eta 10 urte zituela astoarekin bidaltzen zuten tabernarako ardo bila. Neskatoa eta astoa mendian barna, sei ordutik gorako oinezko joan-etorrian. Primi, astoa eta bere itzala. «Astoak badaki bidea eta zuk jarraitu hari», esaten omen zieten astoa lagun mendi bideetatik bidaltzen zituzten haurrei garai hartan.

Joan-etorri horietan panderoa astinduz, kantuan eta irrintzika irudikatu behar da Primi Erostarbe, gerora berak kontatutakotik suma daitekeenez. Artean oinekin lurra ukitzen ez zuela, umetan Zumalde tabernan aulkian eserita panderoa astinduz irudikatu behar da. Gurasoek soinua eta panderoa jotzen zuten tabernan. Tradizio horretatik zetorren panderojolea eta bizitza osoan presente izan zituen sustrai horiek.

Primi Erostarbe panderoarekin eta Zialtzeta trikitilariarekin, Munichen. Goizaldi taldearekin egin zuten bidaia hori. (GOIZALDI TALDEA)

Arantzazu eta Araotz ingurua panderojoleen sehaska izan dela esateko modua dago Luis Villasante frantziskotarraren lana kontuan hartuta. 1966. urtetik aurrera, inguru horretako panderojoleen atzetik ibili zen Villasante, haiei jasotako koplak bildu nahian. Denera, sei panderojole-koplariren lekukotza gorde zuen: Maria Barrena, Maria Ugarte, Claudio Zurutuza, Aniceta Barrena, Timotea Guridi eta Primi Erostarbe.

Gaztaroa eta bizitzaren parte handiena Donostian eman zituen Erostarbek, 1925. urtetik 1995. urtean pausatu zen arte. Baina jarraitu zuen Araotzera joaten auzoko jaietan panderoa jotzera. Benito Barrena araoztarra Primi Erostarbe baino 30 urte gazteagoa da. Gogoan dauka Erostarbe Araozko jaietan panderoa jotzen. «Ordurako jendeak bazekien Primik kategoria bat bazuela, nik ere entzunda neukan, baina, ikustea tokatu zitzaidanean, esan nuen neure artean: ‘Hau baduk norbait!’».

Nieves Agirre araoztarrak ere gogoan dauka Erostarbe, bere umetako sukaldean, panderoa astintzen. «Airosoa zen oso. Panderoa jotzen hasten zen eta ene! Ze guk ere panderoa eduki bageneukan, baina gure aldean hark beste aire batzuk ematen zizkion. Eta irrintzi hori, ai ama!, barruraino sartzen zen», kontatu dio Ugarteri liburuan.

Eta bada Nieves Agirreren kontaketan beste aipamen esanguratsu bat: «Hark denerako balio zuen. Karakterra zuen. Gerokoagoa izan balitz, feminista-edo izango zen. Andreekin ala gizonekin egon, zazpirekin edo hogeirekin, zergatik ez zuen, ba, egingo. Burua jaso eta aurrera jotzen zuen hark. Eta gero, berean balio zuena ere seguru».

Arrasto ederra utzi du Primi Erostarbek Araotz eta inguruetan ezagutu zutenen artean. Hori jaso du Itziar Ugartek.

Donostian bizitza ia osoa

Donostian eman zuen bere bizitzaren parte handiena, 1925-1995 bitartean. 18 urte zituela iritsi zen Donostiara neskame –aurretik beste toki batzuetan aritu zen lan horretan–. Kutxa batean eraman omen zituen panderoak. Eta segidan, etxe hartatik Martuteneko Estanco tabernara aldatu zen lanera. Lana, lana eta lana. Horrela laburbildu daiteke Martuteneko garaia. «Nik bizitzen han ikasi nuen; beste gauza asko ez nuen egin, baina bizitzen ikasi egin nuen», esaten omen zuen Erostarbek garai hari buruz. Martutenen ezagutu zuen gerora senar izan zuena, Jose Azkue, Agerre baserrikoa.

