GAUR8

Gaur ehun urte jaio zen Patrice Lumumba, Kongoko lehen gobernuburu antiinperialista

Gaurko egunez jaio zen, duela 100 urte, Patrice Lumumba, Kongoko Republika Demokratikoaren lehendabiziko Lehen Ministroa. Herrialdeko lehen gobernuburu antiinperialista izateagatik da ezaguna.

Patrice Lumumba.
Patrice Lumumba. (WIKIMEDIA COMMONS)

Patrice Lumumba duela 100 urte jaio zen, hots, orduan Kongo Belgikarra zenean, 1925eko uztailaren 2an. Gerora, Kongoko lehen gobernuburu antiinperialista izateagatik egin zen ezagun.

Tetela etniako François Tolengaren eta Juliana Amaturen semea zen eta misionero katolikoen eskolan egin zituen lehenbiziko ikasketak, gero eskola protestantean jarraituz. 19 urte zituenean Stanleyvillera joan zen bizitzera eta posta bulego batean lan egiten zuen bitartean, bere kabuz ikasten jarraitu zuen. 1950etik aurrera Belgikako eta Kongoko zenbait egunkaritan hasi zen idazten eta urtebete geroago ezkondu zen Pauline Pangorekin.

1954an ‘Association des évolués de Stanleyville’ elkarteko presidente hautatu zuten eta 1958ko urrian Kongoko Mugimendu Nazionaleko presidente bilakatu zen. Hainbatetan atxilotu zuten, besteak beste, 1959ko urriaren 31n egindako mitinaren ostean.

Herritarren mobilizazioek agintariak Lumumba askatzera eta harekin zuzenean negoziatzera bultzatu zituen eta, ezustean, Belgikak Kongoren independentzia onartu zuen. 1960ko ekainaren 30ean gauzatu zen independentzia, egun batzuk lehenago Lumumbaren alderdiak hauteskundeak irabazi ostean.

Horrela, bera bilakatu zen Kongo independienteko lehendabiziko Lehen Ministroa. Hala ere, irailean Joseph Kasa-Vubu presidenteak Lumumba eta gainerako ministro nazionalistak kargugabetu zituen eta, abenduan, Mobutuk estatu kolpea jo zuen, CIAren eta belgikarren babesaz, Gerra Hotz betean, SESBk Lumumba babestu baitzuen.

Ihes egin zuen, baina harrapatu eta 1961eko urtarrilaren 17an exekutatu zituzten Lumumba eta haren alderdiko hainbat buruzagi, besteak beste, agente belgikarrak eta estatubatuarrak lekuko zirela. 35 urte zituela hil zen.