Bortzirietara migratu duten pertsonen euskararekiko jarrerak aztertu dituzte
Jon Martin Etxebeste, Paula Laita Pallares eta Ane Osua Cabida Pello Apezetxea bekaren irabazleek Bortzirietako hizkuntza eta kultura aniztasuna ikertu dute. Migratu duten herritarren euskararekiko pertzepzioak, jarrerak eta beharrak behatu dituzte.

Bortzirietako hizkuntza aniztasuna: migratzaileen euskararekiko pertzepzioak eta jarrerak” ikerketa plazaratu dute. Pello Apezetxea Zubiri ikerketa beka irabazi duen lana da, Paula Laita Pallares, Jon Martin Etxebeste eta Ane Osua Cabidak sinatua. Hizkuntzarekiko harremanak hobetzeko eta eskualdeko dinamika soziolinguistikoa hobeki ulertzeko helburua du.
Palmako “Ideoling” kongresuan aurkeztu ondotik, eskualdeari itzuli dizkiote emaitzak, Berako Beralandeta aretoan egindako ekitaldian.
Migratu duten pertsonak Nafarroako biztanleriaren %16 badira, Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantzaren kasuan aunitzez baxuagoa da kopurua: %9,2. «2004tik 2021era bost puntu baino ez da hazi, nahiz eta jendearen inpresioa esajeratuagoa izan ohi den datuak baino», azaldu du Martinek. Etorri diren pertsona horietako gehienak (%61) Beran bizi dira: 483 lagun.
Jatorriari dagokionez, %49,3 Ameriketatik etorri dira (nagusiki Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikatik), %44,9 Europatik, %4,6 Afrikatik eta %1,2 Asiatik. Europarren artean %55 gizonak dira; amerikarren artean, %60 emakumeak.
Bortziriak euskararen arnasgune dira. Beran, %67k ezagutzen dute euskara, baina bertze %13 hartzaileak dira; hortaz, %80k ulertzen dute, guztira. «Horrek esan nahi du eguneroko elkarrizketa gehienak euskaraz izan daitezkeela», baloratu du Martinek.
Hezkuntza izaten da migratzen duten familiek hartu behar izaten duten erabakietako bat. A eta B ereduak eskaintzen dituzten bi zentro daude, Jesusen Bihotza Ikastetxea eta Toki Ona Institutua, biak Beran. Hor pilatzen dira migratu dutenen seme-alaba gehienak, bereziki kristautasuna eransten zaion ikastetxean. Ikasleen %40 izatera iristen dira.
GALDETEGIA ETA EZTABAIDA TALDEAK
Metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa erabili dute proiektuan. Errumania, Honduras, Nikaragua, Argentina... jatorri aunitzetako 400 herritarrek parte hartu dute galdetegian, ikasleek (10-18 urtekoek) eta helduek. Horrez gain, 11 eztabaida talde osatu dituzte eta, horietan, 45 lagunek egin dute ekarpena, 22 ikaslek eta 23 helduk.
Bai galdetegietan bai eztabaida taldeetan euskaraz edo gaztelaniaz adierazteko aukera izan dute. «Guretzat hori garrantzitsua zen filtro bezala, hor jada emaitza ikusten zen», adierazi du Laitak. «Batzuek bazekiten euskara pixka bat, baina haiek eroso sentitzeari eman genion lehentasuna».
Bera, Lesaka, Arantza eta Etxalarko zazpi eskola eta euskaltegi bat izan dira partaide. Ikastetxeen bidez iritsi dira helduengana eta ikasleengana. Igantziko eskola ez da batu, migratu duen familia bakarra duelako.
«EUSKARA HAGITZ ZAILA DA»
Lehenengo emaitzetako bat da «euskara hagitz zaila» dela. Hori uste du euskaraz ez dakien jendeak, baina Bortzirietan jaiotakoek ere hori erraten dute beraien hizkuntzari buruz. Bitxia egin zaie ikerlariei zenbateraino dagoen ideia hori barneratua. Bertzetik, hizkuntza nortasunaren zati garrantzitsu bat dela baieztatu dute denek. Zer solas egiten dugun eta nor garen hagitz lotuta daude.
Ez dute ahozko eta idatzizko gaitasuna neurtu. Horren ordez partaideei galdetu diete zer maila duten. Logikoki, euskaraz erantzun dutenek maila altua dutela erran dute. Gaztelaniaz parte hartu dutenek, ordea, baxua. Gaztelaniari buruz galdera bera eginda, eskualdean sortutakoek maila apalagoa aitortu diote euskarari baino. Gehienek ahoz idatziz baino hobeki moldatzen direla uste dute.
