Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
Interview
LEILA GUERRIERO
IDAZLE ETA KAZETARIA

«Gaur egun, hedabideetan gehien kezkatzen nauena albiste faltsuak dira»

«La llamada» bere azken-aurreko idazlanarekin errekonozimendu handia jaso du Leila Guerrierok. Kazetaritza narratiboaren erakusle den idazle argentinarra GAUR8rekin mintzatu da.

(Argazkiak: Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Iaz argitaratu zuen “La llamada” bere azken-aurreko liburuarekin, Leila Guerriero idazle eta kazetari argentinarrak hainbat sari jaso ditu. Besteak beste, Txileko Diego Portales Unibertsitatearen Emakumeak eta Hedabideak Katedraren Saria jaso zuen; Estatu espainolean, Narratibako Zenda Saria, eta Argentinan 2024an argitaratutako liburu onena hautatu zuten. Euskal Herrian, BBK Gutun Zuria jaso zuen, Itxaro Bordarekin batera. Jaialdi horretan, “Begiratu eta kontatu: hurbilketa bat kazetaritza narratibora” ikastaroa eskaini zuen. Donostian, Diálogos de Cocina kongresuaren hamargarren edizioan, “Nork esan du beldurra?” hitzaldia eman zuen. GAUR8rekin solasean, “La llamada”ren arrakasta eta kazetaritza narratiboaren erronkei aztertu ditu.

Argentinan diktadura garaian haurdun zegoela bahitu eta ESMAn torturatu zuten Silvia Labayruren profil sakona egin duzu. Montoneroak talde armatuko kidea zen, eta aske utzi zutenean salataritzat hartu zuten. Estatu espainolean babesa hartuta, iheslari askoren arbuioa jaso zuen. Zergatik konektatu du hainbeste istorio horrek irakurlearekin?

Norbaitek zergatia jakingo balu, liburu txundigarri bat egiteko formula izango luke. “La llamada” lanean nahiko modu gordinean berrikusten da begirada ezohikoa duen iragan bat. Elkarrizketatutako pertsonek ozen esaten dituzte elkarri esan ez zizkioten edo ahapeka aipatu zituzten gauzak. Gauza horiek mugimendu armatuetan parte hartu zuten batzuek egindako autokritikarekin zerikusia dute. Silviaren kontakizunak barrualdeko alderdi intimo eta indartsu bat ukitzen du. Hemen ere diktadura bat, biolentzia eta aipatu ez ziren gauzak bizi izan dituzue. Alde horretatik etor daiteke liburuak izandako harrera ona. Ez dugu ahaztu behar Silviari ESMAn bahituta zegoela gertatu zitzaion guztia ere; pairatu zituen bortxaketak eta “adostasuna”ren kontzeptua. Ez baitute esanahi bera orain dugun kontzeptuak eta duela urte batzuk zuenak.

Nola bizi du Silvia Labayruk liburuaren harrera on hori?

Argitaratu zenez geroztik ez dugu astebete ere igaro elkarrekin hitz egin gabe. Irakurri zuenean, bi orduko elkarrizketa polita izan genuen, bera Madrildik eta ni oraindik Buenos Airesen. Oso errespetatua eta ordezkatua sentitu zela esan zidan; txundituta utzi zuen berarekin izandako elkarrizketa guztietatik kanpo egin nuen lanak. Egia esan, nik neuk ezta berak ere ez genuen uste hainbesteko oihartzuna izango zuenik. Ez nuen pentsatzen salduenen zerrendan sartuko zenik edo urteko liburua aukeratuko zutenik. Eta Silviak, are gutxiago. Sareen bidez mezu pila jaso du, hala nola erakunde batzuen elkarrizketa-eskaerak, hura ezagutu nahi zuen politikari batena, berarekin hitz egiteko kafe bat hartu nahi zuen batena... Lagunek liburua irakurtzeak lurrikara txiki bat eragin zuen, ez txarrerako, baina liburuaren bidez ez zekizkiten gauza batzuen berri izan zuten.

“La Llamada” idazteko Labayruren lagunekin, bikotekide ohiekin, seme-alabekin, aitarekin, militantzia-kideekin... hitz egin zenuen. Nolakoa izan zen elkarrizketatuak hautatzeko prozesua?

Liburuaren barne-logika zuzenean ezagutu zuten pertsonekin bakarrik hitz egitea izan zen; nire ideia beti izan zen ezeren berri ez zuen edozein pertsona kanpoan uztea. Ez nuen iritzi-emailerik nahi.

Prestakuntzari dagokionez, pertsonaia publiko bat elkarrizketatzera zoazenean, eskuragarri dagoen informazio kopurua askoz handiagoa da bizitza publikoa ez duen pertsona bat elkarrizketatzera zoazenean baino. Eta, hor, elkarrizketan zehar ateratzen diren datuekin, jakin-minarekin eta entzuteko gaitasunarekin jolastu behar duzu. Beste pertsonaren kontakizunarekin oso adi egon behar duzu, haren bizitzan garrantzitsuak izan ziren pertsonak agertuko baitira; nik beti galdera asko egiten ditut bizitzako etapa guztiei buruz; batez ere, liburu bat idazten ari naizenean.

