Danele Sarriugarte: «Queer homofoboaren arma bat da, bere kontra erabiltzeko»

"Eraldaketarako teoriak zorrozten" jardunaldian Danele Sarriugarte queer edo kuir mugimenduaz aritu zen. Kuirrak «molestatu» egin behar duela aldarrikatzeaz batera, «beste borrokekin aliantzak egitea» jo zuen erronka nagusitzat.

Danele Sarriugarte aurkezpenean,  Alba Garmendia moderatzailea eta Mijo Lizarzaburu solaskidea alboan dituela.
Danele Sarriugarte aurkezpenean, Alba Garmendia moderatzailea eta Mijo Lizarzaburu solaskidea alboan dituela. (Jon URBE | FOKU)

Teoriak eraberritu behar ditugu, praktika berriak asmatu... espazio eraldatzaileetan zenbat aldiz aipatzen ote dira ideia horiek! Bada, “Eraldaketarako teoriak zorrozten: Pentsamenduaren bidez praktikak berritzen” izenburupean, horretarako jardunaldia antolatu zuten berriki UEU, Badalab (Hizkuntza Berrikuntza Laborategia) eta TEKS (Teknologia libreak eta Ekonomia sozial eraldatzailea) elkarteak. Uztailaren 13an izan zen, Errenteriako Torrekua eraikinean (edo «saunan», txantxetan esan zuten bezala), eta hizlariez gain, askotariko 30 lagun inguru -ikerlariak, aktibistak, sortzaileak...- elkartu ziren.

Joxe Azurmendi hil berria gogoan -minutuko burrunba egin zen haren omenez-, haren esaldia kokatu zuten plazaren erdigunean: «Mundua eginez egiten dugu gure burua». Eta hizlariak zein parte-hartzaileak halaxe ibili ziren, munduko teorien arabera gure buru eta gorputzak birpentsatuz, eta alderantziz, gure buru eta praxien baitan mundua berreginez.

Hizlari horietako bat Danele Sarriugarte (Elgoibar, 1989) idazle, itzultzaile eta kazetaria izan zen. Mugimendu queer edo kuirra ardatz hartuta, horren genealogia egin eta orain eta hemengo erronka zehatzak landu zituen.

ZER DA QUEER?

Azken boladan askotan aipatzen da ‘queer’ kontzeptua. Batzuek iseka bezala erabiltzen dute -ditxosozko woke eta postmoderno kontzeptuei lotuta, gehienetan-; beste batzuek, aldiz, gutxiespen sistematiko horren aurkako palanka modura.

Zer da, ordea? Orube baten bila, Amaia Alvarezek “Genero ariketak” liburuan egin zuen definiziora jo zuen Sarriugartek: «‘Queer’ hitzaren jatorrizko esanahia ‘arraroa’ da, eta ingelesez gay eta lesbianak iraintzeko termino bat zen. Hala ere, 1990eko hamarkadan AEBetan sexualki normatiboa ez zen guztia izendatzeko hartu zuten termino hori eta esanahi berriz hornitu; modu horretan, lehendik zuen konnotazio negatiboa positibo bihurtuz eta hitz horrez birjabetuz. Hortik sortu zen queer teoria, kultura edo mugimendua deritzona, heteronormatibitatea salatzeko espazio politiko bat, identitate transgresoreen aldeko ekimena». Hau da, jatorritik gaur arte, irain bat eta eta horri buelta emateko ahalegina biltzen dira ‘queer’ kontzeptuaren baitan.

Teoria eta praktika multzo hori funtsezko hipotesi batean oinarritzen da: «Identitate sexuala, genero identitatea eta joera sexuala eraikuntza sozialak dira; beraz, generoa nahiz sexua historikoak eta aldagarriak dira, eraikitakoak, asmatutakoak».