Ikerketan parte hartu duten pertsonen gehiengo zabalak hagitz ongi baloratzen du ikastetxeek euskalduntzeko egiten duten lana. Etorkizunera begira, ikasleek euskara maila ona izanen dutela iruditzen zaie. Erabilerari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu ikasgelan %37k egiten dutela euskaraz. Jolas garaian, ordea, %22ra jaisten da. Ikasleen erdiak gelan gaztelaniaz solas egiten duela erraten du eta patioan %78ra igotzen da kopurua.
Youtuben eta Tik Token gaztelaniaz ibiltzen dira nagusiki, baita euskaraz erantzun dutenak ere. «Euskarazko tiktokerrak behar ditugu», hortaz. Musikaren kontsumoan, aldiz, euskara da nagusi. Honako irakurketa hau egin dute: «Industria indartsu bat dagoen arloetan jendeak euskaraz kontsumitzen du. Gaztelaniazko hiztunen artean ere euskarazko musikak arrakasta koskorra du. Gauzak ondo egiten direnean emaitzetan islatzen da».
«EUSKARA MAITE DUT»
Denek maite dute euskara. Bortzirietan bizi diren migratzaileen haurrek ere bai. %35 erabat ados dago eta %20 ados. Gero banaketa bat dago, %15ekoa, euskararekiko maitasun hori garatu edo aitortu ez duena.
Bortzirietan jaio zirenek %71ko erabateko adostasuna agertu dute. Ez dira adostasun handiena duten pertsonak. Bortzirietatik kanpo baina Euskal Herritik hona etorri ziren pertsonek gehiago maite dutela erantzun dute.
Espainiar Estatutik etorritako familien artean %16k bertzerik ez du euskararekiko erabateko maitasuna adierazi. Latinoamerikatik etorritakoen artean, aldiz, erdiak erraten du euskara maite duela. Martinek uste du aurreiritziak ikusteko hagitz egokia dela datu hori.
Etorri berriak direnetan mesfidantza handien duen taldea da espainiarrena. Baina belaunaldi batetik bertzera, jatorri espainiarra duten gurasoetatik hemen jaio diren haien seme-alabetara, zeharo aldatzen dira baieztapenak. Azken horiek euskararekiko maitasuna aitortzen dute.
Irakurketa bera egin dezakegu lehen hizkuntza kontuan hartuta. Euskara ama hizkuntza dutenen artean, %78k maitasun handia erakusten diote eta erdiek, berriz, euskara geroago ikasi dutenen artean. Horien artean atxikimendu txikia erakutsi dute %15,4k eta lehen hizkuntza euskara dutenetan, %1,4k. Emakumeek euskararekiko jarrera hobexeagoa dute gizonezkoek baino, Euskal Herri mailan gertatzen den gisan.
«GUSTATZEN ZAIT EUSKARAZ EGITEA»
Galdetegia gaztelaniaz erantzun duten pertsonei erreparatuko diegu orain. «Gustatzen zait euskaraz egin diezadaten» izan da galderetako bat. %28 erabat ados dago eta %12 ados. «Segur aski euskaldunok uste duguna baino jende gehiagori gustatzen zaio euskaraz egitea», ondorioztatu dute.
Ifrentzua ere ikusiko dugu. «Euskarazko hiztunek egokitu egin beharko lukete erosoago nagoen hizkuntza batera». %34 erabat ados dago baieztapen horrekin. «Badirudi jendea eroso senti daitekeela berari euskaraz hitz eginda, zerbait ulertzen badu, behintzat. Baina gauza garrantzitsua bada edo elkarrizketa luzea bada nahiago du hiztuna bera erosoago dagoen hizkuntzara pasatzea», azaldu du Laitak.
Eztabaida taldeetan horrelakoak entzun dituzte. «Ez naiz integratuta sentitzen ez badut dena ulertzen». «Hasieran ez zait inporta euskaraz egiten badidate, baina gero, taldean hobeto sentitzeko nahiago dut hizkuntza aldatzea». Batzuetan hala erraten zuten: «Ulertzen dut nik egin behar dudala ikasteko ahalegina. Baina hobeto sentitzen naiz gaztelaniaz hitz egiten badute».
