Munduko Txapelketa jomugan, ohiko lanetik lehiarako jauzia irudikatu dugu
Euskal Herriko selekzioak lehen aldiz hartuko du parte ardi moztaileen Munduko Txapelketan. Hitzordua 2026ko martxoan izango da, Zeelanda Berrian, eta estreinaldia ahalik eta ondoen prestatzeko, ekinean ari da Euskal Ardi Moztaileen Elkartea.
Ilarduiako La Leze gaztandegian jarri dugu hitzordua, Araban, Altzania mendilerroaren babesean. Ardi moztaile bizkaitarrez osatutako zortzikoteak 8.00ak aldera ekin dio lan mardulari: 500 bat ardiri ilea moztu behar diete.
Alferrikako denbora galerarik egon ez dadin, planifikazioa oso garrantzitsua da: ardiak multzoka sailkatu eta txandak egoki antolatu, ilea moztutako ardiak azkar kanporatu eta hurrengo multzoa moztaileengana berehala gerturatzeko.
Lehiaketan guraizez ere mozten duten arren, eguneroko lanean ia beti makinaz jarduten dute. Hala ari dira oraingo honetan ere. Lau moztaile bakoitza bere makinarekin jo eta ke, ia burua altxa gabe, eta bakoitzak laguntzaile bat, ardiak eskura jarri eta amaitutakoan azkar kentzeko. Talde lana ikusgarria egin zaigu.
Ia bi ordu eta erdiz aritu dira, hamaiketakoa egiteko geldialdia iritsi den arte. Izerdi patsetan, eta aitzurra behar bezala txukundu eta gorde ondoren, Ipar Arrinda Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko kideak minutu batzuk hartu ditu gurekin hitz batzuk egin eta beren lanari buruzko azalpenak emateko.
OSO LAN DESBERDINAK
Arrindak aipatu digunez, moztaile lana modu oso desberdinean hartzen duten pertsonak biltzen ditu elkarteak. «Badaude erabat lan honetara dedikatzen direnak, badaude batzuk beste lan mota batzuk egiten dituztenak baina noizean behin ardiei ilea mozten jarduten dutenak, beste batzuk lehen ardi moztaileak izandakoak dira, eta orain noizbehinka lan hori egiten dutenak... Denetik dago elkartean. Gutxi gorabehera 30-40 pertsona gabiltza elkartearen bueltan».
Eta egin behar izaten dituzten lanak ere oso anitzak izan ohi dira, Euskal Herriaren luze-zabalean ditugun ustiategi mota horren desberdinengatik eta lurralde bakoitzean dauden ohiturengatik. «Era oso desberdinetako jarduna izaten da aldi bakoitzean. Euskal Herrian mota oso desberdineko artzainak daudelako. Ez da berdina Araba, Nafarroa edo Ipar Euskal Herria. Ipar Euskal Herrian, adibidez, artzainak beren artean gehiago elkartzen dira ardi mozketak egiteko. Egun batean baten etxean biltzen dira, hurrengoan bestearen etxean... Artalde handiak daude, artalde txikiak ere bai... Artalde handiak tokatzen direnean taldetxo bat biltzen gara lanerako, baina artalde txikiak direnean bakoitzak bere aldetik ere egiten du lana, edo binaka. Denetik apur bat, dio Arrindak.
EGUNEROKOTIK LEHIAKETARA
Eta zer puntutaraino balio du eguneroko lanak lehiaketarako entrenamendu moduan? Elkartean argi dute jardun batek bestea elikatzen duela, txapelketetarako prestakuntzak ere eguneroko lanean hobekuntzak sartzea dakarrelako.
«Guk ikusi izan duguna da lehiaketan ongi ibiltzen dena gero ardi moztaile oso ona izaten dela egunerokoan ere. Teknika garatzen dute, prestakuntza hobetzen dute... Eta hori ikusita, guk ere apurka-apurka hobetzen joan nahi genuen. Britainiar Irletako herrialdeetan, adibidez (Gales, Irlanda, Eskozia...), oso maila altuko moztaileak dituztela ikusten genuen txapelketetan, eta horrek bideratu gintuen formakuntzak egitera, hango moztaileak ekartzera Euskal Herrira guri erakustera. Teknika hobetzeko, gutxiago nekatuz ardi gehiagori ilea mozteko, hobeto lan egin ahal izateko... Horrek eramaten zaitu mundu honetan gehiago sartzera. Kasu honetan ez da erraza lehiaketa mundua eta lan mundua banantzea».