«Alabek ez dakite asko garai horri buruz, 18 eta 28 urte bitarteko tarte hori Martutenen. Segur aski bakardade handiko urteak izan ziren eta lan asko egin behar izan zuen», esan du Ugartek. Lana izan zen, zalantzarik gabe, Erostarberen bizitzaren ardatzetako bat.

Itziar Ugarte Irizar idazle eta kazetaria. (Gorka RUBIO / FOKU)

Itziar Ugartek biografia osatzeko egin duen bilketa lanean dezente aipatzen da Primi Erostarberen izaera indartsua, aurrera egiteko zeukan grina. «Emakume adoretsu eta kementsu bat irudikatzen dut, bizi indar handikoa. Baina, auskalo. Erreparoa ematen dit norbaiten bizitzaren errepasoa egitea. Jendetasun eta umore handiko emakumea zela kontatu didate, baina agian ez zen hori bakarrik izan. Auskalo zer gehiago ez ote zen izan Primi Erostarbe. Gauza asko gara aldi berean denok. Sentsazio hori geratu zait, zer heldu garen harrapatzera Primiren inguruan eta zer ez», esan du zuhurtziaz Ugartek.

Izan ere, Primi Erostarberen bizitzan dena ez zen izan pandero eta irrintzi. Seme-alabek kontatzen dutenez, ama pozik zegoen bizitzaren amaieran, aurrera egiten asmatu zuelako, baina pentsatzekoa da une ilunak ere izan zirela.

1935. urtean ezkondu zen Jose Azkuerekin Agerre baserrira. Gerra urteak eta ondorengo gerraostea bertan eman zituen. Sasoi gogorra.

Agerre baserrian merendero moduko bat zuten, asteburuetan musikaz eta jendez betetzen zena. «Merenderoko eta baserriko lanen artean hazi zituzten umeak», jaso du liburuan Ugartek. Bost seme-alaba izan zituzten Primik eta Josek. Zaharrena den Alaznek gogoan du amona Donata –euskaraz bakarrik hitz egiten zuena–, etxeko ispilu baten aurrean bere buruari gaztelaniaz hitz eginarazten. Primik ere antzeko erronka zeukan bere buruarekin gazteleraz hitz egiteko. Garai hartako Donostian, gaztelania jakitea bizirauteko kontua zen ia. «Primik ere ikasi nahi zuen gaztelania... Hura gabe, merkatuan edo nonbait panderoa jotzeko deitzen ziotenean, ziria sar ziezaioketen, eta hori ez zen huskeria sasoi hartan. Ikaragarrizko miseria zegoen, eta gaztelaniaz jakin gabe, erraza zen galtzen ateratzea», gogoratu dute alabek.

Loiola eta Amara Zaharra

Agerretik Loiolara lekualdatu zen familia osoa 1942. urtean, herentzia kontuak tarteko. Garai hartan egin zuen salto plazara panderojoleak; 1945ean, Pasaian, Balentin Aldalur Zialtzeta trikitilariarekin.

Loiolako etxearen pare-parean zuten Espainiako soldadu militarren kuartela. Primik soldaduen arropak garbitzen zituen etxera diru pixka bat ekartzeko. Igandeetan Txomiñenean trikitia egoten zen eta beti joaten zen familia osoa. Loiolan bazen beste gune bat dantzarako, Bar Americano deiturikoa, lorategi handi batekin, eta han bai aritu izan zen Erostarbe panderoarekin.

Primi eta Elgeta, 1950eko hamarkadan. (FAMILIAKO ARTXIBOA)

1950eko hamarkadaren bezperatan, Amara Zaharrera joan zen bizitzera familia, laugarren etxea Donostian. Inguru pobrea zen orduan. «Ijito pila bat bizi zen hemen. Extremaduratik, Andaluziatik eta beste leku batzuetatik etorritako migrazio handia ere bazegoen. Amari ‘la vasca’ deitzen zioten, salbuespen bat izango bagina bezala», gogoratzen dute ondorengoek. Jose Azkue lorezain lanetan hasi zen sasoi hartan.