MOTIBAZIOA
Guztiek ikasi nahi dute euskaraz. Badute motibazioa, garrantzitsua dela ohartzen dira. «Hemen jaioa izan nahi nuke euskara gehiago jakiteko». «Bertakoek badakite eta nik ez, kanpotarra naizelako». Batzuetan muga bezala ikusten dute euskara. «Euskara ikasi nahi dut erraten dutena ulertu nahi dudalako». «Ez dut hitz egiten baina ulertzen dut, jada integratuago sentitzen naiz». Balio instrumentalak hartzen du garrantzia. Haientzat euskaraz jakitea inportantea da integratuta sentitzeko eta lan hobea aurkitzeko.
Batzuek behar morala aipatzen dute: «Badakit nire ardura dela euskara ikastea». Komunikatzeko, sozializatzeko eta eguneroko bizitza egiteko euskara jakitea komeni dela ikusten dute. Eta badakite gaitasun kognitiboa hobetzeko edozein hizkuntza ikastea garrantzitsua dela.
Balio psikologikoari dagokionez, euskaltegian dabiltzan guraso batzuek umeak D ereduan dituzte eta hala erraten dute: «Ez dakit asko, baina hobeki sentitzen naiz etxerako lanetan lagun dezakedalako».
ERRONKAK
Dirua ez da euskara ikasteko arazo nagusia beraientzat, kasu gehienetan bazekitelako akordio batzuk daudela haiek euskaltegira joateko. Bertze faktore batzuk aipatzen dituzte, logistikarekin lotutakoak. «Bi lanetan nabil eta ez daukat denborarik. Ez daukat kotxerik. Arantzan bizi naiz eta euskaltegia Lesakan dago».
Beharrari buruzko iritzi desberdinak jaso dituzte. Adibidez, haien lehen hizkuntza gaztelania bada, ez dute euskara behar. Bizitokiaren arabera aldatzen da. Arantzan, erraterako, beharrezkoa dela diote. Baina Beran ez.
Batzuek aipatzen dute ez dutela sustraitzerik. «Ez dakit hemen geldituko naizen, agian mugitu egingo naiz. Hortaz, ez dut euskara ikasteko motibaziorik». Bertze batzuek, ordea, gelditu nahi dute eta garrantzitsua da haientzat euskara.
Bortziriak euskaraz bizi den eskualdea da, populazioaren gehiengoak euskara du lehen hizkuntza eta euskaraz aritzen direnek gaitasun ona dute. Baina gaztelaniaz mintzo direnek zailtasunak dituzte euskara menderatzeko. Euskararekiko maitasuna handia da. Gaztelaniarekiko lotura emozionala bezala.
Euskara Bortzirien identitatearen zati garrantzitsua da eta, oro har, euskararekiko jarrera baikorra da, nahiz eta migratzaileen integrazio linguistikoan zenbait erronka egon.
PROPOSAMENAK
Partaideen hitzetan oinarrituta, proposamen batzuk ekarri dituzte ikerlariek: lehena, bi hizkuntzetan egindako elkarrizketak bultzatzea. Pixka bat ikasiz gero, belarriprest izatea posible ikusten dute. Bertzetik, euskara erabiltzeko aukera gehiago sortzea ikastetxez kanpoko jardueretan eta komunitatean. Ekitaldi eta jarduera horiek inklusiboak izan behar dute, denak ongi etorriak eta babestuak senti daitezen.
«Estrategia pertsonalizatuak diseinatu daitezkeela ikusi dugu guk, sarri beharrak oso pertsonalak dira eta. Herri txikiak dira eta egoera bakoitzean behar bat agertzen da. Izan daiteke garraioa, izan daiteke denbora. Izan daiteke harrerako momentu horietan zer behar duten ikustea».
Mentoretza programak lagungarri izan daitezke. Horietan bertakoak arduratzen dira harrera prozesuan dagoen norbait hartzeaz eta herrian integratzen laguntzeaz. Material eta baliabide berriak garatzea da bertze lan ildo bat, ele bitan ere eskaintza zabalduz.
Ama batek aipatu zuen etorri zenean haur txiki bat zuela eta A ereduan matrikulatzea erabaki zuela errazteko. Baina gero, bigarren eta hirugarren seme-alabekin konturatu zen D ereduan matrikulatzeak aukera gehiago ematen zizkiela. Hala dio: «Hasieran ez zidaten erran. Nire maitasun osoarekin egin nuen bere eskolako martxa ez atzeratzeko». Horregatik, Udalaren, ikastetxeen eta euskaltegiaren arteko koordinazioa hobetzea funtsezkoa da, bereziki harrera egiteko unean informazio osoa emateko.