Hala ere, lehiaketa bat martxan jartzen denean gertatu ohi denez, hobetzeko asmo horrek eraman ditu zenbait moztaile txapelketak oso serio prestatzera. «Mundu mailan badaude lehiaketan sartuta dauden moztaileak, errekorrak egiten-eta ibiltzen direnak, entrenatu egiten dute, nutrizionistak dituzte... Edo materiala. Ikusten dituzuen orrazi eta aitzur horiek nola prestatu, nola zorroztu... Mundu oso zabala da, asko daukagu ikasteko eta saltseatzen jarraitu behar dugu», onartu du Ipar Arrinda bizkaitarrak.
IKASTE PROZESUAN, NAZIOARTERA
Munduko Txapelketa 2026ko martxoaren 4tik 7ra jokatuko da Zeelanda Berriko Masterton hirian. Eta txapelketa hori jomugan, Euskal Herriko Txapelketa ospatuko dute irailaren 27an Abadiñon. Egun osoko egitarau oparoa antolatu dute, atzerriko ardi moztaileak ere etorriko dira, eta lehen aldiz Euskal Herriko txapeldunak izendatuko dira ofizialki.
Baina hitzordu hori behar bezala prestatzeko, aurtengo udan txapelketa egutegi bat ere atondu dute elkarteko kideek, tartean nazioartera irteera batzuk ere bai: La Merle (Frantzia, apirilak 5), Boussac (Frantzia, uztailak 12-13), Martel (Frantzia, uztailak 19), Corwen Shears (Gales, uztailak 25-26), Speed Shear (Zugarramurdi, abuztuak 16) eta Artzain Eguna (Uharte Arakil, abuztuak 31).
«Selekzioan sartzeko bi aukera daude, maila bakoitzetik bi moztaile joango direlako Munduko Txapelketara. Alde batetik, Euskal Herriko Txapelketa irabazten duenak txartel zuzena eskuratuko du, eta bigarrena aukeratzeko zirkuitu bat egitea pentsatu genuen, egun bakarrera jokatuta egun txar bat tokatu zitekeelako eta beste aukera bat ematearren. Proba batzuk jarri genituen eta puntuak banatzen joango gara. Zirkuitu horretako txapeldunak ere aukera izango du Euskal Herria ordezkatzeko Munduko Txapelketan. Bai artaziz eta bai makinaz. Eta gero, artile sailkalari modalitatea daukagu».
Udaberrian Frantzian izandako lehen esperientziaz galdetu diogu Arrindari, eta pozik itzuli zirela dio. «Hamabi bat lehiakide joan ginen hemendik, baina lagun batzuk ere etorri ziren. Ondo joan zen. Pentsatu behar duzu ardi guztiak ez direla berdinak. Bakoitzak bere ardi klasea dauka, eta kasu honetan merinoak ziren. Ardi horiek nola moztu ikasi behar izan genuen, eta lehiaketara moldatzen. Gu hemen latxa, sasi-ardi edo buru-beltz adardunak mozten ohituta gaude, baina kanpora ateratzen zarenean arrazak aldatu egiten dira eta moldatu egin behar duzu. Erabiltzen diren orraziak aldatzen dira, adibidez. Hori txapelketa bakoitzak zehazten du aurrez, baina gero zuk ikusi behar duzu ea nola dauden ardiak: gizenak dauden, argal samarrak, ilea irekita edo itxita, belarrialdea garbitu behar ote den, ‘galtzerdiak’ ote dauzkaten... Lehiaketa batetik bestera aldaketa handiak egoten dira», ohartarazi du moztaileak.