Garai hartan hasi zitzaizkion Primi Erostarberi plazak ugaritzen. Panderoa hango eta hemengo festetan jotzea etxera diru apur bat ekartzeko modua zen. Panderojole eta irrintzilariaren sasoirik oparoena 1950-1980 urte bitartean izan zen, Primik 43-73 urte bitartean zituela. Alegia, Erostarbe ez zen gazte-gaztea plazan martxa handiena izan zuen garaian; dagoeneko adin bat zeukan emakume bat zen erabat gizonezkoena zen trikitiaren plazan. «Trikitiaren goranzko aroa etorri zenean, Primi dagoeneko eskarmentua zuen emakumea zen, plazan maila handia erakutsia zuena; denek nahi zuten Primirekin aritu», nabarmendu du Ugartek.

Balentin Aldalur Zialtzeta trikitilariarekin aritu zen batez ere Primi Erostarbe. 24 urte eman zituzten elkarrekin jotzen eta bazuten elkarrekiko leialtasun bat. Baina, horrez gain, garaikide izan zituen soinujole esanguratsu gehienekin aritu zen: Errota, Auntxa, Bitarte, Arbe, Sakabi, Egañazpi, Tapia, Laja, Iturbide eta Balda.
Primi Erostarberen beraren hitzetan jasoa geratu da nola ibiltzen zen plazaz plaza. «Nik nahiko zorte izan dut; Jesus Maria! Zenbat lekutan egon naizen Jaungoikoak ez daki. Nire garaian lan asko izaten zen panderoa jotzekoa. Egunean hiru aldiz ere jotakoa naiz; lehenbizi goizean Logroñora, arratsaldean Zestoara eta arratseko hamarretan, 18 de julio, Donostiara... Behatzak lehertu arte ere bai inoiz, azala mehe-mehe jarri eta odoletan hasi arte».

Joseren libreta beltza

Amara Zaharreko etxean, Primiren eta Joseren seme-alabek gordeta dauzkate karpeta beltz batean amaren ibileren oihartzunak. Egunkari mozketak eta urrea balio duen altxorra: Primiren urte horietako emanaldien zerrenda jasotzen duen libreta beltza. Bere senar Jose Azkuek egiten zuen idazkari lan hori. “Actuaciones de la señora Primi Erostarbe” jartzen du libretaren azalean, senarrak panderojole eta irrintzilariaren jardunari ematen zion garrantziaren seinale. «Aitak emanaldi guzti-guztietara laguntzen zion; panderoa ere hark eramaten zion beti», gogoratzen dute seme-alabek.

Irudian, Primi Erostarbe Etxebarria. Bere jendetasuna eta alaitasuna nabarmentzen dute ezagutu zutenek. (FAMILIA ARTXIBOA)

«Alabek kontatu didatenez, aita zaletua zen eta errespetu eta miresmen handiarekin jarraitzen zuen amaren lana. Libreta beltza da horren adibide. Leku denetara joaten zen Primirekin, baita bidaietara ere. Eta Primi ere beti arduratzen zen senarrarentzat tokia gorde zezaten. Aldi berean, Jose Azkue ez zen trikiti mundukoa eta hori bada ezohikoa plaza publikoan ibili diren emakumeen kasuan. Normalean trikitilaria neba edo senarra izaten zen. Oso izaera desberdinekoak omen ziren Jose eta Primi. Alabek esaten dute aita oso lasaia eta isila zela eta ama, berriz, oso bizia». Pentsatzekoa da senarrak bere musikari ibilbidea babestu eta lagundu izanak bidea samurtu ziola Primiri, baina berak bakarrik ere bazuen nahikoa indar. «Ez dut uste onespenik behar zuenik. Agian genero onespenaren ikuspuntutik, samurragoa zen Primirentzat senarra berekin joatea toki guztietara. Senarra alboan izanda, akaso ez zuten hainbeste epaituko. Baina ezagutu zuten denek esaten dute Primi ez zela galtzen, bazekiela bakarrik moldatzen».