KALEAN ETA UNIBERTSITATEAN

Jakina denez, eraikuntza hori gorputz zehatzetan hezurmamitzen da. Sarriugartek azaldu zuenez, hain zuzen, horrek eragindako hersturen aurka piztu zen queer mugimendua: «Kalean sortutako mugimendu bat, akademian eta unibertsitateko korridoreetan ere ibilbide oso luzea izan duena». Horren froga gisa, militante queerrek egindako borroka ugari aipatu zituen. Aurrekari moduan, ezinbestean, 1969an Stonewallen lehertutako matxinada nabarmendu zuen, «sexu askapenaren mugarri historikotzat» hartzen baita. Itzultzailearen esanetan, «pertsona batzuk beraien aurkako etengabeko sarekada, jazarpen eta biolentziarekin oso nekatuta zeuden, men egiteari uko egin zioten, eta poliziaren jazarpenari aurre egin zioten».

Queer mugimendua, baina, ez zen jarraian sortu. 1990eko hamarkadan AEBetan sortu zen, zehazki, eta tarteko bi hamarraldi horietan hainbat krisialdi izan ziren: «Hiesaren krisia, feminismo heterozentratu, zuri eta kolonialaren krisia, gay kultura sortu berria sistema kapitalistak berera ekarri izanak eragindako krisialdi kulturala...». Alegia, «gay mugimenduak joera asimilatzaile handia hartu zuen, eta neoliberalismoaren indartze momentu oso sendoa ere izan zen», Sarriugarteren hitzetan. Ondorioz, «matxinada bat izatetik dolar arrosaren eremura izatera pasatu zen».

Hortik abiatuta, queer mugimenduaren sorrera ez zen joera horren segida bat izan, baizik eta horren aurkako matxinada: «Batetik, normalizazio eta asimilazio nahi horren kritika dago, ‘queer’ hitzak arazoak ekartzen baititu. Horren bidez, amorrua ere adierazten da, ‘gay’-k ingelesez ‘pozik, alai’ esan nahi baitu. Eta horren aurrean esaten da: ‘Zure lagunak hiltzen eta kalean jipoiak ematen ari zaizkizunean, ez zaude pozik, haserre baizik’. Beraz, ‘queer’ erabiltzea modu bat da esateko ez dugula zertan atseginak eta xarmagarriak izan mundu heteroan bizitza diskretu eta marjinalizatu bat izateko. Bestalde, queer-ak ez dauka gizonaren osagai hori. Azkenik, ‘queer’ erabiltzen da gogoratzeko etsai handiago bat daukagula, gure diferentziak momentu batez albo batera uzteko, eta gure etsaiari aurre egiteko. Homofoboaren arma bat da, bere kontra erabiltzeko», Sarriugarteren esanetan.

Ahalegin horretan, unibertsitatean eta teorian ere garapena sekulakoa izan da: Simone de Beauvoirren aurrekaria, Monique Wittig, Judith Butler... Sarriugarteren ustez, «Euskal Herriko mugimenduan eta teorizazioan ere egon da eragin bat. AEBetatik dator, eta badakigu zein den indar korrelazioa, baina bazegoen Euskal Herriko mugimendu bat horretaz beste kontzeptu batzuekin pentsatzen ari zena». Esplizituki, baita kontzeptu horiekin ere. Sarriugartek, besteak beste, Medeak mugimendua, “Desira desordenatuak” lan kolektiboa eta Txalaparta argitaletxeak egindako «apustua» (“Transfeminismos”, “Porno terrorismo”, “Sexual Herria”...) aipatu zituen.

ORAIN ETA HEMEN

Gaur egunera etorrita, Sarriugarterentzat «iraina geuretzeak» oso presente egon behar du: «Kuirra bollera da, asteriskoa da, okerra da...». Euskal Herriko hainbat talde zerrendatuz -Kuir Eztanda, Oreretako Kuirdinadora, Gazte Feministak, Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauk, Gernika-Luma...-, kuirrak «molestatu» egin behar duela aldarrikatu zuen. Busturialdeko zirto bat bota zuen adibide bezala, publikoaren algara artean: «‘gay’ ingelesez ‘pozik’ da eta euskaraz ‘gai’ izatea bezala ahoskatzen da. Bada, bollera, marika, bi edo dena delakoa direnei ‘kapazak’ deitzen diete eta heteroei, ‘inkapazak’».