Azken batean, apurka lehiaketetako martxara ohitzen joatea da helburua. «Maila asko egoten dira. Hastapenekoak edo juniorrak, erdi mailakoak, seniorrak eta Open maila. Daukazun esperientzia edo mailaren arabera, batean edo bestean sartuko zara, eta moztu beharreko ardi kopurua ere horren araberakoa izaten da. Lehen kanporaketetan bi edo hiru ardi moztu behar izaten dira maila batzuetan, lau besteetan, eta Open mailan, adibidez, sei. Lehiaketan aurrera egin ahala, ardi gehiago sartzen joaten diral finalera iritsi arte. Eta gero, bi modalitate daude: makinaz edo guraizez. Guk lanean ia beti makina erabiltzen dugu, guraizez oso gutxitan jarduten gara. Baina ikusita mundu mailan oraindik guraizez aritzen direla, eta lehiaketa munduari begira, orain gutxi Euskal Herrian izan dugu Allan Oldfield munduko txapelduna, Zeelanda Berrikoa. Aitzurra nola zorroztu, nola mozten den... erakusten. Teknika ere aldatzen delako».
ARTILEA BALIOETSI NAHIAN
Euskal ardi moztaileek Zeelanda Berriko “Bowen” metodoa erabili ohi dute, artilea pieza bakar batean ateratzeko. Ardi bakoitzarekin 1-5 minutu artean behar izaten dituzte, ardiaren egoeraren arabera, baina irudika dezake irakurleak 500 ardiko artalde batean zenbat artile pilatzen den jardunaren amaieran. Garai batean aberastasun iturri zena, gaur egun arazo bilakatu da.
«Mundu mailan ikusten da artilearen balioa beherantz doala, nahiz eta oraindik beste herrialde batzuetan zerbait ordaintzen duten. Horrek lanketa bat eskatzen du eta hortik dator Munduko Txapelketan egiten den artilelari edo artile sailkatzaile lehiaketa hori. Mozten joan ahala artilea sailkatzen joan behar duzu, artile horren balioa gehitu nahian. Hemen, zoritxarrez, hondakin kontsiderazioa dauka gaur egun, eta ezin izan dugu hori aldatzeko gehiegi egin. Ez dakit borondate kontua den. Askotan artilea, lastoa... dena nahasten da. Artileak balio gehixeago izango balu, jendeak ere gehixeago zainduko luke, garbiago. Baina ikusita ezer ez dizutela emango...», dio penaturik Arrindak.
Ahaleginak egiten omen dira, baina ezinezkoa omen da artile guztiari irteera ematea. «Hemen, adibidez, uste dut azpigarriekin nahasten dutela, gero horrekin konposta egin eta soroetan zabaltzeko. Aportatzen omen du zerbait. Bestela logistika kontua da: hori dena pilatu, prentsatu, leku batera eraman... Gaur egun bilketa puntuak daude, eta bertan jasotzen dizute. Lekuaren arabera aldatzen da egoera: Bizkaian ez da ordaintzen, Araban uste dut ordaindu egin behar dela, Gipuzkoan ere ordaintzen da... Euskal Herrian badaude bestelako adibideak. Saran Iletegia dago, artilea lantzen dute, balioztatzen dute, koltxoiak egiteko, edredoiak... Eta Nafarroan ere Artal daukagu. Etxeko zapatilak egiten dituzte, feltroarekin lana egiten dute... Lanketa bat badago, baina guztiari irteera bat ematea ez dakit posible den».
«Beste gauza kurioso bat ikusi duguna da hasi direla artilea ongarri gisara pellet-etan saltzen. Diputazioetako arduradunekin komentatu genuen, eta saltzeko baimenik ez daukagula esan ziguten. Alemaniatik ekarri eta hemen saldu bai, baina guk hemen ekoitzi eta saldu ezin? Ez gara legeetan adituak, baina deigarria egiten zaigu. Mila gauza egin daitezke. Panelak, hilkutxak ere egiten direla entzun izan dugu... Baina gauza bat da zer egin daitekeen eta bestea da guztiari irteera bat ematea, edo ea hori errentagarria den».