Donostiako surf elkarteak 25 urte beteko ditu bestelako balore batzuk zabaltzen
Groseko Indarra Surf Elkarteak mende laurdena beteko du aurten, eta urteurrena ospatzeko, zenbait ekimen antolatuko ditu. Aurrenekoa, ekainaren 22an egingo den Surfatloia, taularekin egiten den arrauna eta korrika batuko dituen proba. Betiere, kirolaren bidez balore jakin batzuk hauspotuko ditu.

Groseko Indarra Surf Elkarteak 25 urte betetzen ditu aurten, eta urteurren borobil hori ospatzeko, zenbait ekimen antolatuko ditu datozen hilabeteetan. Lehena ekainaren 22an ospatuko den Surfatloia izango da, eta horren berri emateko, NAIZ Irratiko Zebrabidea saioan izan da berriki Eneko Aizpurua elkarteko kidea. Bere esanetan, antolatuko dituzten ekimenak ezin dira ulertu Groseko Indarrak bere sorreratik dituen baloreak kontuan izan gabe.
«Groseko Indarra Groseko hondartzan kokatuta dagoen surf elkarte bat da. Surf eskola ere badaukagu. Esango nuke ez garela edozein surf elkarte. Arima bizia dugun elkartea gara, gure herrian eta gure gizartean txertatuta dagoena eta txertatuta jarraitu nahi duena. Eta egunerokoan, gure alorretik, gure esperientziatik, ekarpena egiteko borondate horrekin bultzatzen dugu surfa», azaldu du Aizpuruak.
Alde horretatik, jende askok Groseko Indarra surf ikastaroengatik ezagutuko duen arren, surf-eskolatik harago doan jardun aberatsa duen elkartea da. «Surf elkarte bat garenez, guk badaukagu ‘abantaila’ hori. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat gara, eta horregatik, aspektu komertziala ez da gure lehentasun nagusia. Saiatzen gara gure surf elkartea ez mugatzen kirolera soilik; gizarteak dituen erronka horietan gure hondar-ale txikia jartzen saiatzen gara. Guretzat garrantzitsuak diren baloreak bultzatu nahi ditugu. Euskararen aldeko jarrera, parekidetasuna, inklusioa... Gure amalurra zaindu eta errespetatuko duen eredu baten alde egiten dugu, euskal izaera eta kultura bultzatu eta babestuz. Ahal dugun heinean, eta gure eremutik, gure txokotik, jarrera horiek bultzatzen saiatzen gara», gehitu du Aizpuruak.
LOKALA ETA TABERNA
Elkarteak bere egunerokoan duen jardun bizi horren erdigunea Zurriolako hondartzan kokatuta dauden lokalak eta tabernak osatzen dute. Donostiar askorentzat -eta baita inguruko herrietatik hurbiltzen diren askorentzat ere- biltoki berezia da, surflariak izan edo ez. Balio jakin batzuen inguruan sortzen den giroa oso estimatua da hirian, baina Eneko Aizpuruak gogoratu duenez, instalazioen kontzesioa iaz iraungi zen.
«25 urte daramatzagu Groseko hondartzan kokatuta, Sagueseko txoko horretan, eta beste 25 urte pasa nahiko genituzke. Guk kudeatzen ditugun lokalak ez dira gureak, Udalarenak dira. 2014an akordio bat sinatu zen Udalarekin eta lagapen bat egin zen hamar urterako. Akordio hori iaz iraungi zen, eta oraingoz lagapen hori berritzeko prozesuaren zain gaude. Gure mezua argia da. 25 urte daramatzagu hor eta beste 25 urte gutxienez eman nahiko genituzke bertan. Surfa praktikatu nahi duten pertsona guztiei instalazio eta egitura txukunak eskainiz, baina baita lehen aipatutako balore horiek transmitituz ere», adierazi du Aizpuruak, egoitzak eta kokalekuak surf elkarteak egiten duen lanerako duen garrantzia eskertu eta nabarmenduz.
Kontzesio hori luzatzeko arazorik egongo ote den galdetuta, Eneko Aizpuruak argi utzi du ez dutela Udalarekin arazorik izan aurreko hamar urte pasa horietan, baina normala den bezala, prozesu publiko bat egotea espero duela.
