Asier Aiestaran
Kazetaria
Elkarrizketa
PETTI
MUSIKARIA

«Bizitzen ari garen garai hauek kristoren ‘mala ostia’ sortzen didate»

«Petti & Etxeko Uzta, XX ta bortz urte zuzenean» diskoa kaleratu du Berako musikariak, estudioko bere lehen lana argitaratu eta 25 urtera. Aitzakia ederra bere ibilbideari errepaso bat egiteko.

Petti, Donostian egin zen diskoaren aurkezpen ekitaldian.
Petti, Donostian egin zen diskoaren aurkezpen ekitaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Granada aldera joanda harrapatu dugu Petti (Bera, 1973), Gabon bezperatan Emilia depresioak bete-betean harrapatuta, Andaluziakoa baino Euskal Herrikoa dirudien eguraldia lagun. Ez zaio asko axola, ordea, lan berri bat prestatzen ari dela aurreratu baitigu. Hala ere, etorkizunean iritsiko denari erreparatu aurretik, kaleratu berri duen “Petti & Etxeko Uzta, XX ta bortz urte zuzenean” diskoaz hitz egin nahi izan dugu musikari nafarrarekin. Zuzeneko bat da, bere ibilbideko abesti rockeroenak biltzen dituena, eta aitzakia ederra bere ibilbidea errepasatu eta musikaz orokorrean solasaldi bat izateko. Beti bezain argi hitz egin digu, hasierako grina eta motibazioa galdu gabe, baina adinak ematen duen lasaitasun puntu horrekin.

Zuzeneko disko bat izanda ez dakit «aurkezpen» hitza erabili daitekeen, baina bira honetako lehen kontzertua Gasteizen eman zenuten abenduaren 10ean. Zer moduz joan zen?

Arraro samarra izan zen, bandako kideak ez zirelako izan zehazki diskoa grabatu zuten berdinak. Bateriak, adibidez, beste konpromiso bat zeukan eta ezin izan zuen Gasteizen jo. Badakizu, hauek mila saltsatan sartuta daude eta Mattin Arbelaitz etorri zen azkenean gurekin Igorren [Telletxea] ordez. Horregatik laukote moduan aritu ginen. Diskoa boskote batek grabatu genuen, gitarrarekin Raul Caballero gehituz, eta ahotsetan Estitxu eta Jokin Pinatxoren laguntza ere izan genuen. Beraz, Gasteizkoa beroketa moduko bat izan zen; ez zen betiko taldea edo formazioa izan. Hurrengo emanaldia Hernanin dugu urtarrilaren 16an eta hor betiko taldea bilduko gara. Baina, bueno, Gasteizkoa ere ongi atera zen. Unibertsitateko campusean izan zen, azterketa garaia ere bada eta pentsatzen genuen agian ez zela jende gehiegi etorriko, baina jende pixka bat bildu zen. Gazteak ez gehiegi, baina gure adineko jendea etorri zen eta, egia esateko, oso gustura egon ginen. Denbora ere mugatua geneukan, ordu eta hamar minutu inguru utzi ziguten jotzen, eta diskoko ahalik eta abesti gehien sartzen saiatu ginen. Aurrenekoa izateko aski gustura geratu ginen eta uste dut jendea ere oso pozik atera zela.

Etxeko Uzta bandarekin arituko zara berriz ere. Zer diote beraiek? Zail egiten da denak biltzea, agendak sinkronizatzea eta abar?

Bai, kostatzen da. Orain arte nahiko ongi ibili gara, baina oraintxe bertan Joseba Irazoki eta Igor Telletxea, batez ere, oso lanpetuta dabiltza. Joseba oraintxe hasiko da Nacho Vegasen disko berria aurkezten, adibidez. Badakizu, hauek Euskal Herrian bakarrik ez, Espainian eta Espainiatik kanpo ere ibiltzen dira, eta nahiko zaila izaten da agendak koadratzea. Baina, bueno, batarekin edo bestearekin saiatuko gara moldatzen. Ruben ere hor dago gitarrarekin. Iñigo [Telletxea] ere hor dabil Anjerekin [Duhalde], Errobirekin, MICErekin... Denok gabiltza saltsa askotan sartuta. Zaila da dena koadratzea, baina batek ezin duenean beste batek hartuko du bere lekua eta horrela moldatu beharko dugu.

Aurkezpen ekitaldian aipatu zenuenez hasierako asmoa estudioan zerbait berria grabatzea omen zen, baina munduaren egoerak beste zerbait eskatzen omen zizun...