Libreta beltz horretan jasota geratu denak informazio asko ematen du plaza kopuruaz eta haien kokapenaz. Adibidez, 1965. urtean 16 emanaldi daude jasoak; 1976. urtean, 80 emanaldi; eta 1982an, 12 plaza (ordurako 75 urte zituen).

Tokiei dagokionez, batez ere Donostia inguruan eta Gipuzkoan barna ibili zen: Intxaurrondo, Amara, Añorga, Usurbil, Oñati, Bergara, Deba, Arrasate, Azpeitia, Soraluze, Astigarraga, Zarautz, Hondarribia, Urnieta, Zumarraga, Lezo, Ormaiztegi, Orio, Errenteria, Beasain, Pasaia, Oiartzun, Ordizia, Amezketa, Lazkao, Zegama eta Irun. Baina Euskal Herrian luze eta zabal ere ibili zen. Libreta beltzean jasoak geratu dira Bilbo, Ondarroa, Iruñea, Donibane Lohizune, Hendaia, Gasteiz, Mungia, Altsasu, Elizondo, Galdakao, Bera, Sara eta Gorliz, besteren artean.

Primi Erostarbek bazituen urteroko hitzordu finkoak ere; urtarrilaren 20an, San Sebastian egunez, Konstituzio plazan; santomasetan leku berean; urtarrilaren 5ean, Erregeen kabalkadan, Donostian; eta urtarrilaren lehen egunean, Erregeen kabalkadan, Usurbilen.

Hain justu Usurbil da gehien azaltzen den herrietako bat libreta horretan. Zazpi urtez segidan igandero jo zuten bertan Primik eta Zialtzetak.

Libreta beltzean agertzen dira, era berean, ezkontza bat baino gehiago eta ehorztetxe bat. Eta Victoria Eugenian, Antzoki Zaharrean eta Kursaalen ere astindu zuen panderoa araoztarrak. Euskal Herritik kanpora ere eraman zuen bere artea; Paris, Madril, Logroño, Potes, Santander...

Trikiti eta irrintzi txapelketak

1970eko hamarkadan izan zuen Primi Erostarbek urrezko aroa. Hori trikiti munduaren eta euskal kulturaren pizkunde orokor baten barruan kokatu behar da.

1970. urtean bertan jokatu zen Donostiako Trinitate plazan lehendabiziko Trikiti Txapelketa Nagusia. Lehen epaimahai hari erreparatuz gero, bistakoa da ordurako Erostarbek zeukan izena. Lau epaile izan ziren denera: Joxean Artxe, Xabier Lete, Jose Maria Altuna eta Primi Erostarbe.

Jendetza Donostiako Trinitate Plazan, Primi Erostarbe entzuten. (KUTXA FOTOTEKA)

Bada beste datu bat Erostarberen mailaren berri ematen duena. Donostiako Turismo Ekintzetxeko Rafael Agirre-Francok eta haren laguntzaile Joxe Salaberriak telefono zuzena zuten panderojolearekin. Zerbait behar zutenean, zuzenean deitzen zioten.

1970ean, trikiti txapelketa ez ezik, irrintzi txapelketa ere jokatu zen. Irrintziaren tradizioa umetatik jaso zuen Primi Erostarbek eta ezaguna zen zeukan gaitasuna. «Irrintzia letrarekin egin zezakeen. Irrintzia hasi, hura moztu gabe hitzak sartu eta hasi bezain indartsu bukatzen zuen», nabarmentzen dute ezagutu zutenek. Zaila omen zen garai hartan Primi Erostarberi irabaztea irrintziak botatzen. 1970, 1971 eta 1972 urteetan berak irabazi zuen Irrintzi Txapelketa.

