Ia zoriz. Honela aurkitu dute Aarhus hiritik gertu, Danimarkan, bikingoen garaiko ehorzketa gune oparo bat. Bertan 30 hilobi topatu dituzte, duela 11 mendekoak, Harald Bluetooth erregearen garaikoak.
Eraikuntza lanetan zeuden langile batzuek, lurrak mugitzean, perlak, txanponak, zeramika eta urre haria gordetzen zuen kutxa bat aurkitu zituzten.
«Harrigarria da etortzea, eta etengabe aurkikuntza berriak egitea. Hilobiko ondasunak oso aldakorrak dira, oso desberdinak. Batzuetan laban bat besterik ez dugu aurkitzen, beste batzuetan, gauza garrantzitsuagoak. Jendeak, funtsean, berarentzat garrantzitsua zena eramaten zuen hilobira, beste mundura eraman nahi zuelako», azaldu du Mads Ravn, Moesgaard Museoko Tokiko Ondarearen Saileko Buruak.
Aztarna horiek kontutan izanik, adituek uste dute 1980ko hamarkadan handik gertu aurkitu zuten beste ehorzketa gune bateko noble familiarekin lotura duela.
Kutxa berezia
Hilobietako bat emakume garrantzitsu batena dela uste dute ikerlariek, dekoraziozko objektuz beteriko kutxa bat eta artaziak zituelako.
Kutxa hori benetan berezia da, munduan gutxi batzuk besterik topatu izan direlako.
«Kutxa hau oso ondo kontserbatuta dago. Osorik atera genuen. Hautsita dago, noski, baina zati guztiak hor daude. Zerbait gordetzen du barruan. Eta hilobian, beste nonbait, giltza bat dago», kontatu du Helle Strehle, Moesgaard Museoko kontserbadoreak.
Aztarnategiko lanak aste honetan amaituko dituzte, eta gero aurkikuntzak aztertzeari ekingo diote.
Strehleren arabera, «X izpiek asko esaten digute materialaren egoerari buruz eta baita materialaren beraren izaerari buruz ere; brontzea, burdina, zilarra, anbarra, beira den».
Hildakoen hortz eta hezur batzuk ere aurkitu dituzte gunean. Egurrez egindako objektuek ehorzketa gunearen data zehatza ezagutzen lagunduko die.