Bai, hori da. Berez akustiko bat egin behar nuen. Bueno, une honetan disko berri bat prestatzen ari naiz, eta disko lasaiagoa da, ez hitzetan baizik eta musika aldetik. Baina egia da bizitzen ari garen garai hauek kristoren ‘mala ostia’ sortzen didatela. Ezinegona, inpotentzia... Eta horren aurka egin ahal dudan gauza bakarra, edo bakarrenetako bat behintzat, zarata pixka bat sartzea da. Ideia hori izan zen batez ere. Eta gero, egia da ere adinean aurrera goazela eta kantu hauek kantatzea ez dela lasaiagoak kantatzea bezain erraza. Hori ere kontuan hartu behar dugu. Baina bai, ikusita nola daukagun mundu guztia, bai Palestina, bai Ameriketako Estatu Batuak, bai klima... Egunero bizi ditugun egoera horiek guztiek sekulako ezinegona sortzen didate, eta nik egin ahal dudan gauzetako bat horixe da: garrasi apur bat egin. Horregatik, orain arte egin ditudan kanta kañeroenak bildu ditut disko honetan.

Zuzeneko batean 25 urteren errepaso hau egin duzue, balantzea egiteko kopuru borobila da. Zer ikusten duzu begirada atzera botatzen duzunean? Zer oroitzapen dituzu hasiera haietatik?

Ba hasierako urte haietako abestiak berriz esku artean hartzen ditudanean konturatzen naiz egunerokotasunik ez dutela galdu. Ikusten dut gauza batzuk ez direla horrenbeste aldatu. Lehen disko haietatik sartu ditudan kantuen artean, adibidez, badago bat “Nazkatuta” izena duena, beste bat “Eroriko naiz”... Eta nik nazkatuta jarraitzen dut, duela 25 urte bezala. Urte asko pasa dira, baina nik berdintsu jarraitzen dut alde horretatik [barreak]. Ez dut uste zaharrak direlako kantuek zentzua galdu dutenik. Iruditzen zait nahiko ongi daudela. Egia da ere kantu elektrikoenak eta potenteenak aukeratu ditudala, eta horiek dira hitzen aldetik ere gutxien aldatu direnak. Bai denbora aldetik eta bai esanahi aldetik. Nahiz eta garaiak aldatu, uste dut kantuak oso ongi datozela garai berri hauetarako ere.

(Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Horrek esan nahi du, batetik, oraindik badagoela zeri kantatu, eta, bestetik, duela 25 urte kantatzera eramaten zintuen sua oraindik ere zure barrenean dagoela.

Zalantzarik gabe, ez dago besterik. Musika alde batetik bada tresna bat ongi pasatzeko, baina bestetik baita zuk esan nahi duzuna esateko ere. Eta kexatzeko. Eta probokatzeko, gehienbat. Zeren ez badugu guk probokatzen, zaila da hemen norbait entzutea gauzak esaten. Gu gara hori egin behar dugunak. Badira gai batzuk aldatu direnak, baina konturatzen zara gure herrian gertatzen ziren gauza batzuk orain beste herri batzuetan gertatzen direla, eta horiek ikusita ‘mala ostia’ bera hartzen dugu. Hori da gehienbat aldatu dena, baina funtsean duela 25 urte esaten ziren gauzak eta gaur egun esaten direnak berdin-berdinak izan daitezke lasai ederrean.

Ia hamabost lanez osatutako diskografia ederra eraiki duzu urte hauetan, kolaborazio ugari egin dituzu beste artista askorekin, formatu desberdinetan ikusi zaitugu... Ibilbide oparoa izan duzu alde horretatik. Batzuetan intimoago, besteetan rockeroago, zure estiloan beti, baina gauza berriak probatzea gustatu izan zaizu, ezta?

Azkenean denetik egin behar da, bestela jai daukagu. Baina bai, niri gustatzen zait hori. Azken finean, beste musikariekin asko ikasten dudalako. Karlos Jimenez eta antzeko pianistekin aritzea, musika klasikoa jotzea, orkestra batekin jotzea, orain Ana Galarragarekin egiten ari garen “Frankenstein agurgarria” errezital musikatuak, Balerdi Balerdi taldearekin ere gitarra jotzen dut... Lan desberdinak dira. Saiatzen naiz ahal dudan guztia egiten, baina beti kriterio bat duena. Saltsa ederretan ere sartu izan naiz, e! Batzuetan ezetz esaten jakin behar da eta nik askotan ez dut jakiten. Baina, esaten den bezala, eginez ikasten da eta egindako kolaborazio horietatik guztietatik, bakoitzetik zerbait hartzen duzu, pixka bat ikasten duzu, eta hori zure onerako da. Gero zuk egiten duzun horretarako ere balio du. Onuragarria da, horretan zalantzarik ez.