Gutun Zuria jaialdian ez-fikziozko lan bat saritu zuten. Balorazio unerik onenean dagoela uste duzu?

Ez dakit ez-fikzioa unerik onenean dagoen. Hori esateko irakurketa luzea egin beharko litzateke, baina uste dut ez dela inola ere unerik okerrena. Duela urte gutxi batzuk, ez zegoen kazetaritza narratiboaren generoaren pean idatzitako ez-fikzioari eskainitako hainbeste argitalpen-zigilurik. Ez-fikzioa saiakera, filosofia, psikoanalisia ere bada. Baina, kazetaritza narratiboa ez zen indar handiz iristen argitaletxeetara, eta uste dut orain heltzen ari dela. Argitaletxeek kazetaritza narratiboa egiten dugun egileekiko interesa dute. Iruditzen zait oso eremu emankorra dagoela, eta editoreek ikusi dutela mundu bat dagoela genero horretan.

Latinoamerikako eta, bereziki, Argentinako idazleen “boom” bat dago?

Ez dakit “boom” hori existitzen den, baina ikusten dut, hala ere, interes berezia dagoela. Dena den, geure buruari galdetu beharko genioke, “boom” bat dagoela esaten dugunean, horrek guztiari etiketa jarri beharrari erantzuten dion ala ez. Argentinan oso literatura ona egiten ari da fikzioan eta ez-fikzioan. Interesgarria iruditzen zaidana da argitaletxeak konturatu direla emakumeak idazten ari direla, eta asko eta talentudunak direla. Lehen, gizon baten eskuizkribuaren eta emakume baten eskuizkribuaren artean, gizonezkoari ematen zitzaion lehentasuna; gaur egun, ordea, hori ez da inola ere gertatzen. Liburu azoketara bidaiatzen hasi nintzenean, mahai inguruetan emakume bakarra izan ohi nintzen. Hori orain ez da gertatzen. Pixkanaka kitatzen ari den zorra da.

(Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU)

Gutun Zuria jaialdian “Begiratu eta kontatu: hurbilketa bat kazetaritza narratibora” ikastaroa eskaini zenuen. Zer da kazetaritza narratiboa?

Oso zaila da hitz gutxitan laburbiltzea, ikasturte oso bat pasa baitezakezu horri buruzko eskolak ematen. Nire ustez, gakoa kazetaritza zer den ulertzea da. Ikustea, ikertzea, behatzea eta galdetzea dira kazetaritza narratiboaren osagaiak. Ez dago asmakizunik. Halako testu on batek ez du asmatutako eszenarik edo kazetariari bakarrik komeni zaiolako hark sortutako pertsonaiarik. Ekintzatik haratago doan hizkuntzaren erabilera ere eskatzen du, bestalde. Horretarako, kazetariak irakurle handiak izan behar dira, hortik baitatoz idazteko grina eta baliabide narratiboak. Autoedizio-gaitasun handia ere eskatzen du, norberaren testua beste batena balitz bezala irakurtzea. Kazetaria ez den norbaiti esan beharko banio zertan datzan kazetaritza narratiboa, esango nioke dokumental bat bezalakoa dela, baina idatzia.

Adimen artifizialaren aro honetan, zer erronka ditu kazetaritza narratiboak?

Kazetaritzaren munduan eragina nabarmena da; batez ere, eguneroko albisteei dagokienez. Tamalgarria da. Adimen artifizialaren erabilerak mugikorraren bidez argazkiak bidaltzeko gai izateagatik mundu guztia kazetaria izan zitekeela esaten zen garaia gogorarazten dit. Denek egin badezakete guk egiten duguna, zertarako gaude kazetariok? Orain askok besoak zabalik hartu dute adimen artifiziala. Noraino irits daiteke? Ez dakit, horrek gainditu egiten nau. Baina uste dut adimen artifizialak ezin duela kazetaritza narratiboko testu bat sortu kazetari on batek egin dezakeenaren mailan. Ezagutzen dut, migratzaileei buruzko liburu bat idazteko, bi urtez kontinentez kontinente ibilitako jendea. Oraingoz, adimen artifizialak ez du behaketa-lan hori guztia egiteko modurik.

Zer diagnostiko egiten duzu egungo kazetaritzaz?

Egun, hedabideetan gehien kezkatzen nauena, adimen artifizial eta gogogabeko lanetik haratago, albiste faltsuak eta desinformazioa dira. Hori tamalgarria iruditzen zait, hedabideek berek sortu dituztelako, zer egiten ari ziren jakinda. Lotsagarria da, irakurleak erakartzeko, titular deigarri batekin engainatzen saiatzea ere; izenburuari buruzko informazioa aurkitzeko azken-aurreko paragraforaino iritsi beharra eta, hori egiten duzunean, titularrarekin zerikusirik ez duela konturatzea Irakurleak pentsatzeko gaitasunik ez duten pertsonak balira bezala tratatzen dituzte. Baina, noski, klik egiten dute. Fake news delakoak oso arriskutsuak dira demokrazia osasuntsu batean bizi ahal izateko. Ez nekizkien eta fidagarriak ziren gauzak kontatzen zituzten komunikabideak irakurriz hezi nintzen. Orain askok X, Tik-Tok edo Instagramen ikusten dituzte, baina ez dago pedagogiarik.