«Udalarekin ez dugu inoiz arazorik izan. Kontrakoa. Urte hauetan guztietan kudeaketa txukuna egin dugu, ez dugu inoiz arazorik izan. Ikusi beharko da lagapen prozesu hori nola egin nahi duen Udalak. Instalazio publiko bat den heinean, prozesu bat martxan jarri beharko da, eta beste arlo guztietan bezala, hor ere gardentasuna eskatzen dugu. Eta Udalak egiten dituen eskaerak ezagututakoan saiatuko gara balantza gure aldera ekartzen», aurreratu zuen elkarteko kideak.
Bitartean, Groseko Indarrak bere lanarekin jarraituko du. Surf ikastaroen garai potenteena, adibidez, oraintxe hasiko da, udarekin bat eginez, eta nahi duenak izango du aukera haien jarduna ezagutzeko.
Surfatloia, goiz eder bat pasatzeko plana
«Urtero hainbat ekimen antolatzen ditugu, bai uztailean, eta, azken urteotan, baita urrian ere. Uztailean gure elkartearen eguna ospatzen dugu, Groseko jaietan. Eta urrian surf txapelketa bat ere antolatzen dugu. Aurten, 25 urte betetzen ditugula-eta, zerbait berezia egin nahi genuen. Zerbait parte-hartzailea eta gure aldarrikapenak zabaltzeko balioko duena. Surfatloia horretara dator. Itsasoarekin lotutako ekimen bat, kirol proba itxura hartuko duena, baina izaera herrikoia eta aldarrikatzailea izango duena», azaldu du Aizpuruak ekainaren 22rako antolatu duten probari buruz.
«Itsasoarekin lotutako diziplina bat lurreko batekin uztartuko dugu: surfeko taularekin egiten den arrauna eta korrika. Proposatzen duguna da gure klubetik portura edo espigoira arraunean joatea eta, bertan lehorreratutakoan, taulak utzi eta klubera korrika itzultzea. Bi ibilbide egongo dira: motza, Groseko hondartzan hasi eta amaituko dena, eta luzea, Groseko hondartzatik porturaino arraun egitea eskatuko duena. Modalitate eta maila desberdinak izango dira. Modalitateei dagokienez, hiru daude: itsasoko ibilbidea Stand-Up Paddle-ean egin nahi dutenena, taulan etzanda arraun egin nahi dutenena 8 oin baino gehiagoko taularekin, eta etzanda 8 oin baino gutxiagoko taularekin egingo dutenena. Mailei dagokienez, gizonezkoena eta emakumezkoena banatu ditugu».
Kirol proba ikusgarria izango da, zalantzarik gabe, baina lehen unetik argi izan dute ahalik eta parte-hartze zabalena izateko erraztasunak jarri nahi zituztela. «Bi ibilbide proposatzen ditugu, kutsu herrikoia kontuan hartuta, ahalik eta jende gehienari parte hartzeko aukera eman nahi diogulako. Ekimena prestatzen hasi ginenean pentsatu genuen Grosetik porturainoko ibilbidea arraunean egitea agian luzeegia izan zitekeela pertsona batzuentzat. Horregatik jarri dugu ibilbide motza: elkartetik espigoira. Ibilbide luzeak hiru bat kilometro ditu arraunean, eta beste hiru korrika, sei bat guztira. Eta motzak bat eta bat izango ditu, gutxi gorabehera, bi guztira».
Ibilbide luzeena egiteko 16 urte baino gehiago eduki behar dira, eta motzean ez da adin mugarik izango. Gainera, amaieran jan-edana izango da parte-hartzaile diren guztientzat. «Kirol proba 09.00etan hasi eta 12.00etan amaituko dugu, amaieran gure klub inguruan sari banaketa egingo da, eta horren ostean jan-edana eskainiko dugu. Kutsu herrikoi edo aldarrikatzailea duen ekimen batean, ezinbestekoa ikusten genuen aukera hori eskaintzea, parte-hartzaile eta antolatzaile guztiak lasai egon ahal izateko mokadutxo baten aitzakian».
Gonbita, beraz, egina dago nahi duenarentzat, parte hartzeko ez baita puntako surflaria izan behar. «Izena eman nahi duenarentzat, modurik errazena gure web orrian sartzea da. Atal berezi bat dugu Surfatloiarentzat eta bertan esteka bat dago izena eman ahal izateko».