Irrintzietan sartzen zituen letrek ere ematen zuten zeresana. “Lizunkeriak” abesten omen zituen, eta garaiko morala zirikatzen abila zen. «‘Zalea nintzen’, ‘eroa izan naiz beti’ eta horrelakoak esaten zituen Primik. Garaiko morala zirikatzea maite zuen; bi gauza esanda, plaza nola aztoratzen zen ikustea. Txanpon gehigarri batzuk irabazteko modua ere bazen. Bertso lizun batzuk kantatuta, diru gehiago ematen zieten. Baina Primik bazuen grazia edo txispa bat, zera bihurri hori», esan du Ugartek.

Beti gizonezkoen artean

1972an, Usurbilen, omenaldia egin zieten Sakabiri eta Egañazpiri. Modu sinbolikoan, ulertzen da egun horretan jarri zela Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen lehen harria. Bada argazki garrantzitsu bat, egun horretakoa. Trikitilari talde zabala ageri da eta, tartean, bi emakume: 65 urteko Primi Erostarbe eta 14 urteko Mailu Sudupe. Geroztik urterokoa bihurtu zen trikitilarien hitzordua –herri desberdinetan elkartzen ziren– eta beti agertzen da argazkietan Primi gizonezkoen artean. Inguru horretan egin zuen bere musikari ibilbidea.
«Berari egindako elkarrizketetan askotan galdetzen diote horri buruz. Ondo moldatzen da orokorrean, nahiz eta gertaera deserosoren bat ere kontatzen zuen. Baina berak ez dio garrantzirik eman nahi emakume bakarra izate horri. Bera bat gehiago da plazan, jarrera horrekin ateratzen da plazara eta hortik erantzuten die galdera horiei. Nik uste dut ez duela nahi emakume rola eta egokitu zaion tokia muga bat izatea. Zergatik dago bera beste inor ez dagoenean? Ez da galdera erraza erantzuteko. Segur aski, faktore askoren uztarketa izan zen; bere talentua eta bere jarrera tartean. Berak ez zeukan atzera egiteko asmorik. Bere jarrera ‘beti aurrera’ izan zen», iritzi dio Ugartek.

Itziar Ugartek berak liburuan jasotzen duenez, «ez dira asko izango 1970eko urteetan panderoak Europara eraman zituen trikitilariak». Primi Erostarbe salbuespena da; Suitza, Alemania, Frantzia eta Austriako kaleak zeharkatu zituen panderoa astinduz.

Donostiako Goizaldi dantza taldearekin hogei urte eman zituen eta euskal dantzak irauli zituen Argia taldearekin ere aritu zen aurrerago. Eta hori ere datu garrantzitsua da: euskal kultura modernizatzen ziharduen mugimendu abangoardista hartako zutabea zen Argia. Ez zuten edonor biltzen ingurura eta zer eta Primi Erostarberi deitu zioten, bere talentuaren erakusgarri.

«Argia taldearen inguruan ibili zirenek Primiren benetakotasuna nabarmentzen dute, modu ez kontserbadore batean. Gerra aurreko herri musikariek dakarten esentzia hori bere presentzia hutsarekin. Ez daude ezer inpostatzen. Bere panderoa jotzeko modu hori, inork erakutsi ez diona, oso estimatua da pizkunde garai horretan. Bere adinarekin, bere gorputzarekin, bere keinu guztiekin dakar benetakotasuna Primik. Esanguratsua da jardun handieneko urte horietan dagoeneko bazuela adin bat», nabarmendu du Ugartek.

Primi Erostarbe Etxebarria 1982an erretiratu zen plazatik, 75 urte zituela. Gaurdaino iritsi da bere bizitzaren oihartzuna Euskal Herriko Trikitixa Elkarteari esker. Eta kasik suma daiteke bere panderoaren taupada eta bere irrintziaren jolasa.