Elgoibartarrak «erronka eta arrisku batzuk» ere plazaratu zituen. Bere ustez, «beste borrokekin aliantzak nola egin da erronka nagusia», queer gisa kokatzeak zuritasunetik ez zaituela salbuesten gogoraraziz. Bestalde, turistifikazioaren inguruko arriskuez ohartarazi zuen: «Askatasuna ez da kontsumitzen, borrokatu egiten da» baieztatu zuen, Donostiako Koordinadora Transmarikabollo Feministaren esanetara joaz.

Eta euskara?, galdetu zuen Sarriugartek berak. Bere iritziz, «talde horiek euskaraz egiten dute beraien jarduna, euskaraz daude pentsatuta ‘Bekaturos’, ‘Okerra’, ‘Lumak zorroztu’... Baina ez lirateke, agian, euskaltzale bezala definituko, nahiz eta hori gertatzen den modu intersekzional batean». Aurrerago, honela sakondu zuen: «Esan nahi dut euskaltzaletasuna ez dagoela tematizatuta. Esaterako, ekainaren 28ko irakurketetan Hernaniko erasoen edo turistifikazioaren inguruko irakurketak agertu ziren bezala, agian, euskararena ez dela denetan agertzen, nahiz eta gero ekintza eta erabaki batzuetan hori presente dagoen. Adibidez, talde horietan inori ez litzaioke okurrituko komunikatu bat gazteleraz bakarrik irakurtzea. Edo inork ez du esango ‘aquí, en España’».

Hizkuntzaren garrantzia nabarmendu nahian, Maria Reimondezen aipu bat ekarri zuen: «Hizkuntzaren aldagaia txertatu ezean, munduko emakumeen gehiengoa kanpoan uzten dugu, eta hesi bat sortzen dugu: hizkuntza hegemonikoa ezagutzen baduzu, sar zaitezke, eta, bestela, zuri gertatzen zaizuna ez zaio inori interesatzen, bitartekariren bat agertu ezean». Beraz, Sarriugarterentzat, «hizkuntzaren ardatza sartu behar da, baina erronka da nola sartuko dugun».

Hori pentsatzeko, Mari Luz Estebanen “Teoria maketoa” olerkia irakurri ostean, honako gogoeta hau pausatu zuen: «Ni etorri zirenetako batzuen alaba naiz, eta hemen nago zuekin euskaraz hizketan. Nire aita ez zen etorri, bere aita eta aita eta aita elizate berean bizi izan ziren, baina euskararekiko grina piztu didana ez da bereziki nire aita izan. Beste batzuen kasuan hala izango da. Euskararekiko kezkak oso zilegi dira -badago beldur bat, eta nik ere badut-, baina iruditzen zait arriskutsua dela nondik heltzen zaien». Bere irudiko, binarismo eta unibertsalismo abstraktuen aurrean, era «kokatuan» heldu behar zaio auzi horri ere.

 

 

 

MARI LUZ ESTEBAN, “TEORIA MAKETOA”:

«nago / euskalduntasunaren teoria maketo baten / premian bagarela / teoria maketoa / kanporako eta barrurako kolonialismoaren aztarnak / agerian uzteko / teoria maketoa / iragana, orainaldia eta etorkizuna / batera jotzeko / teoria maketoa / gure artean diren desberdintasunak eta desberdinkeriak / ez ahazteko / teoria maketoa / euskal jakintzaren iruditeriak, kanonak / ezegonkortzeko / teoria maketoa / ahoskera, doinu, azentu (omen) desegokiei / harrera ona egiteko / teoria maketoa / euskaldun perfekturik ez dela ez inoiz ez inon izango / berresteko / teoria maketoa / bizi garen lurraren maizterrak baino ez garela / adierazteko / teoria maketoa / gizaki zaurgarri eta elkarren menpeko gisara, ezezagunarekin elkartzera, ezezaguna (ere) defendatzen jarraitzera / kondenaturik gaudela ohartzeko / teoria maketoa / gure kanpo eta barne mugek seinalatzen dituzten / lotsak zauriak grinak desirak hautematen asmatzeko / teoria maketoa / etorri ginelako gara / etorriko direlako izango gara»