
Gazela beltza ezizenez ezaguna, atletismoan interesa duten AEBko kirolari eta gazte beltzen eredu nagusietako bat da Wilma Rudolph. 1940ko ekainaren 23an jaio zen, gaur 85 urte, Saint Bethlehem-en, Tennesseen. Garaia baino lehen jaio zen eta haurtzaroan osasun arazoak izan zituen: pneumonia bikoitza lau urterekin, eta sei urterekin poliomielitisaren erasoa, hanka bat zenbait urtez geldiarazi ziona. Lau urterekin elbarri gelditu zen, eta ezin izan zuen zortzi urtera arte berriro oinez ibili.
Hori gutxi ez eta familia pobrekoa eta beltza izateagatik jasan behar izan zuen diskriminazioari ere aurre egin behar izan zien.
Baina sendatu egin zen, eta zailtasunak gainditu zituen. Bigarren Hezkuntzako ikasle zenerako, saskibaloiko jokalari bikaina zen, bere bizkortasunarengatik nabarmentzen zena. Tokiko eta estatuko probak irabazi zituen, eta 16 urte besterik ez zituela, kanporaketetara iritsi zen 1956ko Melbourneko Olinpiar Jokoetan sailkatzeko. Talde olinpikoan postua lortu zuen, emakumezkoen 200 metro lauetan bigarren egin zuelako.
Rudolphek 75 eta 100 yardako txapelketa nazional juniorra irabazi zuen 1957an. 1958an ama izan zen, eta 1960ko Joko Olinpikoetan hiru urrezko domina irabazten lehena izan zen. Urrea eskuratu zuen 100 eta 200 metrokoko lasterketetan eta 4x100 metroko erreleboetan, bere taldearekin.
1961ean, Moskun, 100 metro lauetako munduko errekorra 11,3ko denborarekin berdindu zuen, eta Stuttgarten hautsi zuen egun batzuk geroago, 11,2ko denborarekin, munduko emakumerik azkarrena bihurtuz.
Rudolphek azaldu zuenez, atletismoko lasterketaren gailurrean zegoela erretiratu zen, 22 urterekin. Kirola sustatu zuen horretarako baliabide gutxien zuten gazteen artean eta beltzen eskubideak defendatu zituen. 1994an zendu zen, 54 urte baino ez zituela, eritasun baten ondorioz.