Rock-and-rollari buruzko gogoeta bat ere egin duzu. Esatea ere apur bat deserosoa egiten zaigu, baina gazteak galdu ote dituen...

Badira talde gazteak ere, noski, baina batez ere diot nik kontzertuetan ikusten dudana. Ni oroitzen naiz lehen, Txitxarro garaian, sekulako taldeak etortzen ziren, sekulako kontzertuak ikusten genituen, eta jende gazte pila bat mugitzen ginen, ni orduan gaztea nintzelako [barreak]. Orain ere badira talde gazte potenteak, jakina, Ezezez eta beste hainbat, nik pila bat maite ditudanak, baina egia esan kontzertuetan gero eta jende gazte gutxiago ikusten dut. Agian da ni joaten naizen kontzertuak talde zaharrenak izaten direla eta gaur egungo gazteek talde horiek ez dituztela ezagutzen, edo ez dituztela maite. Azkenean dena aldatzen da: bizitza, musika... Eta horrelakoetan nire aitarekin oroitzen naiz, niri musikaz hitz egiten zidanean, esanez «hori burrunba da, ez da musika». Eta orain niri gauza bera gertatzen zait reggaetonarekin eta beste musika batzuekin. Normala izango da, baina penagarria ere bai. Niri pena ematen dit benetan gazte gehiago ez ikustea rock-and-roll kontzertuetan.

Aje hedatu samarra izango da agian: esango nuke modan jarri diren makrokontzertuetan ere guraso eta haur gehiago ikusten direla 18 urteko gazteak baino. Zure ikuspegitik zuzenekoena nola dago? Aretoak aurkitzea, zuzenekoak programatzea... asko kostatzen al da?

Ni, egia esan, ezin naiz kexatu. Kontzertuak ematen ditut, bai bakarka eta bai taldearekin. Baina egia da zirkuitua izorratuta dagoela, gaizki dagoela. Eta aipatu dituzun makrokontzertu horiek ez dute batere laguntzen horretan. Denetik egongo da, baina iruditzen zait jende asko kontzertu horietara joaten dela igandea pasatzera Carrefourrera joaten den bezala. Horrek min handia egin du, nire ustez. Era berean, areto gero eta gutxiago daude, tabernetan gero eta zailago dago jotzea, bai bizilagunengatik, bai intsonorizazioagatik, bai udalen legeengatik. Lehen Donostia batean, Bilbo batean edo Gasteiz batean aukera askoz gehiago zeuden gaur egun baino, eta horrek ere zirkuitu hori txikitzen du. Horrek denak egiten du kontzertuak antolatzeko orduan talde ezagunenak izatea aukera, baina herrian edo bigarren maila batean gabiltzanontzat zailagoa izatea kontzertuak lortzea. Lehen zegoen zirkuitu hori erdira jaitsi baldin bada, zaila da leku berrietan kontzertuak emateko aukera izatea. Gaztetxeak, adibidez. Arrasatekoa, Alegiakoa... gutxi gehiago daude benetan kontzertu zirkuitu bat eramaten dutenak. Hori guztia nahastuta egoera zaildu egiten da. Baina, esan bezala, ni ez naiz kexatuko, orain artean nahiko ongi ibiltzeko aukera izan dudalako.

Momentuz, urtarrilaren 16an Hernanin izango zarete Biteri kultur etxean. Aurrera begira herri gehiagotan jotzea al da zuen asmoa?

Intentzioa bai, ikusiko dugu ea zer aukera dagoen. Diskoa ez dugu Spotifyn jarri eta hori asko nabaritzen da. Ematen du hor ez baldin bazaude desagertu egin zarela. Horrek eragiten du udalek eta programatzaileek ez jakitea disko berria egin duzunik ere. Baina zuei esker espero dugu jende pixka bat gehiagok jakitea disko berria hor dagoela eta jotzeko prest gaudela. Gu saiatuko gara, eta gero ikusiko dugu zer ateratzen den, beti bezala.